Saiatu bai, lortu ez

Delteco Gipuzkoa Basketek 84-74 galdu du Manresan, eta jardunaldia hasi zuenean baino urrunago izan dezake salbazioa gaur

Julen Etxeberria.
2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Kolpea jaso zuen atzo Delteco Gipuzkoa Basketek Manresan (Herrialde Katalanak), 84-74 galduta. Hala, ez du urratsik egingo mailari eusteko lehian. Murtziak ere galdu egin zuen. Gaitz erdi. Hala ere, egitekotan, atzera egin dezake GBCk, gaur Breoganek Estudiantesen kantxan irabaziz gero. Hori gertatuz gero, Donostiako taldeak saioa hasi zuenean baino urrunago izango du salbazioa, bi garaipenera. Ez da alde erabakigarria, baina are gehiago zailduko du berez jada oso zaila den helburua.

Ez zen gaizki aritu atzo GBC. Ondo hasi zen, baina txakalaldia izan zuen bigarren laurdenean, eta garesti ordaindu zuen, Manresak 20-2ko partziala egin baitzion: 42-29. Hamabost puntura handitu zuten aldea etxekoek bigarren zatiaren hasieran (50-35). Alde handia zen, baina ia bigarren zati osoa falta zen. Balentria handiagoa egin zuen GBCk orain astebete, Estudiantesi 22 puntu iraulita. Eta suspertu, suspertu zen, eta lau puntura hurbildu: 54-50. Baina etxekoek hamar puntu sartu zituzten jarraian, eta ia erabakita utzi zuten lehia, azken laurdenaren faltan: 64-50. Oraingoan ez zen izan azken orduko susperraldi ikusgarririk.

Baskonia, irabazle (84-82)

Kirolbet Baskoniak ere atzo jokatu zuen, eta 84-82 irabazi zion Andorrari Buesa Arenan. Gasteiztarrak indartsu hasi ziren, baina lasaitu egin ziren, eta garesti ordaintzekotan izan ziren. Baina garaiz esnatu ziren. Baskoniak etzi jokatuko du Euroligako final-laurdenetako kanporaketako lehenbiziko partida, CSKA Moskuren pistan (19:00). Bi egun geroago jokatuko du bigarren neurketa, toki eta ordu berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.