Juanatxo Olinaga. Halloween ospatutakoa

«Gauza gutxi behar genituen jendea izutzeko»

ainara arratibel gascon
2015eko urriaren 31
00:00
Entzun
Gauza gutxi behar zuten Juanatxo Olinagak (Urnieta, Gipuzkoa, 1931) eta haren lagunek ondo pasatzeko. Gaurko gauez,zeresanik ez. Kuiak eta mozorroak hartu, eta jendea izutzen aritzen ziren. Zenbait kasutan ez zuten lortzen, baina beti zeuden brometarako prest. Halloweenek garai batean zuen xarma galdu duela uste du.

Kuiekin makina bat txantxa egindakoak zarete gaztetan...

Herriko neska talde bat bildu, eta bururatu zitzaigun egunero esnea banatzera etortzen zen gizona izutzea. Orduan ez zegoen errepidea gaur egun bezala, bidezidorrak ziren. Astoan etortzen zen gizona. Baserri batetik kuia bat lapurtu, zuloak egin eta kandela jarri genuen barruan. Hala, bidezidorreko albo batean utzi, eta gizona noiz etorriko zain geratu ginen, izutzen zen ikusteko.

Eta, izutu al zen?

Alderantziz. Astotik lasai-lasai jaitsi, kuia hartu eta etxera eraman zuen. Beraz, kuia eta kandela gabe geratu ginen [irribarrez]. Zorionez, sekula ez zuen jakin izan nortzuk izan ginen. Baina gu beti ginen prest broma gehiago egiteko, eta ondo pasatzeko.

Nondik hartzen zenituzten kuiak?

Edozein baratzetatik. Garai hartan, gaur egun baino askoz gehiago zeuden. Soroak beteta zeuden. Oso handiak izaten ziren, ez zuten gaur egungoekin zerikusirik.

Garai hartan, mozorrotzen al zineten gaurko egunez?

Urte osoan mozorrotzen ginen, egia esan. Gaurko egunez oso ondo pasatzen genuen. Nik askotan erabiltzen nituen zakuak mozorrotzeko. Baina erosi, ez genuen sekula egiten, ezta pentsatu ere. Elkarri beldurra ematen aritzen ginen. Ukuilu batean aritzen ginen, eta handik irteten ginen mozorrotuta.

Egungo jaiarekin zerikusi gutxi, beraz?

Gutxi, bai. Gauza gutxi behar genituen beldurra emateko eta broma txukun batzuk egiteko. Gaur egun, xarma galdu du festa horrek.

Eta, eskean ateratzen al zineten?

Ez, hori ez. Eskean ateratzeko ohitura handiagoa zen Santa Agedakoa. Horretan ere jende asko biltzen zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.