PROPOSAMENAK

Elorrio, auzoz auzo

Elorrioko hainbat auzotatik igarotzen da ibilbidea. Ingurune naturala ez ezik, ondare kulturala ere ezagutzeko aukera ematen du Naturbideak

San Andres baseliza eta Argiñetako nekropolia. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Nerea Lauzirika.
2021eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Durangaldean dago Elorrio (Bizkaia), Gipuzkoarekin eta Arabarekin mugan. Erdi Aroan sortu zuten, eta egun 8.000 biztanle inguru ditu. Auzo asko ditu herriak, eta ia denetatik igarotzen da Naturbideak ibilbide sarea. Natura, kultura eta paisaiak ezagutzeko aukera ematen dute txangoek.

Zenita, Mendraka, Leaniz etaBerriozabaleta auzoetatik pasatzen dena da naturbide horietako bat. 9,62 kilometrokoa da, eta Elorrioko hirigunean hasi eta bukatzen da. Bainuetxe zaharrerantz jo beharra dago lehenik. 1840an eraikia da, eta egun ikastetxe bat da, baina antzina Bizkaiko bainuetxerik jendetsuena izan zen.

Zenita auzorantz doan bidea hartu beharra dago gero. Inguru horretan badaude hainbat interesgune. Bekoerrota altxor etnografikoa da, antzina auzuneko baserriek erabiltzen zutena. Metal-ur iturria ere badago; izenak dioen bezala, metal kontzentrazio handia duen ura ematen duen iturria. Ur mota hori ugaria da Bizkaian. Zenitaolea ikuztegia ere badago auzoan.

Bideari jarraituz, San Adrian baselizarekin eta Argiñetako nekropoliarekin egingo du topo ibiltariak. Nekropoliak hainbat pieza ditu; hilobiak eta hilarriak bereizten dira. Piezetako batzuk Bizkaiko inskripzio kristau zaharrenak dituzten bi hilobi dira. VII. mendearen eta Goi Erdi Aroaren artean eraikia da.

Beste tarte luze batez ibili ondoren, Ulaortua baserrira heltzen da bidea, izen bereko familiaren armarria duena; eta gero, Mendraka auzora. Bertan daude auzoko ikuztegia, Elizalde upategia eta San Tomas baseliza. Mendraka atzean utzi eta Leaniz auzorantz jo beharra dago ondoren. Bidean, ikuspegi panoramikoa eskaintzen duten hainbat toki daude.

Iturbe baserriko armarria, Aldekoiturria, Leaniz okindegia eta San Lorenzo baseliza daude auzoan. Leaniz auzotik irten, eta beherantz egin beharra dago, BI-3321 errepidera heldu arte. Gero, gorantz egiten du bideak berriz, Berriozabaleta auzora heldu arte. Bertan daude iturria eta Santa Katalina eta San Plazido baseliza. Bi eraikuntzak 1.833 aldera eraikiak dira (Manuel Plazido de Berriozabalbeitia mezenasak bere auzuneari egindako opariak dira).

Dantzaleku gurutzerantz jarraitzen du bideak. Tarte luzea dago San Agustin auzora, baina bertan dago San Agustin Etxebarria eliza, Durangaldeko balio handieneko eliza monumentala.

Gero, Kurutzondoko gurutzearen aldamenetik igarotzen da bidea. 1590 aldera eraikitako gurutze soila da, eta, hortik hirigunerako bidea hartuta, berriz ere abiapuntura helduko da ibiltaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.