ERREAKZIOAK

2020ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Lander Bilbao Sola Langilea (Derio)

«Gure etorkizunaren alde egin behar da borroka, pentsioen alde, eta gure seme-alabei datorkienaren eta, orokorrean, bizitzaren alde, eta horregatik egin dut greba. Nire lantokian lan egiten dutenen %50 inguruk egin dute bat deialdiarekin, eta uste dut datu ona dela».

Malen Galarza Ikaslea (Larrabetzu)

«Ez nago ados gizarte honetan dauden baldintzegaz, eta uste dut denok atera beharko ginatekeela kalera aldarrikatzera, horrela bakarrik aldatu daitekeelako zer edo zer. Aldarrikapen asko batzen ditu greba orokor honek, gainera, eta ikasleen baldintzak eta feminismoa ere hartzen ditu kontuan».

Jose Antonio Ruiz Langilea (Balmaseda)

«Elkartasunak eraman nau greba egitera, ze agian niri geratuko zait pentsio erdi onargarri bat, baina badago bizitzeko justu-justua jasotzen duen jendea, eta ez dago horretarako eskubiderik. Eta etorkizuneko pentsiodunei etorriko zaienagatik ere erabaki dut deialdiarekin bat egitea».

Begoña Makazaga Pentsioduna (Bakio)

«Duela 45 urte geratu nintzen alargun, eta senarraren pentsio erdia jasotzen dut, nik kotizatutakoa gehituta, baina ez dut kontratu egonkorrik izan. Zergatik gelditu behar dugu alargunok pentsio erdiarekin? Gastu berak ditugu, eta seme-alabak. Gutxienez, 1.080 euroko pentsioa eskatzen dugu».

Irati Diaz Ugarte Abokatua (Mungia)

«Lan, pentsio eta bizitza baldintzak gero eta okerragoak dira, gaur egun agintean dauzkagun politikarien ondorioz, eta historiak erakusten digu greba orokorrek laguntzen dutela gauzakhobetzen, eta horregatik uste dut mobilizazioarekin bat egin behar dela».

Jose Antonio Cueva Pentsioduna (Bilbo)

«Pentsioengatik egin dut bat mobilizazioekin. Labe Garaietan aritu nintzen lanean, eta bi urte daramatzagu mobilizatzen. Baina hau ez dut nigatik egiten, baizik eta nire seme-alabengatik. Baita, emaztea bezala, kobratu behar luketena kobratzen ez duten beste guztiengatik ere».

Iñigo Bilbao Osakidetzako langilea (Bilbo)

«Gizarte osoari eragiten dioten aldarrikapenak egiten ditu grebak, eta, batez ere, sektore prekarioei. Hobeto bizitzeko eta bestelako gizarte mota bat eraikitzeko, oinarrizkoak dira eskatzen diren gutxieneko soldata, pentsio duinak eta emakumeentzako berdintasuna. Ez dago aitzakiarik».

Laura Gonzalez Langilea (Bilbo)

«Langileen borroka babesteko egin dut nik bat greba deialdiarekin, eta lan hitzarmenak eta lan baldintzak hobetzeko. Umeentzako zerbitzua eskaintzen duen zentro batean aritzen naiz lanean, eta, bertako langile gehienok greba egin dugunez, itxi egin dugu zentroa».

Asier Beobide Informatikaria

«Lan baldintzak mantendu ezik, ez badaukagu lan hitzarmenik, soldatak jaitsiko dira, eta langile berriei gutxiago ordainduko diete. Orain protestatzen ez badugu, okerrago izango da gero. Guk ere presioa egin behar dugu, ze boteredunek ere presioa egiten dute; kontua da ez garela enteratzen».

Idoia Bustienza Zaintzailea (Leioa)

«Pentsioak ez daudelako bermatuta eta zalantzan jartzen dizkigutelako, lan erreforma bat jasan dugulako, lan baldintza prekarioak ditugulako eta publiko den guztia desegiten ari direlako egin dut greba. Uste dut iritsi dela takoi kolpe bat eman eta aski dela esateko momentua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.