Koronabirusa

Ekainaren erdirako espero dute Nafarroan 40-49 urte artekoen txertaketa hastea

16 urtetik gorako herritarren %40k gutxienez dosi bat hartu dute, eta %18k pauta osoa hartu dute. Asteburuan 5.100 dosi eman nahi dituzte

Erizain bat emakume bati txertoa jartzen, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Erredakzioa
2021eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak aurreratu du ekainaren bigarren hamabostaldirako aurreikusia duela 40-49 urte arteko herritarrei txertoak jartzen hastea, betiere Osasunbideak «aurreikusitako dosi kopurua» garaiz jasotzen badu. Adin tarte honetan 85.000 nafar inguru daude, eta horien txertaketan lau aste inguru emango dituztela uste du gobernuak.

Maria Txibite presidentea baikor azaldu zen atzo txertaketa kanpainaren martxari dagokionez, eta ziurtatu zuen hasierako aurreikuspenak «hobetzen» ari direla. Txibitek NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak txertaketarako zabaldu dituen instalazioei egindako bisitaldian eman zuen aurreikuspen hori, eta baita orain arte egindako lanaren balorazioa ere. «Orain, txertatzeko moduan diren hiru nafarretik batek gutxienez dosi bat hartu duela esateko moduan gaude, eta hori albiste ona dela uste dut».Horrez gain, 16 urtetik gorako herritarren %18k immunitatea lortu dutela ezagutarazi du gobernuak. Orotara, herrialdean dagoeneko 103.797 lagunek immunitatea lortzeko moduko dosiak hartu dituzte. Osakidetzak 330.058 lagun immunizatu ditu, eta, beraz, Hegoaldean egoera horretan daudedagoeneko 433.855 herritar.

Instalazio zabalagoak

Nafarroako Gobernuak asteburuan emango dituzten dosien aurrerapena ere zabaldu du. Orotara, 5.100 dosi ematea espero dute. Hala, Iruñean, NUPen kiroldegian eta Maristas ikastetxean ezarritako txertaketa puntuetan 3.972 dosi emateko asmoa dute. Tutera eta inguruetan, 978 dosi; eta beste 150 Izarran. Unibertsitateak txertaketa kanpainari begira jarritako instalazioen zabalpena prozesuan lagungarria izango delakoan dago foru gobernua. Txertaketa gunea martxoaren 15ean jarri zuten martxan. Osasunbidearen arabera, bi minutuan behin lagun bat artatzeko moduan egongo dira, instalazioen handitzeari esker.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren datuen arabera, orotara, orain arte 1.100.584 txerto eman dituzte. Fokua 59 urtetik gorakoetan jarria duten arren, adin hori baino gazteago diren herritar batzuk ere deitzen hasiak dira. Momentuz, Eusko Jaurlaritzak ez du eman luzera begirako aurreikuspenik oraindik ere; asteazkenetik hasi eta datorren asteko asteartera bitarteko epean jarritako helburuetara mugatu da: ordura arte 83.159 txerto jarriko dituztela aurreratu dute. Nafarroako Gobernuak egindako aurreikuspenetan, kontuan hartu dute Pfizer markak iragarri duela txertoen horniduraren handitzea, eta baita ekainaren amaierarako beste zenbait ekoizleren txerto berriak jasotzea espero dutela ere.

Bestetik, txertaketa irizpideetan badira berriak: haurdun dauden emakumeak eta zaurgarritasun egoeran dauden 12 eta 15 urte arteko adingabeak txertatzeko aukera zabaldu du Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak. Ipar Euskal Herrian, berriz, adin mugarik gabeko txertaketaren hasierarako data iragarria du Frantziako Gobernuak: prozesua ekainaren 15ean hasiko dela adierazia dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.