Beti negatibo ez, mesedez

Interes tasa apalek banku negozioaren errentagarritasuna murrizten badute, tasa negatiboek are gehiago. Europako bankuek eskaera argia egin diote EBZri.

Irune Lasa.
2019ko irailaren 11
00:00
Entzun
EBZren gordailuentzako interes tasek bost urte egin dituzte zero azpitik, eta finantza entitateek ederki igarri diote. «Luzera begira, interes tasa negatiboek finantza sistema honda dezakete», ohartarazi berri du Christian Sewing Deutsche Bankeko kontseilari ordezkari boteretsuak. Gordailuen tasa are gehiago apaltzeak «erraztuko die finantzaketa herrialdeei, baina alboko kalte larriak eragin ditzake». Europako Bankuen Federazioko presidenteak, Unicredit italiarreko buru Jean Pierre Mustierrek ere mezua du EBZrentzat: «Testuinguru honetan inportantea da Europako bankuek ez izatea lehiatzeko desabantailarik haien errentagarritasuna egituraz txikiagoa delako».

Banku batzuk jada hasiak dira gordailuak mantentzeko kostua —interes negatiboak— bezeroei, pasatzen, aurrezleei. Noraino izan daiteke joera hori kaltegarria? Era berean, tasak jaisteko EBZren argudio nagusia da dirua ez gelditzea bere gordailuetan, baizik eta erabil dadila hiritarrak eta enpresak finantzatzeko. Baina irits al daiteke puntua non tasa negatiboek bankuen kreditu jardueran jada eraginik izan ez eta bide hori ere agortu daitekeena?

Gauzak horrela, norbait ari bada presio egiten EBZri tasak gehiago ez apaltzeko, horiek bankuak dira. Eta euroguneak ondo asko daki bankuak inportanteak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.