Esak mugitzen segitzen duela berretsi dute

Urtegiaren egoera «normala» dela dio Ebroko Ur Konfederazioak. Rio Aragon eta Coagret elkarteek «arduragabe» jokatzea egotzi diote

Esako urtegia handitzeko lanak, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Eppur, si muove. Ebroko Ur Konfederazioaren azken txostenak egiaztatu du Esako urtegiko eskuin hegala mugitzen ari dela, «oso mantso». Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren eta konfederazioaren arabera, horrek esan nahi du urtegiaren egoera «normala» dela: «Hegal guztiak mugitzen dira zertxobait, eta ezinezkoa da zero mailako mugimendua erregistratzea». Urtegia handitzearen aurka lanean ari diren elkarteen ustez, ordea, txostenean jasotako datuek agerian utzi dute azpiegituraren «egonkortasunik eza».

Ebroko Ur Konfederazioak urte eta erdi zeraman Esaren egoerari buruzko txostenik argitaratu gabe. Erakundeko arduradunen arabera, baina, denbora horretan ez dute kezkatzeko motiborik antzeman urtegian: «Ez da aldaketarik erregistratu 2013. urtean egonkortze lanak egin zirenetik [...]. Datuek berresten dute gaur egungo presari eusten dion hegala normal dagoela». Hala eta guztiz ere, obra gehiago iragarri dituzte, «2013ko egonkortze lanen osagarri gisa», urtegiko eskuin hegala «drainatzeko eta irazgaitz bihurtzeko».

Txostenari buruzko gogoeta kritikoagoa egin dute Rio Aragon eta Coagret elkarteek. Lehenik eta behin, 2018ko maiatzetik txostenik kaleratu ez izana leporatu diote Ebroko Ur Konfederazioari: «Esako handitze lanek duten arriskua aintzat hartuta, ikuskatzeak maizago eta jarraitutasun handiagoz egin beharko lirateke». Txostenean urtegiko ezker hegalari aipamenik egin ez izana ere kritikatu dute elkarteok, 2006ko uztailean eremu horretan «3,5 milioi metro kubikoko luizia gertatu» baitzen.

Oro har, Rio Aragonen eta Coagreten arabera, txosten berriko ondoriorik aipagarriena da urtegiko eskuineko hegala «mugitzen» ari dela oraindik: «Horrexegatik eraitsi behar izan zituzten bi etxe multzo; gerora, hondeaketa lanak egin behar izan zituzten, eta orain aitortzen dute obra gehiago egin beharko dituztela aurrerantzean ere, hegalari eusteko». Ohar baten bidez, bi elkarteek nabarmendu dute Ebroko Ur Konfederazioak «hamaika aldiz» esan duela urtegiko hegalak «egonkortuta» zeudela, «eta beste horrenbestetan aitortu behar izan dute gezurra zela».

Unean uneko arriskuak

Urtegiaren aurkako elkarteek azaldu dutenez, bi mugimendu mota erregistratu izan dira Esa inguruan: orokorrak eta unean unekoak. Arriskua bietatik etor daitekeela gaineratu dute: «Eskuin hegaleko mugimendu orokorra mantsotzen edo gelditzen ari dela diote txostenean, baina horrek ez du esan nahi euriteen, urtegia hustearen edota luizien ondorioz ezin direnik unean uneko mugimenduak sortu».

Ebroko Ur Konfederazioaren arabera, mugimendu jakin horiek ez lituzkete kolokan jarriko urtegiaren segurtasun baldintza orokorrak. Rio Aragonen eta Coagreten arabera, berriz, «arduragabekeria» bat da hori esatea: «1923. eta 1925. urteetan erregistratutako lurrikaren eta 2013ko euriteen gisako fenomenoak gertatuko balira, Ebroko Ur Konfederazioak ezin izanen luke bermatu urtegiaren azpiko herrietan bizi diren milaka eta milaka pertsonen bizia». Zangoza jo dute horren adibidetzat.

Horregatik, Esako urtegia handitzeko lanak eteteko eskatu diote konfederazioari, beste behin: «Aurten, Esako ur emaria ez da behin ere iritsi urtegiaren edukieraren %75era. Orain, %14ko mailan dago, eta, handitze lanak bukatuta egonen balira, %7n. Hutsune handi bat besterik ez da, eta ez du ur eskasiaren arazoa konponduko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.