BERDELA: SARTU ETA AGORTU, DENA BAT

Berdela sarean harrapatzen dutenek datorren astean agortuko dute kuota —iaz baino %20 txikiagoa dute—; amuko berdelaren arrantza, berriz, pixka bat gehiago luzatuko da. Berdelaren kanpaina motza izan arren, antxoarena ona izango delakoan daude Ondarroako eta Getariako kofradiak.

Arrantzaontziak, antxoatan, euskal kostaldean. GORKA RUBIO / FOKU.
Jon Fernandez.
Ondarroa
2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Antxoak baino etsai gehiago dauzkazu» esamoldea entzuten duena ez da ur-bitsetan bizi. Esamolde erabilia da Ondarroan (Bizkaia), eta ez oinarri barik. «Itsasoan ia denek jaten dute antxoa: izurdeak, zimarroiak, betandiak... eta berdelak. Berdela irensle bat da», azaldu du Eusebio Arantzamendik, Ondarroako Kofradiako presidenteak. «Berdela hain asko sartzen da gure itsasoan, antxoa desagerrarazi egiten baitu: zapaldu egiten du, eta sakonetara ezkutatzen da antxoa».

Martxoaren 1ean hasi zen baxurako arrantzontzien 2019ko sasoia, eta, lehen egunetan antxoa pixka bat harrapatu bazuten ere, asteon sartu da berdela, eta antxoaren lekua hartu du arrantzaleen sareetan. Sartu da berdela, bai, baina sartu eta agortu, dena izan da bat. Haserre samar mintzo da Getariako Kofradiako presidentea, Emeterio Urresti: «Berdelaren kuota datorren astean agortuko da».

Amuko berdela, luzeago

Europako Batasunak %20 txikitu du 2019rako berdel kuota, 24.597 tonaraino. «Oso txikia da kuota: berdela sarean harrapatzen duen ontzi bakoitzak 60.000 kiloko kuota dauka, eta batzuek ja 50.000 kilo arrantzatu dituzte aste honetan». Aste hau laburra izan da baxurako arrantzaleentzat, eguraldi txarragatik portuan geratu direlako pare bat egunez. Ontzi askok, beraz, egun bitan edo bakarrean ia agortu dute berdelaren kuota.

Arantzamendik ere uste du datorren astean agortuko dela berdela sareko harrapatzaileentzat, baina amuarekin harrapatzen dutenek pixka bat gehiago iraungo dutela berdeletan. «Amukoek 10.900 kiloko kuota daukate pertsonako, marineleko». Azaldu duenez, baxurako ontzi horiek euren burua neurtu nahi dute, berdelaren kanpaina gehiago luzatzeko. «Ez dute nahi egunean 4.000-5.000 kilo baino gehiago ekarri portura, luzatzeko».

Ondarroa eta Getaria dira Bizkaiko eta Gipuzkoako portuen artean arrain gehien porturatzen dutenak. Bi portuen artean, 2017an lehorreratzeen %66 izan zituzten: 18.921 tona Ondarroak, eta 12.079 tona Getariak. Eustatek argitaratutako azken datuak 2017koak dira, baina Arantzamendik azaldu du iaz 20.000 tonara ailegatu zela Ondarroa. Bizkaiko portuak, 2017an, 26,5 milioi euroren salmentak egin zituen Kofradiako enkantean, eta Getariakoak, 25,2 milioi eurorenak.

Berdelaren kuota txikia dela diote bai Arantzamendik bai Urrestik, baina ez datoz bat arrazoietan. «Europan hartzen diren erabaki asko zientzialarien datuetan oinarritzen dira, eta batzuek erosi egiten dituzte zientzialariak», dio Getariako Kofradiako buruak. «Guk itsasoan berdel asko ikusten dugu, baina norvegiarrek diote iparraldean gutxi daukatela. Guk ez dugu sinisten».

Arantzamendik, aldiz, sinisten du. «Ni fidatzen naiz Aztiren txostenez. Biomasa txikia dago iparraldeko uretan. Berdela goitik behera etortzen da, eta han daukate arazoa; beti egoten den tokian daukate, orain, gutxiago. Zergatik? Emigratu egin du berdelak? Ez dakigu ondo... Beharbada, iparralderago doa; Errusia parterantz ari da igotzen».

Aztiren azken ikerketen arabera, klima aldaketak ura berotzea ekarri du, eta arrain espezie batzuk iparralderago ari dira kokatzen euren habitata: berdela, hain zuzen, hamarkadako hamasei kilometro iparralderago ari da mugitzen 1992az geroztik.

Arrantza jasangarriaz

Berdelaren aurtengo kuota txikiegia dela? Ondarroako Kofradiako presidentearen ikuspegia beste bat da: «Esango nizuke zientzialariek, beharbada, bost urtez debekatu nahi zutela berdelaren arrantza. Eta sardinarekin ere kontu; guk ez badugu mozten, Bruselak moztuko digu. Sardina arriskuan dago: kuota jarri behar zaio. Sardina gutxi igartzen da itsasoan, eta motzagoa».

Legedi berria sartu da aurten indarrean Europan arrantzarako: itsasontziek ezin dute itsasora bota arrain erreusik —txikiegiak edo nahi ez dituztenak—; dena porturatu behar dute, nahiz eta gero ezin saldu legez kanpoko arrainik. Arrantzak eragindako arrainen heriotza tasa erreala ezagutzea da helburua.

Baxurako ontzidiak ez du beldurrik, nahiko arrantza selektiboa daukatelako. «Benetan arrantza jasangarria sustatu nahi badute, arrastea debekatu behar lukete», dio Urrestik. Eta begiz jota dauzka berdela marinel gutxiko arrasteko itsasontzi industrialekin harrapatzen duten norvegiarrak: «Dena txikitzen dute; a zelako krimenak egiten dituzten. Aldiz, guri, Europan, hirugarren mundukoak deitzen digute, teknika artisauak erabiltzeagatik».

Erneguak ernegu, aurtengo kanpainari begi onez begiratzen diote bi kofradiaburuek. Batez ere bost espezieren arrantzak ateratzen dio urtea baxurari: berdelak, antxoak, hegaluzeak, hegamotzak eta sardinak.

Arantzamendiren esanetan, urtearen aurreikuspena ona da, bai behintzat berdelari eta antxoari dagokionez. «Antxoaren prezioa ez da jaitsi1,30 eurotik. Ondo dago hori; dirua da». Gainera, Aztiren arabera, antxoa gazte asko dago itsasoan: 490.000 tona.Berme bat da Bizkaian eta Gipuzkoan antxoaren inguruan lan egiten duten 3.500tik gora pertsonentzat.

Urteko erronka nagusia, Arantzamendirentzat, Ondarroako lonja berriaren eraikuntza da: martxoaren 1ean hasi ziren lanak, eta bi urtez iraungo du lanik handienak. «Bi urtez deserosoa izango da hemen lan egitea, eta bezero batzuk, Galizia eta Kantabriako ontzi batzuk, beste portu batzuetara joango dira. Baina lonja egindakoan etorriko dira bueltan. Ondarroako indargunea salmenta da: erosle asko dauzkagu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.