Piztu orduko itzali da

Alavesek Valentzia hartuko du gaur (14:00, Movistar La Liga). Arabarrek irabazi beharra dute, sei puntura baitute salbazioa.

Joselu Mato, etsita, aukera bat huts egin ondoren. L. RICO / EFE.
enaut agirrebengoa
2022ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Heldu zen Gasteizera Jose Luis Mendilibar, eta itxaropena piztu zitzaien Alavesen zaleei. Taldearen etengabeko gainbehera gelditzeko teknikari aproposa zirudien: eskarmentu handia duelako goi mailan, ohituta dagoelako jaitsieraren presiopean lan egitera, eta nortasuna duelako etsiak jotako jokalari multzoak akuilatzeko. Bada, bost partida igaro dira geroztik, eta arabarrek ustez lortu behar zituzten puntuak urrutiko intxaurren parekoak izan dira: ameskeria soil bat, alegia. Bi lortu zituzten Mendilibarren aurreneko bi partidetan, Realaren eta Athleticen aurka, baina, hortik aitzina, urtu egin da erreakzioa, azukre koxkor bat balitz bezala. Mailari eusteko postuak sei puntura ditu dagoeneko.

ARGI PRINTZAK ETXEAN...

Mendizorrotzak sostengu izan beharko luke. Helburuak zaleen babespean zurkaiztu izan ditu ia beti. Hain justu, Mendilibarrek etxean zuzendu zituen lehen bi partidak, jokalariak ezagutzeko ia astirik gabe, eta derbiek dakarten exijentziarekin izan ziren. Eta, halere, hainbestean moldatu zen taldea. Emaitzak onak izan ziren —bi berdinketa—, baita irudia eta jokoa ere. Oso denbora laburrean, bere kaierako printzipio nagusiak txertatu zituen Mendilibarrek: presio aurreratua, joko zuzena eta baloia behin eta berriz erdiratzeko asmoa. Realaren aurka, aspaldiko bertsiorik erasokorrena erakutsi zuten gasteiztarrek. Eta Athleticen kontra galdu egin zuten distira, baina ez lehiakortasuna, eta irmoki eutsi zieten zuri-gorrien saialdiei.

...ETA ILUNTASUNA KANPOAN

Haatik, esperantzaren garra itzali egin zen Benito Villamarinen. Betisek indarrez egin zion putz: 4-0 gailendu zen. Denboraldiko partidarik txarrenetako bat osatu zuen Alavesek: hanka sartze oso larriak egin zituen atzean, eta galdua zuen norgehiagoka lehen zatia bukatzerako. Hurrengo partida ere galdu egin zuen, etxean, Bartzelonaren aurka. Bere txarrean, irudi askoz ere sendoagoa eman zuen, eta ia amaierara arte eutsi zion hutseko emaitzari. Etxetik kanpo, ordea, zaharrak berri: Elx 3-1 gailendu zitzaion joan zen larunbatean, ahazteko moduko bigarren zatia osatu ondoren. 11. partida kateatu zuten arabarrek irabazi gabe; Lehen Mailan inoiz izan duten boladarik txarrena da. Gainera, gorenera itzuli zirenetik, ez dute sekula horren puntu gutxi izan 23 jardunaldiren ostean: hamazazpi dituzte.

ZENTZU GUZTIETAN MAKAL

Taldearen itxurak are kezkagarriago egiten du sailkapeneko egoera, zantzu baikorrak ez baitira inondik ere ageri. Alor denetan izaten ari da gabeziak, baina bereziki deigarria da defentsan izaten ari den hauskortasuna. Atzerantz korri egin behar izan duenean sufritu du gehienbat. Ez da kapaz izan baloia galdu ondoren egitura ondo antolatu eta presioa modu eraginkorrean egiteko, eta hori ordaindu egiten da kontraerasoetan zitalak diren taldeen kontra. Eta atzean gotortzean ere ez dute asmatu gasteiztarrek; horren adibide da, besteak beste, Bartzelonak azken txanpan sartu zien gola. Kaltea ez zatekeen horren handia izango erasoan izandako aukerak baliatu izan balituzte, baina nahikoa lan dute alor horretan ere. Batzuetan kemena eta beste batzuetan sormena falta izan zaie orain arte Mendilibarrekin. Bi gol baino ez dituzte sartu; horietako bat, penaltiz.

JOSELUK BAKARRIK EZIN DU

Joseluk sartu ditu bi gol horiek. Harenak izan dira Alavesek orain arte sartu dituen hamazazpi goletatik 11. Kosta egin zitzaion sasoi berriari neurria hartzea, bolo-bolo ibili baitziren haren irteeraren inguruko zurrumurruak. Baina, behin golak sartzen hasita, geldiezin dabil: bost jokalarik bakarrik sartu dituzte hark baino gol gehiago Lehen Mailan. Baina Alaves ezin du hark bakarrik salbatu. Hala, aurrelaria hobeto inguratzeko apustua egin dute neguko merkatuan, Jason eta Manu Vallejo fitxatuta. Escalante eta Tenaglia ere iritsi dira, taldea sendotzen lagun dezaten. Berriek ekarpen garrantzitsua egin beharko dute.

HARI-HARIAN, ERORI GABE

Ataka larrian egotera ohituta dago Alaves, eta, azkenaldian, beti onik atera izan da. Aurreko sasoian, adibidez, azken postuan zegoen Javi Callejak 30. jardunaldian hartu zuenean, eta, halere, ez zen jaitsi; lau puntuko aldearekin, gainera. Duela bi denboraldi Muñizi esker berpiztu zen, azken lau neurketetan, eta orain dela lau urte, Abelardorekin. Hamalau lehia jokatu ostean, arabarrek sei puntura zuten salbazioa, gaur egun bezalaxe. Denboraldi amaieran, ordea, hemezortzi puntu atera zizkioten hemezortzigarren sailkatuari. Larriago ibili ziren 2014an, Bigarren Mailan, baina, azken zortzi partidetan suspertu, eta miraria egin zuten Jaenen zelaian. Ilunpetan dabiltza, baina gaur etxean Valentziari irabazteak beste balentria bat egiteko itxaropena piztuko lieke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.