Errusiako Munduko Kopa

Frantziak eta Danimarkak berdintzen badute, biak sailkatuko dira

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Frantziak eta Danimarkak susmopean jokatuko dute gaur elkarren aurka, Moskun (16:00). C multzoko hirugarren jardunaldiko partidetako bat da, eta, berdintzen badute, biak sailkatuko dira final-zortzirenetarako. Kasu horretan, Frantzia litzateke multzoko buru, eta Danimarka bigarren. Australia adi egongo da partida horri begira Sotxitik (16:00), Peruri irabazten badio bigarren bukatzeko aukera baitu.

«Nik ez nieke inoiz aginduko nire jokalariei irabaztera ez irteteko», argitu zuen atzo Didier Deschamps Frantziako hautatzaile baionarrak. «Zer esango zuen, bada?», pentsatuko du batek baino gehiagok, baina, gaur haren partidan berdinketa badago, zaila izango da adosturiko emaitzaren inguruko susmoak saihestea. Halere, etabitxia dirudien arren, apustu etxeen ustez, Frantziak irabaztea probableagoa da berdintzea baino. Iritzi kualifikatua da, egun futbolean apustu etxeak izaten baitira argi gorria pizten lehenak adosturiko emaitza baten zantzuren bat dagoenean. Bainabeste analisi posible bat da Frantziak eta Danimarkak meritu osoz lortu dutela hain egoera erosoan egotea.

Frantziak sei puntu ditu, eta sailkatuta dago, baina ez du ziurtatua lehen postua. Haren mehatxua Danimarka da, gaurko aurkaria, lau puntu eta +1en gol aldebaitu. Danimarkak irabazten badu, lehen postuan bukatuko luke. Katramilako hirugarren hanka Australia da, eta hark zailago du bidea. Lehen bi partidetan puntu bakarra lortu du, eta -1en gol aldea du.

Egoera horretan zer behar du Australiak? Bada, Peruren aurka gol baten baino gehiagoren aldeaz irabaztea, eta Danimarkak galtzea. Alde duen aldagai bakarra aurkaria da, zeren Peruk, punturik gabe, ez baitu ezer jokoan. Azkenik, Australiak gol baten aldeaz irabazi eta Danimarkak gol bategatik galduko balu, txartel kopuruak hautsiko luke berdinketa. Oraingoz, Danimarkari lau txartel hori atera dizkiote, eta Australiari, hiru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.