Golak egiteko makina da

Europako talderik ikusgarrienetakoa da Atalanta. Aurrera begira jokatzen du beti, zelaian soilik aurkariaren atea balego bezala. Txapeldunen Ligan miraria egin du, final-laurdenetaraino iritsita.

Atalantako jokalariak, final-zortzirenetako itzulikoan Valentziari sartutako goletako bat ospatzen. UEFA.
enaut agirrebengoa
2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Lombardia da koronabirusak orain arte Italian gehien erasan dion eskualdea, eta Bergamo hiria da epizentroa. Hango taldeak, Atalantak, Txapeldunen Ligako partida jokatu zuen orain dela hilabete, otsailaren 19an, Valentziaren aurka. Milango San Siro estadioa erabiltzen du Europako txapelketetan, eta egun hartan 45.000 zale erakarri zituen. Artean, segurtasun neurriak zorroztu gabe zeuden oraindik. Geroztik, gaitzarekin kutsatutakoen kopurua izugarri handitu da Bergamon.

Koronabirusaren krisiak eztanda egin aurretik, gozatzen ari ziren Atalantaren zaleak. Izan ere, golen epizentroa izan da Bergamo. Ligan 70 sartu ditu Gian Piero Gasperiniren taldeak; hots, Europako liga nagusietako talderik emankorrenetan hirugarrena izan da orain arte, PSGren (75) eta Bayern Munichen (73) atzetik. Etenaren aurretik, laugarren zegoen Italiako ligan. Eta Europan ere, etekina atera dio joko erasokorrari: final-laurdenetan sartu da, aurreko kanporaketan Valentziari zortzi gol sartu ostean (4-1 joanekoan, eta 3-4 itzulikoan). Ia talde guztientzat da lorpen handia Europako zortzi talderik onenen artean sartzea, eta zer esanik ez Atalantarentzat. Izan ere, aurrez sekula aritu gabea zen Txapeldunen Ligan.

Miraritzat jo daiteke italiarrak horren urrun iritsi izana, eta ez bakarrik eskarmenturik ezagatik. Izan ere, puntu eskasia izan zuten txapelketaren hastapenean; bakarra baino ez zuten lortu multzoen faseko lehen lau jardunaldietan. Horren uzta eskasarekin, ia ezinezkoa zen kanporaketetara iristea. Haatik, azken bi partidak irabazi, eta aurrera egin zuten. Hala, galtzekorik gabe iritsi ziren final-zortzirenetara, eta horrek on egin zion Valentziaren aurka.

Golak egiteko makina bat sortu du Gasperinik, eta, egun ona duenean, hankapean ibiltzen ditu aurkariak. Ligan, bost gol sartu dizkie Milani eta Parmari, eta zazpi Udineseri, Torinori eta Lecceri. Italiako jokamolde klasikotik urrun, Atalantaren estiloa gehiago hurbiltzen da Herbehereetako futbol totalera. 3-4-3 sistema berezia darabil, eta presio oso garaia eta estua egiten du, banakako zaintzekin. Behin baloia berreskuratuta, azkar batean jotzen du aurkarien aterantz.Barrutik, Alejandro Gomez Papu eta Josip IIlicic agertzen dira, eta kanpotik, Hans Hateboer eta Robin Gosens, hegaleko luze gisa. Jokoa harilkatu ondotik, Ilicic bera, Luis Muriel, eta Duvan Zapata izaten dira azkena emateko arduradunak. Italiako bederatzi golegilerik onenen artean daude: 15, 13 eta 11 gol daramatzate, hurrenez hurren.

Edonola ere, Papu Gomez da taldeko ikur nagusia. Karisma, nortasuna eta, batez ere, kalitate handia dauka. Hura da jokoaren sorburua. Punta erditik atzera egin, eta baloia batetik bestera mugitzen du. Halakoetan, aurrera egiten du erdilarietako batek; normalean, Mario Pasalicek, ibilbide luzeko jokalaria izanik. Marten De Roonek, berriz, oreka ematen dio taldeari, adimen taktikoari esker. Remo Freuler eta Ruslan Malinovski ere jokalari garrantzitsuak dira zelai erdian, gutxiago jokatu arren.

Finkatu egin da Europan

Ahulgunerik badu Atalantak. Sarri zulo handiak uzten ditu bizkarraldean, eta, presioak kale egiten duenean, sufritu egin behar izaten dute Rafel Toloi, Jose Luis Palomino eta Berat Djimsiti erdiko atzelariek eta Pierluigi Gollini atezainak. Ausarta eta dibertigarria da Bergamoko taldea, baina, sarri, desorekatua ere bai. Esaterako, Europan 4-0 galdu zuen Dinamo Zagreben aurka, eta 5-0 Manchester Cityren kontra. Ligan, berriz, 34 gol sartu dizkiote 25 partidatan. Horregatik dago, hein handi batean, lider izateko lehiatik kanpo. Oraingoz, aski du Txapeldunen Ligarako sailkatzearekin.

Orain gutxi ezinezkoa zena lortu du Gasperinik: Atalanta urtez urte Europan sartzea. Hura iritsi aurretik, 25 urte zeramatzan nazioartean lehiatu gabe. Bada, lehen bi sasoietan Europa ligan sartu zen, eta iaz beste koxka bat igo zuen: hirugarren bukatu zuenliga, eta, hala, Txapeldunen Ligarako sailkatu zen

Atalanta ez da sekula Italiako Lehen Mailako txapeldun izan, baina klasiko bat da. Hain zuzen, Italiako eskualde bateko hiriburua izan gabe elitean urte gehien eman duen taldea da. Horregatik, probintzien erregina esaten diote. Izenak eta armarriak, berriz, Atalanta mitologia greziarreko pertsonaiari egiten diote erreferentzia. Horregatik, LaDea ere (jainkosa italieraz) deitzen diote. Edonola ere, Atalanta ez zen jainkosa bat izan, ehizari loturiko heroi bat baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.