Athletic 1-1 Eibar

Mugarria izan daiteke

Athleticek eta Eibarrek bana berdindu dute San Mamesen. Oso neurketa parekatua izan da, baina Gipuzkoako taldeak hobeto jokatu du. Bi taldeek egoera berean segitzen dute

Raul Garcia, erdiraketa bat egiten, parean Rafa Soares duela, atzoko derbian, San Mamesen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Athletic. Unai Simon; De Marcos, Yeray, Iñigo , Yuri; Berenguer (Ibai, 74. min.), Unai Lopez (Vencedor, 46. min.), Vesga (Dani Garcia, 46. min.), Muniain (Morcillo, 74. min.); Raul Garcia (Villalibre, 69. min.) eta Williams.
Eibar. Dmitrovic; Pozo, Paulo Oliveira, Arbilla, Soares; Sergio Alvarez, Diop; Bryan Gil, Aleix Garcia (Pedro León, ) Kevin (Inui, 70. min.); eta Kike (Quique, 91. min.).
Golak. 1-0. Yurik (9. min.); 1-1. Kikek (17. min.). Epailea. Pizarro Gomez. Txartel horia: Athleticeko Iñigori, eta Eibarreko Pozori.

Jarraitu beharreko bidea zein den jakitea batzuetan asko kostatzen da. Athletic bide egokia aurkitu ezinik ibili zen orain dela hiru hilabetera arte. Urtarrilean lortutako Superkopako garaikurrak guztiz aldatu zuen Bilbokoen dinamika. Eibar, berriz, galduta ibili da azken jardunaldietan, eta atzo San Mamesen ikusitakoa positiboa izan daiteke Gipuzkoakoentzat. 1-1 amaitu zen atzoko partida; armaginek jaitsiera postuetan jarraitzen dute, baina sentsazio onak utzi zituzten. Zuri-gorriei, baina, ez zien aho zapore ona utzi neurketak.

Taldean zituen hutsuneek behartuta, joko sistema aldatu behar izan zuen Jose Luis Mendilibarrek. Talde armaginean ohikoa den 4-4-2a alde batera utzi, eta 4-2-3-1 eskemarekin zelairatu ziren eibartarrak, Kike Garcia aurreko aldean bakarrik utzita. Espainiako Kopako finala bi aste eskasera baldin badago ere, Marcelinok argi utzi zuen garrantzi handia ematen ziola Gipuzkoakoen aurkako derbiari, eta Sevillan atera dezakeen hamaikako oso antzeko bat berdeguneratu zuen.

Golak, lehen minutuetan

Eibarren egoera kaxkarra baliatu nahian, hasieratik partidaren gidaritza hartzen saiatu zen etxeko taldea. Ez zuen hori egitea lortu, baina gauza are garrantzitsuago bat lortu zuen: lehen hamar minutuetan markagailuan aurrea hartzea. Alboko sake baten ostean, De Marcosen erdiraketa Yurik, boleaz, bikain erramatatu zuen, eta Dmitrovicen atea zulatu. Kolpea Eibarrentzat.

Horrelako momentuetan egin daitekeen gauzarik onena egin zuen Eibarrek: ahalik eta azkarren berdindu. Unai Lopezi haren areatik gertu lapurtu zion baloia Kike Garciak, eta ez zuen hutsik egin Unai Simonen aurrean: 1-1.

Azken jardunaldietan ez bezala, erritmo biziko lehen zatia ikusi zen San Mamesen. Markagailuan aurretik jartzeak ematen duen nagusitasunarekin, erasora jo zuten bi taldeek. Estreinako 45 minutuak oso irekiak izan ziren; bai Athleticek, bai Eibarrek gol aukerak izan zituzten; garbiak ez, baina aurkariaren ate ingurura behin baino gehiagotan iristea lortu zuten. Oso parekatuta iritsi zen neurketa atsedenaldira, baina zelaian ikusitakoak seguru Mendilibarrek nahi zuen partidaren antz handiagoa izan zuela. Marcelino, berriz, ez da partida eroen zalea, eta norgehiagoka kontrolpean izatea nahiago du.

Zelai erdia bereganatu, eta partida bere planteamendura hurbildu asmoz, bi euskarriak aldatu zituen Marcelinok bigarren zatirako: Unai Vencedor eta Dani Garcia zelairatu zituen, Unai Lopezen eta Mikel Vesgaren ordez. Ez da lehen aldia hori egiten duena, Kopan Levanteren aurkako partidan ere gauza bera egin zuen. Orduan ondo atera zitzaion aldaketa; atzo, ez hainbeste.

Vencedor soropilean egotea gehien eskertu zuena Iker Muniain izan zen. Erdilari bilbotarrak erraztasuna du aurkarien lerroak pase batekin puskatzeko; hori kapitain zuri-gorriak baliatu zuen, eta bigarren zati hasieran behin baino gehiagotan jaso zuen baloia Diop eta Sergio Alvarezen bizkarrean, eta armaginei arazoak sorrarazi. Gutxi iraun zion, baina, argitasun horrek Muniaini, minutuak pasa ahala itzaltzera egin baitzuen.

Eibar defentsan sendo ibili zen, ondo eutsi zuten In?aki Williams, eta ez zioten korrika egiten utzi. Aurreko partidetan baino akats gutxiago egin zituen Mendilibarren taldeak atzeko alde horretan, eta hori, defentsan ez ezik, erasoan ere nabaritu zen. Armaginak ohi baino solteago ibili ziren zelaian, eta inongo momentuan ez zioten utzi etxeko taldeari berdegunean eroso egoten. Baloiarekin, baina, bigarren zatian ez zen estreinakoan bezain fin ibili, eta ezin izan zituen hiru puntuak poltsikoratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.