Imanol Idiakez. Vila-realeko bigarren entrenatzailea

«Europa liga irabazi eta egun batzuetara atera zitzaidan poza»

Aurreneko aldiz aritu da sasoi honetan bigarren entrenatzaile gisa. Vila-realen eta Unai Emeryren alboan, Europa liga irabazi du berriki. Futbola ikusteko eta bizitzeko modu aberasgarria dauka: erantzun bakoitza da ikasgai bat.

JON URBE/ FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Imanol Idiakezek (Donostia, 1972), elkarrizketa hasi baino lehentxeago, ondorengoa eskatu dio BERRIAri: «Euskaraz egin elkarrizketa. Euskaldun berria naiz, eta soltatu beharra daukat». Botila ur baten konpainian, erraz aritu da solasean honetaz eta hartaz.

Zer da Europa liga irabaztea?

Unea oso berezia da, baina, azkenean, nire lana beste partida batean bezalakoa izan zen. Jokoan egon nintzen arreta jarrita. Bukatu zenean, hiru edo lau egunera hasi zitzaidan ateratzen barruko poza. Jende askori eman diogu poza, eta, pandemia honetan, gauza handia da. Arraroa izan da denboraldia zalerik gabe jokatzea, eta pentsatu izan dut egiten ari garenak ez duela zentzurik.

Marra fina dago azkenean irabaztearen eta galtzearen artean.

Gehienetan galdu egiten da. Duela gutxi ikusi dut Manu Ginobiliri egindako elkarrizketa bat, eta hark dio irabaztea ez dela ohikoa.

Zer dago titulu honen atzean?

Lan pila bat. Unaik [Emery] laugarren aldiz irabazi du Europa liga, eta ez da kasualitatea. Langile handia da. Ordu pila bat sartzen ditugu denok. Azkenean, kontu txikietan dago aldea, elitean eta edozein mailatan.

Zein da zure lana?

Gure partidak aztertzen ditut, mozketak egin, jokalariei erakusteko. Gero, hurrengo aurkariari heltzen diogu: zazpi-hamar partida ikusten dizkiogu, azkeneko hiruzpalauak, eta, gero, gure moduan jokatzen duten kontrarioen aurkakoak. Entrenamenduetako lanak denon artean eztabaidatzen ditugu. Azkeneko hitza Unaik dauka, jakina. Oso gustura ari naiz harekin lanean.

Aspalditik ezagutzen duzu.

Bost urtez jokatu genuen elkarrekin Realean, gazte mailan eta Sansen [Reala B]. Gero, biok izan genituen lesio larriak, hark belaunean eta nik hanka hezurrean. Unaik segitu egin zuen bertan, baina ni bota egin ninduten. Denborarekin, biok egin gara entrenatzaile, eta sekula ez dugu galdu Realean sortu zen harremana. Ekainean deitu zidan ea nahi nuen bere laguntzaile izan.

Ez zenuen asko pentsatuko.

Pentsatu pixka bat bai, lehen esperientzia nuelako bigarren entrenatzaile gisa. Gero, garbi izan nuen baiezkoa eman behar niola. Erabaki oso ona izan da, eta asko ikasi dut Unairekin. Gainera, irabazi egin dugu. Betirako geratuko zait bizitzen ari naizen esperientzia hau.

Orain, zer, betiko bigarren entrenatzaile?

Gazteago zarenean, plan pila bat izaten dira buruan, baina orain, urratsez urrats noa. Gustura nago. Unaik proposamena egin zidanean garbi utzi genuen jarraitzekotan biok egon behar genuela pozik elkarlanarekin, eta ni horrela nago; hura ere berdin egongo dela pentsatzen dut. Ez daukat beste ezertan pentsatu beharrik.

Partidak bizi egiten ditu Emeryk, eta zu aulkian egoten zara.

Niretzat hori ikastea zaila izan da. Entrenatzaile gisa asko bizi izan ditut partidak, eta orain lasaiago egon behar dut. Beste ikuspuntu bat izan behar da Unairi laguntzeko, eta, hasieran, jaikitzeko joera izaten nuen, bai [barrezka].

Zein da Emeryren ezaugarri onena entrenatzaile gisa?

Pasioa. Dena bizitzen du horrela, egunero. Oso zaila da erlaxatuta ikustea. Orain ere ariko da datorren denboraldian pentsatzen. Futbolerako bizi da 24 orduz. Pasio hori hedatu egiten du inguruan. Ezin zara joan beste erritmo batera; moldatu egin behar duzu. Energia ona da hori; ez daukazu aukerarik pentsatzeko ere. Jokalariei ere hori helarazten zaie, ikusten dutelako entrenatzailea korner batean zer egin behar duten pasio biziz azaltzen; ematen du bere bizitzako azkeneko kornerra dela. Esaten diot Luis Aragones bezalakoa izango dela, bizitza osoa entrenatzen.

Zuri modu batera gustatzen zaizu jokatzea, eta Emeryri, agian beste batera. Nola uztartu hori?

Hori izan zen biok elkartzearen arrazoi nagusia. Nahi zuen bi ikuspegiak batzea, eta oso polita izan da prozesua. Bere ideiak ditu, eta ni alboan nago, gauza bat beste modu batera egin daitekeela esateko. Vila-realek badu esentzia bat futbolean jokatzeko estiloan, eta bada nire gustukoa. Egin duguna izan da horri eutsi, eta Unairen intentsitatea eta lehiakortasuna gehitu. Europa ligako finalean, batzuetan sufritu egin behar izan genuen, eta sufritzen jakitea Unaik taldeari egin dion ekarpena izan da. Bestela, Unairen taldeak beti izan dira oso erasokorrak; aurkariaren bila joatea gustatzen zaio, golak sartzea, baina beti ez da posible, eta beste gauza batzuk ere lantzen ditu. Ematen du futbolean zuria eta beltza daudela, eta ez da hori; azkenean, denetarik egin behar da. Adibidez, Realaren aurka Vila-realen, guk erasora jokatu nahi genuen, baina ezinean ibili ginen, Realak ez zigulako uzten gure zelaitik ateratzen.

Aukera guztietara irekita egon behar dela, alegia.

Bai. Gero eta gehiago jakin nahian hasitakoan konturatzen gara oso gutxi dakigula. Hori oso garrantzitsua da. Emozioak daude hor. Begira Realari, zenbateko emozioarekin jokatzen duen. Niretzat ideia da garrantzitsuena, eta ez zait gustatzen nire taldea zain egotea; bila joatea gustatzen zait.

Baina denetarik landu behar da.

Lan ona egin dugu, taldea hobea delako sasoi hasieran baino.

Hori da titulu politena entrenatzaileentzat?

Poza ematen digu jokalariek gure ideiak barneratuta izatea. Unai ondo heldu da jokalariengana.

Berdina da Lehen Mailan eta Bigarren B Mailan entrenatzaile izatea?

Berdina ezer ez dago, eta talde guztiak dira ezberdinak. Azkenean, futbola eta pertsonak dira bi aldagaiak. Zenbat eta gorago jokatu, ingurua aldatuz joaten da, eta inguruak sekulako eragina dauka jokalariengan, entrenatzaileengan, agintariengan, guztiengan. Bestela, kirola bera da maila batean edo bestean. Nik berdin prestatu ditut Manchester Uniteden kontrako partida eta Guijuelon nengoenean Logroñesen aurkakoa. Lan bera da: aurkariak nola eta nondik erasotzen duen jakin nahi duzu, nola defendatzen duen eta abar. Futbola, azken batean. Aldatzen dena ingurua da, eta partida horretako emaitzaren ondorioa.

Ardura ere ezberdina bihurtzen du inguru horrek?

Bai. Jokalariena eta entrenatzaileena oso handia da elitean. Finaleko penalti bakoitzean sekulako presioa zeukaten gure jokalariek.

Lehen hainbesterainokoa zen?

Sare sozialek eragin dute aldaketa. Mundu guztia dabil hor, eta jokalariak ere sartzen dira. Ikusten dute haiek egindako lanaren balorazioa beste batzuek egiten dutela. Agian,batek pentsatzen du ondo jokatu duela, baina irakurtzen du telefonoan kontrakoa, edo alderantziz. Gizarte gisa, gazteei lagundu behar diegu tresna horiek erabiltzen jakiten. Jokalariekmunduko nagusiak ematen dute, baina, hutsen bat egindakoan,azkar bihurtzen dute txarrena.

Gaur egun partida bakar bat ere ezin da galdu.

Horrela da. Entrenatzaileentzat gogorra da. Igande batean partida galdu, eta hurrengo igandeko partidan berriz galduz gero, kalera botako zaituzten kezka izaten da. Baina galtzea oso ona da, konponbideak aurkitzen laguntzen duelako, eta jendea ezagutzen delako, egoera zailetan nolakoa den. Baina jendeak hori ez du ulertzen.

Presio horrekin lan egin daiteke?

Ez. Oso zaila da, eta oso txarra. Klubentzat ere bai. Nola eraiki dezake zerbait entrenatzaileak? Jokalariek badakite bi aste barru ez dela egongo entrenatzaile hori, eta nola entzungo dute hark ematen dien mezua? Nola jarraitu bide bati? Gero eta klub gutxiagok dute proiektu bat, eta inguruko presioak eragiten die askotan gauzak aldatzea, agintariek beren burua salba dezaten. Sistema horrela dago, eta denak daude hor barruan. Bada jendea sistema aldatu nahi duena, baina ez dira gai.

Proiektu bat dutenetako bat Reala da, zure betiko taldea.

Aspalditik dauka. Duela denboraldi batzuk, ez nizuke esango zehatz noiz den, baina garbi ikusi zuten taldeak nola jokatu nahi zuen, eta Imanol entrenatzaile jarrita bete-betean asmatu dute. Hark nahi duenera arte egon behar luke Realean.

Bitxia da, baina Juanma Lillo Realean zenean sartu zinen zu Sanseko entrenatzaile, eta zuen estiloa bada oraingoaren oso antzekoa. Baina bota egin zintuzteten.

Zuzendaritza aldatu zen, eta erabaki zuten nik ez segitzea. Onartu, eta aurrera. Oraingo jokatzeko moduarekin bat egiten dut, eta orduko gure hizkuntza hau zen.

Realetik kanpo ere bada futbolik, hala ere.

Jokalari gisa bidea egin nuen hemendik kanpo. Entrenatzaile izatea erabaki nuenean, apustu handia egin behar izan nuen, familiarik gabe egon nintzelako leku askotan, bakarrik. Ziprera bakarrik etorri ziren nirekin. Polita da bokazio horri eustea, bestela ezinezkoa izango zen etxetik kanpo familiarik gabe egotea, adibidez, edo kobratu gabe hainbat lekutan.

Kobratu ez, eta, gainera, entrenatzailea kalera. Amorragarria.

Etsigarria da. Baina horrela dira gauzak. Gaztea zarenean, dena aldatu nahi duzu, baina denborarekin konturatzen zara dena ezin dela aldatu.

Entrenatzaileei egurra ematen dizuete eta dizuegu. Baina inork ez du kontuan hartzen, adibidez, pertsonak zaretela, eta nola bizi zareten; zure kasuan, adibidez, kanpoan eta familiarik gabe.

Amak esaten dit zergatik ez dudan aukeratu beste lanbide bat [barrezka]. Gero eta gehiago gaude kritika guztien erdigunean, eta ez dakit zergatik sortu den hori. Azkenean, entrenatzaileak izan behar du liderra, baina ezin du denak haren menpe egon. Kluba askoz gehiago da, eta entrenatzaileak denbora behar du, eta hori gabe, ezin da. Protagonistak jokalariek izan behar dute. Lehen, txikia nintzenean, Reala ikusteko aurreneko aukera ligako lehen partida izaten zen. Orain, aldiz, jendea kritikak egiten hasten da denboraldi-aurreko lehenbiziko partidatik. Eromena da. Hedabideek eragin handia dute horretan, jendearengan iritzia sortzen dutelako.

Futbola jokalariena da, orduan.

Erabat. Negozio honetan dagoen jendeari ahaztu egiten zaio. Guri gertatu zaigu Vila-realen: urtarriletik martxora bitartean, ezin izan zuten jokatu Gerard Morenok, Txukuewzek, Ruben Peñak eta Mario Gasparrek, eta zortzi partida egon ginen irabazi gabe. Ezberdintasuna jokalariek egiten dute. Realak ere bidea garbi dauka, baina jokalariak dabiltza bide horretan, eta horiek egiten dute aldea. Azkenean, rolak nahasi egiten ditugu; ardurarena, adibidez. Entrenatzailearen lana da taldeari jokatzeko modu bat ematea eta lantzea, baina jokatzea eta jokoa jokalariena da. Eskua eman behar diegu bidean jar daitezen, baina ibiltzea haien lana da.

Zipren badakite entrenatzailearen lanari balioa ematen.

Irabazten denean, entrenatzaileak irabazten duela sinetsita daude, eta galtzen duenean ere bai. Europa ligan, kanporatu genuen Spartak Mosku, etxean 1-1 eginda, eta Moskun 0-1 irabazita azken minutuan. Bada, Ziprera bueltatzean, zaleek eta kazetariek esan zuten nik sekulako plana egin nuela horrela irabazteko.

Pep Guardiolaren pare jarri zintuzten orduan. Baduzu gertakari politik harekin.

Bai. Juanma zen entrenatzailea Murtzia Hirian, eta astebete gurekin entrenatzera etorri zen. Gu entrenatzen ikustera ez zen inor etortzen, baina Guardiola gurekin egon zen astean 2.000 bat lagun azaltzen ziren egunero, denak elkarren gainean.

Zu hura bezala, euskarria zinen.

Partida bat jokatu genuen ostegunean, eta talde berean jarri gintuen Juanmak, biok euskarri lanetan. Ia hunkitu egin nintzen hark nola jokatzen zuen begira.

Jokalari bezala entrenatzaile guztiei adi egoten den horietako bat izango zinen zu.

Bai. Nahiko makala nintzen, eta azkar pentsatu behar izaten nuen. Buruan nuen futbola oinetan izan banu, sekulako jokalaria izango nintzen [barrezka].

Beti ikasten zu.

Bai.

Eta maisua zuretzat, Lillo.

Entrenatzaile askorekin ikasi nuen, baina Lillorena sekulakoa izan zen. Ez nuen ezagutzen, eta bazuen filosofo hizlariaren fama. Nigan sekulako eragina izan zuen. Goizetan irrikaz joaten nintzen entrenatzera, ume baten ilusioarekin. Partiden aurretik, berriz, beti pentsatzen nuen irabazi egingo genuela. Dena erakusten zigun aurkariez: une bakoitzean zer eta nola egiten zuten, eta abar. Hori dena menderatzen duzula sentitzea oso hunkigarria da, eta gu emozioak gara. Pertsonok emozioen bitartez ikasten dugu. Maila hauetan hainbesteko zirrara eragitea sekulakoa da. Lillo ezagutu nuenean pentsatu nuen bera bezalakoa izan nahi nuela.

Jokalarien emozioa piztu dezake pentsamendu horrek.

Hori da. Azkenean, da jokalariari esatea haren mende dagoela jokoan gertatzen dena eta ez aurkariaren mende. Horrela jokatzen pila bat gozatzen dute jokalariek, eta hori Juanmarekin sentitu nuen. Igo berriak ginen, eta ausart jokatzen genuen edozeinen zelaian. Batzuetan ezin duzu egin, jakina, edo aurkariak asmatu egiten du zu gainditzen.

Eta has daiteke jokalaria ez sinesten. Orduan, zer?

Edo ez. Begira Realari, zenbat denbora egon den aurten partida bat irabazi ezinda, baina jokalariek ideian sinesten segitzen zuten. Hori da dena. Hori da entrenatzaile baten arrakasta, jokalariak ez hastea zalantzekin emaitza txarretan. Guk sentitu dugu Gerard Moreno bat eskatzen egotea aurkariaren bila joateko, edota Pau eta Albiol erdiko atzelariak gozatzen egotea Bartzelonaren bila bere ateraino atera ginenean, nahiz eta bien atzean sekulako zuloa egon. Orduan sentitzen duzu ondo ari garela lanean.

Horrelako uneekin hasten da talde bat Europa liga irabazten.

Azkenenean, Bartzelonaren aurka jokalariei bidaltzen ari ginen mezua zen gai zirela talde handi bati irabazteko. Gero, finalean, konfiantza berarekin ekin genion Manchesterren aurkako partidari, sinetsiz gai ginela irabazteko. Hori gabe, alferrik da beste guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.