Italiako Giroa

Bologna izutu du Roglicek

Esloveniarrak hegan egin du Giroko lehen erlojupekoan. Simon Yates izan da bigarren, 19 segundora. Mikel Landak, pattal, 1.07 galdu du

Bologna izutu du Roglicek.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Sasoi hoberenean dagoen txirrindularia da Primoz Roglic (Jumbo). Inoiz ez da lehiatu itzuli handi bat irabazteagatik, baina ez dago pedal kolpe ona baino argudio sendoagorik. Esloveniarrak hori du, hanka freskoak eta indarra, erakustaldia eman zuen atzo Italiako Giroko lehen erlojupekoan. Zortzi kilometro pasatxoko ibilbidean hemeretzi segundoren aldea atera zion Simon Yatesi (Mitchelton), 23koa Vincenzo Nibaliri (Bahrain), 28koa Tom Dumoulin (Sunweb) eta Miguel Angel Lopezi (Astan), eta 1.07koa Mikel Landari (Movistar). Murgiarrak saio oso kaskarra egin zuen: minutu batetik gorako galera oso handia da hain ibilbide motzean.

Erlojupekoak bi tarte oso ezberdin zituen: sei kilometroko bide laua lehenbizi, eta bi kilometroko igoera pikoa gero —%9,7ko pendiza zuen, batez beste—. Roglicek bietan eman zuen erakustaldia. Trantze egoeran ekin zion lanari, eta ia erreferentziarik gabe. Eguraldi iragarpenak medio, Yates ez beste faborito nagusiak lehen hogei minutuetan irten ziren. Roglic erlojupeko espezialista dela ikusi zen tarte lauan. Hura izan zen onena. Esaterako, hamazazpi segundo atera zizkion Yatesi. Goraka, berriz, ingelesa irabazlea bezain ondo ibili zen. Bakarra izan zen. Dumoulini hamazazpi segundo atera zizkion goraka, Nibali eta Lopezi hemeretzina eta Landari 44. Murgiarrak lehen tarte horretan egin zuen kale. «Luzeegia egin zait; ez naiz hasi nahi nuen bezala. Lan hobea egin behar nuen». Oraindik Giro osoa falta zaio, baina lehen sintomak ez dira onak izan.

Aldapa gora ere Roglic izan zen onena. Zutik jarri gabe, modu ikusgarrian mugitu zuen garapena. Indar handia behar da zangoetan horretarako. Haren aurretik irtendako bi txirrindulariak —Amaro Antunes (CCC) eta Arnaud Demare (FDJ)— pasatu zituen gorako bidean. Minutu batzuk lehenago Nibalik aho bete hortz utzi berri zituen etxeko zaleak, baina Roglicek euforia itzali zuen. Hiru ordu egin zituen zain, podiumera igo eta elastiko arrosa janzteko.

Roglic izan zen eguneko irabazle nagusia, baina nabarmentzekoa da Lopezen lan bikaina. Igotzaile petoa da, eta, hala ere,Dumoulinen marka bera egin zuen. Landari dagokionez, Richard Carapaz taldekideak hogei segundo hobea izan zen, eta ez da ahaztu behar iaz laugarren izan zela. Ez harritu talde barneko hierarkiaren eztabaida hasten bada beste behin. Beste euskal herritarrei dagokionez, nabarmentzekoak, Pello Bilbaoren (Astana) 11. postua eta Victor de la Parteren (CCC) hamabigarrena.

Aranburu irabazle Madrilen

Alex Aranburuk (Caja Rural) Madrilgo Itzuliko bigarren etapa irabazi zuen atzo, eta probako lider berria da. Ibilbide gorabeheratsuko etapa zen, eta hamasei kideko multzo bat iritsi zen aurrean. Aranburu izan zen bizkorrena, eta tartean zeuden, esaterako, Gari Bravo (Euskadi-Murias) edo Jonathan Lastra (Caja Rural). Hamaseiek denbora bera dute. Gaur 100 kilometroko etapa laua jokatuko da, Madrilen barrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.