Bestak Antsoainen

Musikak herrian duen espazioa handitzeko bandak

Antsoaingo musika eskolako banda eta 'big band'-a gaur ariko dira herriko bestetan jotzen. Duela 11 urte ireki zuten eskola

Antsoaingo musika eskolako big band-a, hamargarren urteurreneko kontzertuan jotzen. ANTSOAINGO MUSIKA ESKOLA.
Iker Tubia.
2019ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Doinu berezia izanen du gaur Antsoainek (Nafarroa). Bestak bukatuko dira, baina hala ere antsoaindarrek egitarau zabala dute zain. Tartean, musika eskaintza berezia: Antsoaingo musika eskolako ikasleak arduratuko dira bestetako azken eguneko musika eskaintzaz. Goizeko 10:00etan eskolako gazteenak aterako dira bandarekin karrikak alaitzera. Bestelako airea izanen du arratsaldeak, jazz doinuak haizatuko baititu musika eskolako big band-ak.

Iaz egin zuten lehenbizikoz kontzertua big band-arekin, eta Itziar Perez de Ziriza musika eskolako zuzendariak azaldu du kontent direla jendearen harrerarekin. «Jendeari asko gustatzen zaio. Kanta ezagunak jotzen dituzte, eta oso atseginak dira entzuteko». Jose Luis Gomez Koki da zuzendaria, eta, Perez de Zirizaren arabera, oso ongi gidatzen du taldea.

Gainera, ikasleentzat pizgarria da bandan jotzeko aukera izatea. «Txikiak bandan aritzen dira, eta, handitzen direnean, hirugarren mailara pasatzerakoan, big band-ean sartzen dira. Normalean, bigarren maila bukatzen ari direnean sekulako gogoa izaten dute horretan hasteko».

Lau urte ditu big band-ak. Ez ditu askoz ere gehiago musika eskolak, duela 11 urte ireki baitzuten. 3 urteko haurrekin hasi ziren, eta lehenbiziko urteetan banda klasikoa zuten. Baina, ikasleak hazi ahala, beste estilo batzuk jo nahi zituzten, eta bestelako kontzertuak eskaini. Horrek bultzatu zituen big band-a sortzera, eta orain arteko emaitzekin kontent dira.

Denbora gutxian errotua

Eskolako zuzendariak azaldu du musika eskola, nahiko berria izanagatik ere, dagoeneko herriko parte garrantzitsua dela: «Musika eskola berria da, baina herrian azkar errotu gara». Ia berrehun ikasle biltzen ditu, eta Nafarroan erreferente dela esan du Perez de Zirizak. Ez hori bakarrik: «Sistema pedagogiko ona du». Perez de Ziriza sinetsirik dago Antsoain bezalako herrietan musika eskolak beharrezkoak direla, haurrek zein helduek musika ikasi nahi dutelako. «Musikaren hezkuntzak derrigorrezkoa izan beharko luke guztientzat, baina eskoletan musika eskolen orduak oso gutxi dira, geroz eta gutxiago», ohartarazi du.

Iaz hamargarren urteurrena zela aprobetxatu zuten eskola herrira zabaltzeko, eta tokiko eragile eta elkarteekin aritu ziren elkarlanean. «Hamar urtez hemen barruan egin genuen lan, eta orain gure jarduna irekitzen saiatzen gara: Antsoain musikaz betetzea da gure helburua».

Musika eskolak baxu elektrikoa, gitarra elektrikoa, klarinetea, zeharkako flauta, gitarra klasikoa, perkusioa, pianoa, saxofoia, tronboia, tronpeta eta kantua eskaintzen ditu. Gainera, 3 urteko haurrekin lanean hasten dira; are, 2 urtekoekin ere tailerrak egiten dituzte tarteka. Perez de Zirizak gogorarazi du eskolako ateak zabalik direla denentzat.

Big band-aren kontzertua 18:00etan izanen da, Lapurbide plazan. Txosnetan, berriz, Fermin Valentziak eta Anje Duhaldek itxiko dituzte bestak, eta Rafael Alberti plazan disko mugikorra izanen da. Iluntzean, zezensuzkoak itzaliko du besta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.