Estitxu Zabala.
«BIKIN GORA!»

Lehen aldiak

2017ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Ez naiz erraz hunkitu eta negarrez hasten den horietakoa, baina, igande eguerdian, begiakbusti nituen, jendaurrean, lehen aldiz, bidaia hasteko prest ginela, trenak alde egin zigula ikustean.

Ez dago jauntxorik aurtengo TKE ligan, edo hala dirudi, baina iazko oilarretako batek, Hondarribiak, larunbat arratsaldean astindu zuen denboraldiko lehen bandera, Oria ibaian.

Ez da Mutriku puntan dabilen talde horietakoa, baina, larunbat eguerdian, haizea edo ez haizea, KAE 2 ligan bandera bat astindu zuen, lehenengoz, Kontxako uretan. Taldekideek ez zuten halakorik espero, eta dagoeneko jasota zuten trainerua ere.

Ez dira denboraldiko lehen albiste onak donostiarrentzat, baina asteburu biribila izan dute inondik inora. Igor Makazagaren taldeak etxeko bandera eskuratu du lehen aldiz, bere hamargarren urteurrenean. Hori gutxi ez, eta igandeko trapua ere lortu zuten Donostiarrakoek; seitik bost doaz, momentuz. Gainera, Euskotren ligan aritzeko aukera ere irabazi zuen Arraun Lagunakek, lehen aldiz, bi egunetan laugarren izan ostean.

Ez dira historiako lehen banderak Koxtape eta Hibaikak asteburuan lortutakoak, baina bai 2017ko Euskotreneko lehenak. Ez dituzte lehen estropadak jokatu, baina lehen aldiz aritu dira Euskotreneko estropada batean Mimi, Maitane, Junior... eta lehen aldiz jakin dute zer den bosgarren postu horretan geratzea.

Lehen aldiek hori dute, lehen aldiak direla, eta behin eginda, jada ez direla lehen aldi izango berriro. Kontua da lehen aldiak izatea, eta ilusio eta gogo berberarekin joatea hurrengo aldietara ere, beste lehen aldi batzuk lortzeko, beste lehen aldi batzuk gozatzeko, beste lehen aldi batzuk partekatzeko. Lehen aldi asko geratzen zaizkigu ezagutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.