«Laster ikusi nuen bertsoak ez zirela nirea»

Imanol Magro Eizmendi.
Arbizu
2018ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Isila dela dio Ezkurdiak. Berak baldin badio, hala izango da. Baina ez dirudi, behintzat. Umoretsua da, eta badaki bizi erantzuten.

Binakako txapela irabazi zenuenean, afari ikusgarria antolatu zenuten Arbizun. Orain, bakarka irabazten baduzu, su emango diozue herriari?

Ez dakit zenbat jendek eman duen izena, baina, irabazten badugu, berriz ere afari eta ospakizun latza egingo dugu. Egun hartan 250 bat izan ginen, baina uste dut gutxiago egongo garela, ordukoan Zabaletaren aldekoak ere elkartu baitziren. Baina giro ederra egongo da, ziur.

Zein da menua?

Aguraingo catering enpresa batek egingo du: patea, urdaiazpikoa, piper beteak eta saiheskia erreta.

Oso klasikoa. Gaztea izanda, pizza eta kebaba hobeto agian?

Ez. Jateko, tradizionala naiz.

Kebabik jan al duzu noizbait?

Ez, sekula. Altsasun bada, baina ez nau erakartzen.

Bigarren finala duzu urte batean. Honezkero ezaguna izango zara. Nola daramazu?

Ongi. Final kontuetan zabiltzanean, sumatzen duzu, gehiago agertzen zara hedabideetan... Baina polita da. Jendearen aldetik maitatua sentitzen naiz, eta kasu egiten diot. Mutiko sanoa izaten saiatzen naiz, eta jendea etortzen denean zure lana baloratzen duelako da.

Jendearen iritziak eragiten dizu?

Lehen, gehiago; orain, gutxiago. Urteekin ikasi egiten da.

Lotsati itxura duzu.

Bai, lotsatia eta isila naiz.

Orduan, bertsotarako gaizki, ez Julio Soto lehengusua bezala.

Oso txarra naiz. Artista nintzen, baina abeslari txarra. Urtebete egin nuen Etxarriko bertso eskolan, baina laster ikusi nuen ez zela nirea. Ordu txikitan, agian, errazago egingo nuke, baina, bestela, ez.

Kuadrillan, berriz, baduzu musikaririk, Pello Reparaz Vendettakoa. Musika tresnarik jotzen al duzu?

Ez. Galdetu Pellori musikarako balio dudan ala ez. Kantatzeko ere desastrea naiz.

Ba al duzu zaletasunik?

Lasai egotea gustatzen zait, lagunekin. Eta oso kirolzalea naiz, kirol guztiak ditut gustuko: eskubaloia, futbola...

Zein duzu talde kutunena?

Reala eta Osasuna. Umetan, asteburu guztiak amaren herrian pasatzen nituen, Bidanian [Gipuzkoa], eta, horregatik, Reala asko gustatzen zait, eta Osasuna ere bai.

Lepoko kate lodidun azken pilotaria al zara?

Kar, kar... Izeba batek oparitu zidan; hurrengoan luzeagoa hartu behar dut, elastikotik atera ez dadin. Entrenamendu batean hortzetan jo ninduen, eta hura zen mina.

Garai batean guztiek zeramaten.

Moda hori pasatu da. Ni beti modaz aparte nabil.

Pablo Berasaluzek urrezko kate bat erosi zuen lehen soldatarekin. Zertan gastatu zenuen zuk?

Familia gonbidatu nuen afaltzera.

Pilotari zarenetik, onartzeko moduko gutiziarik izan al duzu?

Gustatzen zitzaidan auto bat ekarri nuen. Bestela, ez.

Ba al duzu hipotekarik?

Ez, amaren etxean bizi naiz, lasai-lasai.

27 urte dituzu, baina Aspeko pilotari zaharrenen artean hirugarrena zara. Zer zara, Irujo eta haien artean azkenekoa, edo Altuna eta horien arteko zaharrena?

Nik zorte handia izan dut. Irujo, Olaizola II.a eta horien aurka asko jokatu nuen, txikitan telebistan ikusten nituen pilotariak, eta belaunaldi berriaren aurka ere jokatu dut. Tartean nago.

Aspera iritsi zinenetik, asko aldatu da dena?

Ez dago alderik. Nik Titin, Xala, Gonzalez, Pascual, Arruti, Olazabal, Zubieta eta horien aurka jokatu nuen. Ikaragarri aldatu da dena.

Nola zen orduan aldagela hartan sartzea?

20 urte nituen. Sartu, eta isil-isilik egoten nintzen. Esaten zutenari barre egin, eta aurrera. Ikusi, entzun, eta ikasi. Nik, debutatu eta gutxira, bost eta erdiko partida jokatzeko aukera izan nuen: Irujoren aurka, Titin... Partida onak, eta, tentsioaren eraginez, jota bukatzen nuen. Pilotalekuko solasaldiak ere ez dira asko aldatu; agian, lehen ehizari buruz gehiago, baina gaiak beti berberak dira: autoak, lagunen pasadizoak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.