1845

Trenbideen zoramena

2014ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Beste burbuila bat izan zen. Tulipenaren antzekoa, baina oraingoan, asmakizun iraultzaile batek elikatua: trenbideek. Erresuma Batuan gertatu zen XIX. mendean. Ingalaterran bi hiri batu zituen lehen trenbidea Liverpool eta Manchester artekoa izan zen. 1830ean egin zuen lehen bidaia bidaiariekin, eta ordu eta erdian egin zituen 56 kilometro. Viktoria erreginak 1842an egin zuen bere lehen tren bidaia. Aurrerapen izugarria zen, eta hiri guztiek nahi zuten trenbidea bertara iristea. Trenbidea eraikitzeko konpainietan inbertitzen hasi ziren, eta 1840ko hamarkadaren lehen erdian asko ugaritu ziren trenbide konpainiak. Enpresa errentagarriak ziren zinez: dibidenduen %10 banatzen zituzten, beste sektoreetako konpainiek baino lau aldiz gehiago. Pagotxa zen trenbide konpainietan inbertitzea. Negozio biribila. Baina burbuila puzten hasi zen, ez baitziren errentagarriak proiektu guztiak, ezta errealak ere konpainia guztietako akzioen prezioak. 1845ean, %500 igo ziren akzio batzuen prezioak. Baina urte horretako ekainean lehertu zen dena: iruzurrak eta azpijokoak agerian geratu ziren. Londresko parlamentuak 20.000 espekulatzaileren zerrenda aurkeztu zuen, trenbideetako akzio bakoitza 2.000 liberatan erosi eta hurrengo egunean saltzeko asmoa zutenen izenak ziren. Baina berandu zen. Albistea bolo-bolo zabaldu zen, eta akziodun guztiak euren akzioak saltzen hasi ziren segituan. Ingalaterrako Bankuak zerikusi handia izan zuen burbuilaren hasieran, 1840ko hamarkadan, mantsotze ekonomikoari aurre egiteko interes tasak jaitsi zituelako, herritarrak trenbide konpainietan inbertitzera animatuz. Burbuila lehertu zenean, berriz, interes tasak igo zituen berriro, eta gobernuaren bonuak erakargarri egin zituen inbertitzaileentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.