Jorge Campanillas. Teknologia berrietan aditua den abokatua

«Oso ondo aztertu behar da aldez aurretik nolako akordioa erdietsi den»

arantxa iraola
2018ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Teknologia berriek itaun berriak ekarri dituzte zuzenbidearen arlora; Internetekin lotutako jarduerek, bereziki, zalantza asko eragin dituzte. Propio jakintzaren eremu horretan aditua da Jorge Campanillas abokatua.

Interneten jarritako argazkien gaineko kontrol faltarekin kexu dira salaketa ipini duten andre asko. Behin sarean jarrita, norberak kontrola galtzen du?

Behin irudiak sarean jarrita daudenean, zaildu egiten da kontrola, eta, usu, kosta egiten da horiek kentzea. Sare sozial bati esan diezaiokegu, esaterako, kendu nahi dugula argazki bat; baina askotan gertatzen da sare sozial horren egoitza akaso dagoela atzerriko herrialde batean, eta zaila dela gure salaketa aintzat hartzea han. Sarri, haiekin harremanetan jartzea ere lan nekeza izaten da. Eta, gainera, behin sare sozial batean argazkiak ipinita, handik beste norbaitek ere har ditzake, eta beste toki batean argitara ditzake.

Modelo batek argazki batzuk egitean zer kontratu klase izenpetu behar du arazook saihesteko?

Argazkilari batek erretratuak egiten dizkigunean, nolabait ere, irudi eskubideak utzi egiten dizkiogu hari, baina aldez aurretik zehaztu egin daiteke zein den irudi horien helburua eta zein kanaletan erabiliko diren. Ongi egindako lan batean, argazkilariak argi zehaztu beharko luke zein kanpainatarako diren, zein formatutan erabiliko diren, zenbat denboran... Gero gerta daiteke argazkilariak irudien kontrola galtzea, baina ahalik eta ongiena zehaztu behar da nolako baimena eman duen argazkietan aterako denak.

Esaterako, irudiak liburu baterako baimendu badira, eta gero Interneten agertzen badira, argazkilariari kontu har dakioke...

Jakina, baimena gauza jakin baterako bakarrik eman baduzu, eta gero irudiei beste erabilera bat eman bazaie, argazkilariari kargu har diezaiokezu: baimena ez duela behar bezala bete esan diezaiokezu. Areago, kalte-ordain bat eska dezakezu. Oso ondo aztertu behar da aldez aurretik zer-nolako akordioa erdietsi den. Argazkietan agertzen diren pertsona ospetsuek-eta, adibidez, usu egiten dituzte halako negoziazioak.

Epaitegiek zer egin dezakete baimenik gabe batean eta bestean dabiltzan irudiei buruz dituzten errekerimenduekin?

Epaileak eska diezaioke, adibidez, sare sozial bati irudi batzuk kentzeko, baina prozedura zail eta luzeak izaten dira sarri. Sare sozialek egoitzak atzerrian-eta dituztenean, bereziki, oso zailak dira. Europan badago, akaso izango da errazagoa, baina bestela... Tartean adingabeak daudela frogatzen bada, haurren pornografia dagoela, orduan izaten da era azkarrago jarduteko. Gainerakoan, zaila da. Horrek ez du esan nahi, ordea, ez denik deus egin behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.