Koronabirusa

Oraingoz, 19 udalerri itxirik

Jaurlaritzak argitaratu du 400eko tasa gainditzen duten herrien zerrenda. Bihar itxiko dituzte

Ertzaintzak Donostia eta Pasaia artean joan den urrian ezarritako kontrol bat, itxiera perimetrala zaintzeko. GORKA RUBIO / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Atzo argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako neurri murriztaileen dekretu berria, bihartik aurrera indarrean sartuko dena. Eta 100.000 biztanleko 400eko intzidentzia tasa gainditzen duten herrien zerrenda ere plazaratu zuen; izan ere, horixe da neurri nagusia, langa hori gainditzen duten herrietan itxiera perimetrala ezarriko dutela eta ostalaritzan, kirolean eta beste zenbait jardueratan murrizketak jarriko dituztela indarrean.

Hemeretzi herri dira orotara: bost Araban, beste horrenbeste Bizkaian, eta bederatzi Gipuzkoan. Araban, denak dira 5.000 biztanle baino gutxiagokoak: Eltziego, Elvillar, Iruña Oka, Urkabustaiz eta Zigoitia. Bizkaian, berriz, 5.000 biztanle baino gehiagoko lau herri dira Elorrio, Ermua, Muskiz eta Ondarroa, eta beste bat txikiagoa, Berriz. Azkenik, Gipuzkoan lau herri handi Beasain, Lazkao, Ordizia eta Urretxu eta bost txiki Ataun, Idiazabal, Olaberria, Zaldibia eta Zegama itxiko dituzte.

Udalerri horietan guztietan itxiera perimetrala ezarriko da, baina hango biztanleek aldameneko herrira joateko aukera izango dute erosketak egitera eta aire zabalean kirola egitera. Halaber, kanpoko herritarrak herri horietara joan ahal izango dira baldin eta herriko ostaturen batean erreserba egina badute martxoaren 26a baino lehenagotik.

Herri horietako taberna eta jatetxeek ere murrizketak izango dituzte: soilik 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era egongo dira zabalik barruko aldeak.

Jaurlaritzaren asmoa da zerrenda hori astelehenero berrikustea. Apirilaren 5a, ordea, jaieguna da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; hortaz, aste horretan asteartez emango dute itxi beharreko herrien zerrenda, apirilaren 6an hain zuzen.

Oposizioak neurriok kritikatu ditu. EH Bilduko Nerea Kortajarenak esan du oporretan beste norabait joatea erabakita zeukatenak «saritu» egin dituela Jaurlaritzak, eta Elkarrekin Podemos-IUko Isabel Gonzalezek «deskoordinazioa eta inprobisazioa» egotzi dio Labi batzordeari.

Espainiak ere neurri murriztaile gehiago ezarriko ditu, eta orain iragarri du Ipar Euskal Herriko biztanleek PCR proban negatibo eman izanaren agiria aurkeztu beharko dutela muga zeharkatzen dutenean, baldin eta mugatik 30 kilometro baino urrunago bizi badira eta eremu gorrian, laranjan edo grisean badaude.

Ospitaleetan, okerrera

Azken orduetan COVID-19aren izurriak atseden apur bat eman du, eta kutsatze kopuruak pixka bat apaldu egin dira Hego Euskal Herriko herrialde ia guztietan. Zoritxarrez, apaltze horrek ez du islarik izan erietxeetan, eta berriro ere handitu da gaixotasunaren ondorioz ospitaleratu behar izan dituztenen zenbatekoa.

Joan den ostegunean, positiboen kopuruak goia jo zuen Hego Euskal Herrian, eta 800 kasuren langa gainditu zuen; zehazki, 809 positibo zenbatu zituzten, eta hori daturik okerrena da joan den otsailaren 10etik. Ostiralean, berriz, behera egin zuen kutsatuen kopuruak, eta 747 positibo atzeman zituzten.

Horietatik, 108 Araban detektatu zituzten, aurreko egunean baino lau gutxiago; Bizkaian, 283 positibo zenbatu zituzten, bezperan baino hamar gutxiago; Gipuzkoan ez da aldaketarik izan eta ostiralean 199 positibo atzeman zituzten, bezperan beste; eta Nafarroan izan da apaltzerik esanguratsuena, 155 positibo detektatu baitzituzten, aurreko egunean baino 50 gutxiago. Horiei gehitu behar zaizkie Osakidetzak atzemandako beste bi positibo, hiru herrialdeetatik kanpo bizi diren gaixoei dagozkienak.

Ospitaleetan, berriz, egoerak okerrera egin du; 76 gaixo ospitaleratu zituzten COVID-19aren sintomak zituztela, hau da, bezperan baino 33 gehiago. ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan dauden gaixoen kopuruak ere gora egin du, modu apalagoan izan bada ere: orotara, 107 dira, bezperan baino hiru gehiago.

Osasunbideak jakinarazi duenez, 69 urteko gizonezko bat hil da azken orduetan Nafarroan COVID-19aren ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.