Eraso matxistei, oihartzuna

Isilpean eta ezkutuan geratzen den indarkeria matxistarekin kezkatuta, Amurrioko Otsemeak talde feministak tresna bat sortu du erasoak anonimoki salatzeko: 'Entzun gaitzatela!'.

Entzun gaitzatela! kanpainaren kartela, Amurrion. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Eraso matxistak salatzean, «jo puntuan» jartzen dira emakumeak: haien hitzak eta ekintzak epaitzeko joera oso hedatuta dago oraindik; auzoetan edo herri txikietan, gainera, erasotzaileak ezagunak direnean, gertutasunak zaildu egiten du erasoez argi mintzatzea. Horregatik, emakume «askok» nahiago izaten dute «gertatutakoa ahaztu» eta «inori ez kontatu». Kezka horretatik abiatuta sortu du Otsemeak Amurrioko (Araba) neska gazteen taldeak Entzun gaitzatela! kanpaina; erasoak modu anonimoan salatzeko tresna eman nahi die emakumeei, ez daitezen ezkutuan geratu.

Eider Garcia Otsemeak-eko kidearen arabera, erasoak salatzeko eta «desnormalizatzeko» tresna gisa erabiliko dute plataforma hori. Izan ere, «azken boladan» eraso matxistek gora egin dute Amurrion: «Pandemiaren harira, herrian sozializatzeko nahi handia dago, baina sortzen ari den jai giroa ez da batere osasungarria, besteak beste, alkoholaren kontsumoan oinarritzen delako. Horrek zuzenean eragiten die emakumeei».

Garciaren ustez, lehen «ezkutuan» geratzen ziren erasoak «askoz ere era basatiagoan» gertatzen dira orain, eta gorakada horrek zerikusia du hedatzen ari den «kultura agresiboarekin». Kezka agertu du giro horretan eratzen ari diren harreman ez-osasungarriekin: «Lehen eraso moduan hartzen ziren harreman batzuk normaltzat jotzen dira orain».

Salaketak jasotzen

Talde feministak «askotan» ezin izan du «ezer egin» eraso matxisten aurrean, biktimak «ez duelako salatu nahi izaten». Egoera horrek «kezka» sortzen zion Otsemeak-eko kideei, eta kaleen eta sare sozialen bidez erasoak publiko egiteko sortu dute Entzun gaitzatela! plataforma. «Erasoak jasandakoaren anonimotasunean oinarritzen da tresna. Hori bermatzea izan da gure baldintza nagusia», nabarmendu du Garciak. Horregatik, egitasmo horren bidez, inor ez dago bere izena ematera behartuta, eta plataformak ez du «inolako arrastorik» uzten. Erasoa salatzeko, inkesta bat bete behar da, eta bakoitzak «nahi duena» kontatzen du; ez da derrigorrezkoa galdera guztiak erantzutea.

Behin salaketa jasota, talde feministak inkestan adierazitakoa zabalduko du, salatzailearen «bertsioa distortsionatu gabe». Erasoak publiko egiten doazen heinean, «gero eta salaketa gehiago» jasotzea espero du Garciak: «Jendeak ikusten duenean ez dela horrelako erasoak jasaten duen bakarra, kontatzera animatuko da». Adierazi duenez, anonimotasunak ere bultza ditzake emakumeak erasoak salatzera.

Harrera «ona» izan du egitasmoak, baina «zabalpen fasean» dago oraindik. Kanpainaren eskuorriak eta kartelak zabaldu dituzte Amurrion, eta ikastetxeetan aurkezpenak egiteko asmoa dute, nola erabiltzen den erakusteko. Baina erasoak salatzetik harago joan daitezkeela uste du Amurrioko taldeak, eta aurrerago, «bigarren fase batean», zenbait jarduera antolatzea aurreikusten dute, besteak beste, autodefentsa tailerrak, eta neska gazteek jai giroa eta erasoak nola bizi dituzten eztabaidatzeko espazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.