Frantzia dena ematen ari da tasa digitala lehenbailehen onar dadin

EBko bazkideei proposatu die behin-behinean onartzeko, irteera global bat topatu arte

Frantziako Ekonomia ministro Bruno Le Maire. FLORIAN WIESER / EFE.
xabier martin
2018ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Parisek azeleragailuari eragin dio tasa digitala aurrera atera dadin Europako Batasunean. Vienako Ekonomia eta Finantza ministroen goi bileran proposamen berria egin die bazkideei Google, Facebook eta unibertso digitalaren beste erraldoiek egun pagatzen dituztenak baino zerga gehiago ordain ditzaten. Europako Batzordeak onartzen duen edozein lege behin-behinekoa izatea eskaini du Parisek, mundu mailan auziaren inguruan har daitezkeen erabakietara egokitzeko aukera egon dadin. Baina, oraingoz, ministroek Ecofinen adostu duten gauza bakarra da urtea amaitu aurretik saiatuko direla zerga berria onartzen. Hala jakinarazi zuen Hartwig Loger Austriako Finantza ministroak, atzo; Batasuneko presidentetza du Austriak egun.

Ezaguna da Batasuneko kideen artean ez dagoela adostasunik tasa horren komenentziaren inguruan, eta Batzordearen proposamena blokeaturik dagoela. Irlanda, adibidez, Frantziak tenk jarri duen sokaren beste muturrean dago, Google eta haren lehengusu digitalen ingeniaritza fiskalaren onuradun nagusia delako. Baina Irlanda, bere kabuz, ez litzateke gai izango tasa digitala gelditzeko, nahiz eta aho batez onartu behar den. Alemaniak zalantza handiak ditu zerga horren inguruan, eta horrek ematen du oztopo handiena.

Bruno Le Maire Frantziako Finantza ministroa Alemaniako bere kidearekin azaldu zen prentsaren aurrera, Olaf Scholzekin, Europako bi handien artean elkarlana nagusitzen dela islatu nahian. Izan ere, ekainean potentzia biek egindako Mesebergeko deklarazioa oso presente egon zen. «Mundu guztiak ulertzen du ez dela bidezkoa Interneteko konpainia berri arrakastatsuenek ekarpenik ez egitea ongizate publikoari», esan zuen alemaniarrak, baina «eztabaidatzeko denbora gehiago» eskatuta.

Fakturazioa zergapetu

Parisek azkarrago joan nahi du, eta urtea amaitzerako —euroari buruzko abenduko goi bilerarako — nahiko luke tasa digitalari buruzko akordio bat, «egungo egoera ez delako bidezkoa». Frantziak hauspotu duen Batzordearen proposamenak jasotzen du Interneteko enpresen zerbitzuen fakturazioa —ez mozkinak— %3 zergapetzea. Mundu osoan 750 milioi eurotik gora eta Europako Batasunean 50 milioitik gora fakturatzen duten enpresek pagatuko lukete. Egoitza nagusia AEBetan dute zerga berria pagatuko luketen enpresa gehienek, eta Europan pagatzen dituzten sozietate zerga txikiak orekatuko lituzke tasa digitalak. Bruselak proposatu duen tasa behin-behinekoa litzateke, enpresen presentzia digitalaren arabera, zerga zehatzagoak erabakitzen diren arte.

Azken egunetan Alemaniaren konpromisoari buruzko zalantzak handitu dira, eta Olaf Scholzek etena jarri nahi izan zion mesfidantza horri, baina zaila da hori anbiguotasuna bazterrean utzi gabe. «Arazoa handiagoa egin aurretik ari da esku hartzen EB», esan zuen.

Frantziako Asanblea Nazionalak Google tasa onartu zuen 2016ko abenduan, baina Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuen, eta Paris Europako Batzordetik ari da orain arazoari irteera eman nahian. Eliseoko jauregian uste dute Google, Facebook, Amazon eta beste konpainia digitalak iturri garrantzitsua izan daitezkeela estatuaren kontuak txukuntzen laguntzeko.

Espainiako Gobernua ere jetzi gabeko behiak ikusten ditu sareko erraldoiak ikustean; Pedro Sanchezen gobernuak iradoki du Gizarte Segurantzaren zuloa estaltzen lagundu dezakeela haiei ezarritako ahalezko zerga batek. Portugalek, Kroaziak, Belgikak, Errumaniak, Txekiak eta Hungariak zergapetzen dituzte jadanik osagai eta zerbitzu digitalak kontsumitzea, baina bakoitzak bere erara. Ekonomia handien artean, berriz, Italia dago miran, %3ko zerga ezarri baitie zerbitzu digitalei; 2019an sartuko da indarrean arau berria, eta Erromako gobernuak uste du lehenengo urtean 114 milioi euro bilduko dituela haren bidez.

Alemaniaren zalantzak

Batasuneko motor handienak, ordea, ez dauka inolako zerga berezirik onartua atal digitaleko enpresa handientzat. Alemaniak badaki herritarrek argi ikusten dutela arazoa, eta 2019ko Europako hauteskundeak badatozela ere bai. Kalkulatu dute Google, Amazon, Facebook eta beste hainbat %9,5eko tasa pagatzen ari direla sozietate zergan, eta enpresa tradizionalak %23,2. Horregatik, litekeena da urte amaierarako urratsen bat egitea.

Berlinek nahiago du, ordea, OCDEren barruan esku hartzea, gehiagoren artean. AEBekin izandako gerra komertzialaren itzala luzea da, eta Donald Trumpek Google tasa europar baten aurrean izan dezakeen erreakzioa oso kontuan hartzeko modukoa da. Alemaniako autoak zergapetzeko egin zuen mehatxuaren eragina gogoratzea baino ez dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.