Koronabirusa

ZIUetan ere arintzen ari da presioa apurka

Koronabirusak kutsatutako 56 gaixo baino ez daude Hego Euskal Herriko ZIUetan. Beste 226 kasu detektatu dituzte azken orduetan

Larrialdi zerbitzuak, gaixo bat etxetik erietxera eramaten, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Egun batetik bestera gorabeherak badituzte ere, COVID-19aren datuek erakusten dute izurriaren apaltze orokorrak bere horretan jarraitzen duela, eta horrek ondorioak ditu erietxeetan ere. Esanguratsua da, adibidez, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan gertatzen ari dena: presioa apurka-apurka arintzen ari da, unitate horietan erietxeratutakoen kopurua aspaldiko apalena da, eta zenbait erietxetako ZIUetan ez dago orain koronabirusak jotako gaixorik.

Joan den ostiralean, 56 paziente zeuden Hego Euskal Herriko erietxeetako ZIUetan, bezperan baino lau gutxiago. Astebete lehenago, adibidez, ZIUetan artatzen ari ziren gaixoak 82 ziren.

Jaitsiera horrek asko arindu du erietxeetako presioa. Bilboko Basurtuko ospitaleko ZIUan, adibidez, oraintxe ez dago koronabirusak jotako gaixo bakar bat ere. Gasteizko Txagorritxun, berriz, hiru gaixo baino ez daude ZIUan koronabirusaren sintomekin.

Osakidetzak eta Osasunbideak koronabirusa detektatzeko 7.086 proba egin zituzten joan den ostiralean, PCRak eta antigeno probak; kopurua bezperakoa baino apur bat txikiagoa da, ostegunean 7.668 proba egin baitzituzten. Beste 226 kasu detektatu zituzten, aurrekoan baino hamalau gehiago.

Igoera txiki hori ez da homogeneoa Hego Euskal Herriko lurralde guztietan. Araban 31 kasu atzeman dituzte, bezperan baino 11 gehiago; Bizkaian 112 kasu detektatu dituzte, aurrekoan baino bost gehiago; eta Nafarroan, berriz, 58 kasu berri topatu dituzte, bezperan baino 11 gehiago.

Gipuzkoa da jaitsiera izan duen herrialde bakarra: 22 kasu baino ez dituzte antzeman, aurreko egunean baino hamahiru gutxiago. Osakidetzak beste hiru kasu detektatu ditu jatorria hiru herrialdeetatik kanpo daukatenak. Gainera, koronabirusaren sintomak zituzten hogei paziente ospitaleratu zituzten ostiralean Hego Euskal Herrian.

Atzo sartu ziren indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri berriak, aurreko arauen malgutzea ekarri dutenak. Orain, txoko eta elkarte gastronomikoak ireki daitezke, tabernen itxiera eta ekitaldien bukaera ordua 02:00etara atzeratu dute, dendetan eta merkataritza guneetan %60ko edukiera baimendu dute, eta aukera eman dute ikusleak kirol ekitaldietara joateko, betiere gehienezko kopuru batzuk errespetatuz.

Jaurlaritzak argitu du ume eta gaztetxoen aisialdi ekitaldiak hamar laguneko talde egonkorretan egingo direla, hezitzailea kontuan hartu gabe, eta aukeran aire zabalean antolatuko dituztela.

Ikasleen txertaketa

Hego Euskal Herrian, Batxilergoko eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei 2021-2022ko ikasturtea hasi baino bi aste lehenago eman nahi diete koronabirusaren kontrako txertoa.

Behintzat, hori da Espainiako Gobernuaren asmoa. Lehenago, badu gainditu beharreko oztopo bat, EMA Sendagaien Europako Agentziak baimendu beharko bailuke egitasmo hori, baina baimena garaiz iristen bada, Batxilergoko eta DBHko ikasleak hurrengo ikasturtea hasi aurretik txertatuko dituzte.

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek egin du asmo horren iragarpena. Sanchezek Madrilen antolatutako ekitaldi batean parte hartu du, hezkuntza komunitateari eskerrak emateko pandemiaren garaian egindako lana eta erakutsitako «adorea» direla eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.