Italiako Giroa

Cofidisen zorra ordaindu du

Lafayk irabazi du Giroko 8. etapa, ihesaldian sartu eta amaieran erakustaldia eginda. Valter iritsiko da lider gaurko etapa menditsura

Cofidisen zorra ordaindu du.
enaut agirrebengoa
2021eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Giroarekin zorretan zegoen Cofidis. Tropelean mende laurdena darama Frantziako mailegu enpresa horrek babestutako taldeak, baina soilik bi garaipen zituen Italiko lasterketan. Areago, 11 urte zeramatzan bertan irabazi gabe. Bada, zorra kitatzea lortu atzo, Victor Lafayk Guardia Sanframondiko igoeran emandako erakustaldiari esker. Ihesean lortu zuen garaipena Lafayk, taldearen estiloari leial. Zortzi egunean arrakasta eduki duen laugarren ihesaldia izan zen. Bestalde, lidergoak ez zion ihes egin Attila Valterri (Groupama), eta arrosaz jantzita iritsiko da gaurko etapa menditsura. Onenak, berriz, bezperan surik piztu gabe helduko dira.

Bihurriak ziren etapako lehen kilometroak, eta jolaserako gogoa zeukaten txirrindulariek. Hainbat saiakera izan ziren tropela zatikatzeko; horietako batean parte hartu zuen Egan Bernalek (Ineos). Jokoz kanpo harrapatu zituen, hasieran, Remco Evenepoel (Deceuninck) eta Valter. Geroago, haize babesak sortzen saiatu zen Bahrain taldea. Ufadak indarrez sartzen ziren, saihetsetik batzuetan, eta aurrez gehienetan. Lan nekeza zen multzo nagusitik ihes egitea. Bertan irauteko gai ere ez zen izan Caleb Ewan (Lotto Soudal), haren taldearen arabera, belaunean mina zuelako. Bi etapa irabazita eta erregulartasunaren sailkapeneko buru zela utzi zuen lasterketa. Jakina zen noizbait erretiratuko zela, bere buruari Tourrean eta Vueltan ere besoak altxatzeko erronka baitio jarria.

Azkenean, 55 kilometroko zalapartaren ondotik, bederatzi txirrindularik egin zuten aurrera: Lafayk, Fernando Gaviriak (UAE), Alexis Gougeardek (Ag2r), Nelson Oliveirak (Movistar), Nikias Arndtek (DSM), Kobe Goosensek (Lotto Soudal), Giovanni Carbonik (Bardiani), Francesco Gavazzik (Eolo) eta Victor Campenaertsek (Qhubeka). Ez zioten mehatxu egiten Valterren lidergoari, eta, hala, bidea egiteko baimena izan zuten: zazpi minuturen aldearekin igaro zuten eguneko bi mendateetako lehena, Bocca della Selva, hirugarren mailakoa. Groupamak trostan zeraman tropela.

Mendate horren gainetik helmugara 50 kilometro zeuden, maldan behera egin beharrekoak gehienak. Gaviria lurrera joan zen bihurgune itxi batean, erasoa jo berritan. Bere txarrean, bizikleta gainera itzuli eta lasterketa buruan sartu zen berriro. Azken igoerara gerturatu ahala, multzoa apurtzen saiatu ziren ziklistarik astunenak. Campenaerts saiatu zen gehien, eta metro batzuk hartu zituen azkenean, gurpilean Carboni zuela. Errepidea tentetzean, baina, ezinean gelditu zen flandriarra, eta bere legea ezarri zuen Lafayk. Atzetik ziztu batean atera, Carboni aise harrapatu, eta erabakimenez jo zuen helmugaren bila.

Indarrak gordetzeko hautua

Faboritoek ez zuten zirkinik ere egin. Alta, Pello Bilbao (Bahrain) 30 segundoko atzerapenarekin helmugaratu zen: bete-betean harrapatu zuen Matteo Fabroren (Bora) erorikoak, eta lurrera erortzeaz gain, katea atera zitzaion gernikarrari. Hautagaien arteko esprinta Joao Almeidak (Deceuninck) irabazi zuen, eta, bukaeran sufritu arren, onenekin batera sartu zen Valter. Evenepoelek eta Bernalek ez zuten asmorik hungariarrari maglia arrosa kentzeko.

Ondo egin zuten oilarrek indarrak gordeta, gaur azterketa serioa izango baitute Castel di Sango eta Campo Felice artean. 158 kilometroko etapa gorabeheratsua izango da, eta min egin dezake amaierako mendateak. Lehen mailakoa da, eta azken zatia asfaltorik gabea du. Aurrez beste hiru igoera gainditu beharko dituzte: bigarren mailako bi, eta hirugarren mailako bat. Kotoiaren lehen proba garrantzitsua izan liteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.