BERRIAk podcast bat egingo du Donostiako Zinemaldian

Hilaren 17tik 25era arte, egunero sareratuko dute podcasta. Ane Eslabak aurkeztuko du '25. fotograma', Donostiako Kursaaletik

BERRIAren 25. fotograma podcast berriaren irudia. Ostiralean estreinatuko dute, 19:00etan. BERRIA.
Erredakzioa
2021eko irailaren 12a
00:00
Entzun
Ostiralean hasiko da Donostiako 69. Zinemaldia, eta BERRIAk aurreneko aldiz podcast bat egingo du jaialdiaren egunetan; hau da, hilaren 17tik 25era. Podcastari 25. fotograma izena jarri diote, eta Ane Eslaba kazetariak aurkeztuko du. Bai BERRIAren webgunean bai sare sozialetan entzun ahalko da podcastaren atal bakoitza, 19:00etatik aurrera —azkeneko egunean geroago egingo dute, jaialdiko sarien berri eman ahal izateko—.



Edonola ere, podcasta ez da izango egunkariaren eskaintza multimedia bakarra Donostiako Zinemaldian. Olatz Artola Berria telebistako koordinatzaileak iragarri du «eskaintza hibridoa» egingo duela egunkariak ostiraletik aurrera: «Aniztasuna izango du formatuetan, baina ondo harilkatuta. Ohi moduan, paperean toki nabarmena izango du Zinemaldiak, baita webgunean eta sareetan ere. Horretarako, edukia hainbat formatutan eskainiko dugu: idatzizkotik hasi, ikus-entzunezko eta podcastetaraino». Podcastaren ezaugarriak zein izango diren azaldu du Artolak: «Edukiz mamitsua baina entzuteko arina den podcast bat egitea da asmoa. 20 minutu inguruan, jaialdiko protagonistak entzungo dira, filmen kritikak, soinu bandak...». Mikel Zumetak Sail Ofizialeko filmen kritikak egingo ditu podcasterako, baita egunkarirako ere. Eta Uxue Arzelusek beste sailetako filmen hautaketa egingo du bere kritiketan. Bestetik, Urtzi Urkizu kazetariak Kursaaleko zubitik zutabea egingo du podcasterako eta papererako. Zinemaldiko pertsona esanguratsu gehienak zubi horretatik pasatzen dira, eta haiek zuzendu eta protagonizatu dituzten lan berriak aipatuko ditu Urkizuk.

Egunero elkarrizketa bat egongo da podcastean, gehienetan filmen bat aurkeztuko duen euskal zinemagile edo ekoizleren batekin. Eta Eslabak Kursaalaren behealdean egingo ditu elkarrizketa horiek, baita beste aurkezpenak ere. Lara Madinabeitiak egingo ditu teknikari lanak.

Beste alde batetik, Artolak iragarri du zenbait bideo labur egingo dituela BERRIAk Donostiako Zinemaldian. «Ahotsa ez ezik, irudia ere jarriko diogu Zinemaldiari». Nagore Arin bideogilea arduratuko da ikus-entzunezko lanen eskaintzaz jaialdiko egunetan.

'Dunbala' eta 'Berria FM'

Donostiako Zinemaldian BERRIAk egingo duen 25. fotograma podcasta ez da ezerezetik sortu. Izan ere, azkeneko hilabeteetan podcasten aldeko eskaintzan pausoak ematen ari da hedabidea.

Datorren ostiralean, esate baterako, 25. fotograma estreinatuko den egun berean hasiko du denboraldi berria Dunbala musika podcastak —Badok.eus-ekin batera ekoizten du BERRIAk—. Jagoba Salvador eta Eneritz Furyak dira podcastaren gidariak. Bi ostiralean behin aireratzen dute saioa. Eta Salvadorrek zera iragarri du: «Orain arte bezala, Dunbala euskal musika eszenaren aniztasunaren eta aberastasunaren erakusleiho izatea nahi dugu, eta horretarako harekin lotura duten hainbat protagonista gonbidatzen ditugu. Denboraldi berrian mahai inguruen formatu gehiago egitea gustatuko litzaiguke, iritziak eta ikuspuntuak elkarri kontatzea oso aberasgarria baita».

Hilaren 22an, berriz, egunkariaren podcast feministak denboraldi berria hasiko du. Maider Galardi Fernandez de Agirre kazetariak gidatzen du Berria FM. Hilean behin egingo du podcasta, eta nabarmendu du aurten elkarrizketa edo mahai inguru luzeak izango direla entzungai. Umorearen tartearekin jarraituko dute, gainera, Ramonik eta Lohitzunek. Denboraldiko lehen atalean, Lara Izagirre zinemagile eta (H)emen elkarteko ordezkaria elkarrizketatuko du Galardik.

Iraileko lehen astetik, era berean, martxan dira Ane Irazabal kazetariak eta Kirmen Uribe idazleak BERRIArako egiten dituzten podcastak: Zaitun eta New Yorkeko munduak. Egunkariaren podcasten eskaintzaren barne entzun daitezke, gainera, azkeneko asteetan zenbait bertsolarik egunkariko Kultura sailerako kantatutako bertso jarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.