Europa dute denek buruan

Alavesek Leganes hartuko du gaur; Athletic Getafen ariko da, eta Reala, Vigon. Irabazi eta gora begira jarraitu nahi dute guztiek

Jon Ander De la Hoz.
2019ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Bide ezberdinak, baina helmuga bera. Alavesek, Athleticek eta Realak bilakaera ezberdina izan dute sasoi guztian, baina sari beraren atzetik dabiltza denboraldiaren azken txanpan: Europarako sailkatzea.

Lau punturen aldea dago Alavesen eta Realaren artean, eta bien artean dago Athletic, gasteiztarrengandik hiru puntura. Partidaz partida joan beharko dute hirurek helburua lortzeko, eta gaur dute horretarako beste abagune bat. Etxean jokatuko dute arabarrek, Leganesen aurka, eta Getaferen eta Celtaren zelaietara bidaiatu beharko dute zuri-gorriek eta txuri-urdinek, hurrenez hurren.

Alaves da sailkapenean gorengo postuan dagoen taldea, zazpigarren, baina azken bi partidak galdu egin dituzte Abelardorenek. Bide onera itzultzea dute xede, eta, horretarako, Leganes menperatzea dute modurik onena. Espainiarrak baleko itxura ematen ari dira ligan, baina orain artean hobeto moldatu da Alaves.

Gaurko neurketarako, zenbait aldaketa egin beharko ditu Abelardok. Maripan eta Burgi ez dira zelaian izango, min hartuta baitaude. Jonyk ere kili-kolo amaitu zuen Sevillaren aurkako neurketa, baina jokatzeko moduan egongo da. Halaber, zelai erdira itzuliko da Manu Garcia ere. Kapitainak betea du partida bateko zigorra, eta, okerrik ezean, hasieratik ariko da. Haien guztien beharra izango du Alavesek, garaipenaren bidera itzuli eta Europako postuen borrokan segitzeko.

Athletic, berriz, esne mamitan dago. Gaizka Garitanoren iritsierak emandako hauspoarekin jarraitzen dute zuri-gorriek, eta, Levanteren aurkako garaipenarekin, Europako postuetarako lehian sartu dira bete-betean. Getaferen zelaian ariko dira gaur, eta bolada onari jarraipena eman nahi diote. Horretarako, ezinbestekoa dute emaitza onen katea ez etetea.

Aduriz deialdian

Ligako azken hamabi partidetatik bi soilik galdu dituzte zuri-gorriek, Realaren eta Valentziaren aurka, baina Getafe ez da aurkari samurra izango. Sekulako urtea egiten ari da, eta laugarren da sailkapenean. Espainiarrei aurre egiteko jokalari gehientsuenak jokatzeko moduan izango ditu Garitanok —zeinak urtebetez luzatu duen bere kontratua—, baina bi gizon garrantzitsu ere falta zaizkio: Capa eta Muniain. Min hartuta dago Portugaletekoa, eta partida bateko zigorra bete beharko du iruindarrak. Deialdian, berritasun nagusia Aritz Aduriz da. Urtarriletik jokatu ezinik egon da aurrelaria. Sevillaren aurkako Espainiako Kopako lehian hartu zuen min, San Mamesen.

Realak, bestalde, Betisen aurka irabazita zuzendu du norabidea, eta goruntz begira jarraitu nahi du Celta mendean hartuta. Partida tranpatia izango da donostiarrentzat; jaitsiera postuetatik ihes egin nahian dabil Galiziako taldea, eta hil edo bizi ari da azken asteetan. Gaurkoa ere ez da salbuespena izango; harmailak gainezka izango dira Balaidosen, sarrera guztiak saldu baitituzte, eta hil edo biziko partida da haientzat.

Celtaren aurka aritzeko azken jardunaldiko jokalari berak prest izango ditu Imanolek. Alabaina, litekeena da Theo berriz ere hamaikakora itzultzea, ostegunean herrenka amaitu baitzuen Aihen Muñozek, etaNavasek ere bere aukera izan dezake. Betisi irabazi aurretik, Realak bost partida zeramatzan garaipenik lortu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.