Lehen Maila ziurtatzera

Eibarrek Valladoliden aurka jokatuko du gaur. Calavera eta Pedro Leon izan ezik, jokalari guztiak jokatzeko moduan ditu Mendilibarrek

ainara arratibel gascon
2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Beste urtebetez Espainaiko Lehen Mailan segituko duela ziurtatzeko urrats erabakigarria egin dezake gaur Eibarrek, Ipuruan Valladoliden aurka hiru puntuak batuz gero. Hala onartu du Jose Luis Mendilibar entrenatzaileak. Valladolidek ikusgarri hasi zuen liga, eta lider jartzear egon zen. Baina orain oso bestelakoak dira kontuak. Izan ere, Segio Gonzalezek zuzentzen duen taldeak sei norgehiagoka daramatza irabazi gabe, eta ez ditu horren urrun jaitsiera postuak.

Mendilibarrek azken asteetako jokalari berak faltako ditu: Calavera eta Pedro Leon. Horrekin batera, Sergi Enrichek min hartuta eman du astea, eta zalantza dago ariko den edo ez. Hark jokatu ezean, Marc Cardona ariko da. Aurrelaria ondo ari da azken partidetan; Alavesen aurka, gola sartu zuen—bana amaitu zen partida—.

Aurreneko aldia da Lehen Mailan bi taldeek elkarren aurka jokatu duela Ipuruan. Valladolid premia gorrian da, eta Mendilibar ez da fio. «Aurreko jardunaldian oso partidaona jokatu zuen Real Madrilen aurka, batez ere lehen zatian. Lau gol sartzeko adina aukera izan zituen». Zaldibarkoaren arabera «gauza txikiek» erabakiko dute lehia. «Oso adi egon beharko dugu, haientzat oso partida garrantzitsua baita beheko postuetatik aldentzeko». Gainera, ez du uste lehen gola sartzen duenak partida irabazia izango duenik: «Alde horretatik, aurtengo liga desberdina izaten ari da. Parekotasun handia dago».

Valladolidek jokalari asko faltako ditu; besteak beste, Pablo Hervias. Eibarrek utzitako jokalariak ezker belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuen. Hori dela eta, Sergio Gonzalezek bigarren taldeko Samu Perez eta El Hacen sartu behar izan ditu deialdian.

Teknikariak onartu zuen partida garrantzitsua dela beraientzat. «Badakigu hori, eta egoerak eragin diezagukeen urduritasuna alde batera utzi behar dugu».

Eibarren inguruan, zera nabarmendu zuen: «Urteak daramatza berdin jokatzen, eta hori abantaila handia da. Mendilibarrek bere erara egokitu duen talde bat da: partida oro erakusten du hori. Presio handia egiten duen talde bat da, fisikoa, eta hegaletatik asko jokatzen duena».

EIBAR-VALLADOLID

Eibar. Dmitrovic, Ruben Peña, Ramis, Arbilla, Cote; Orellana,

Diop, Jordan, Cucurella; Charles eta Cardona

Valladolid. Masip; Antoñito, Calero, Kiko Olivas, Nacho; Keko,

Alcaraz, Anuar; Oscar Plano: Unal eta Guardiola.

Epailea. Medie Jimenez.

Lekua. Ipurua futbol zelaia (7.083 ikusle).

Ordua. 12:00 (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.