Hiru puntuak eta aldartea ditu jokoan

Realak Bartzelona hartuko du gaur Anoetan; garaipena nahi dute txuri-urdinek. Guridik min hartu du, eta David Silva ere ez da deialdian

De Jong, Mikel Merinoren gainetik jauzi egiten, Espainiako Superkopan. R.A / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Sasoiko unerik erabakigarrienaren atarian da Reala. Espainiako ligan, datozen jardunaldietan zehaztuko da zer talde ariko diren Europan jokatzea ahalbidetzen duten postuak lortzeko borrokan. Lehiaren aldi horri hasiera emango dio gaur, Bartzelona indartsua etxean jasota. Hura izango da iazko Espainiako Kopako finalaren aurretik jokatuko duen azken partida. Garaipena nahi dute txuri-urdinek, bi noranzkotako saria jasotzeko: ligan bosgarren postua indartzea, eta finalera aldarte bikainean heltzea.

Bartzelona hezur gogorra baita, eta haren kontra hiru puntuak zakuratzeak edonor suspertzen baitu. Egun, sailkapenean bosgarren dira Donostiakoak, baina gainean dute Betis seigarrena, puntu kopuru berarekin (45). Atzetik dituenek ere ez dute arnaserako tarterik uzten. Vila-real da horren adibide. Kontuak horrela, Donostiakoentzat urre lirateke Kataluniakoen kontrako hiru puntuak. Joan zen astean Granadaren zelaian galdu ondotik, garaipenaren bidera itzuli nahian dira txuri-urdinak.

Imanol Alguacil prestatzaileak aurkariaren une ona zehaztu du partidaren atariko prentsa agerraldian. Teknikari oriotarraren esanetan, «martxa hartuta» dago Bartzelona. Sailkapenean egin duen gorako jauzia da horren lekuko; lehendabiziko postua eskuratzeko borrokan sartu da azken asteetan: «Zalantzarik gabe, Bartzelona une onean dago. Beti esaten dudan eran, ordea, erronka polita da guretzat. Etxean jokatuko dugu, eta iaz bina berdindu genuen. [Espainiako] Superkopan ere partida polita egin genuen haien aurka. Lehiakor aritu behar dugu orain, eta gol aukeretan asmatuta, ea partida aurrera ateratzen dugun».

Izan ere, Bartzelonaren aurka jokatutako azken neurketetan, oztopo handi bat izan du aurrean Realak: Marc Andre Ter Stegen. Atezain alemaniarrari gola egiteko zailtasunak izaten dituzte talde gehienek, eta Imanolenak ez dira salbuespen: «Asmatu egin beharko dugu, jakinda munduko atezainik onenetakoa dela. Halere, guk erakutsi dugu gosez eta fin gaudenean golak egiten ditugula, eta asmatzea izango da gakoa».

Atezainari eta Leo Messiri egin zion erreferentzia Orioko prestatzaileak. Argentinarrak ere gainditu du sasoi hasieran izandako bolada iluna, eta azken aldietan agerian utzi du edozein unetan min egiteko gai dela. Haren bolada urardotuta, Imanolek azaldu zuen «talde osoa» ari dela ondo, eta arerioa bere osotasunean zaindu behar dutela tentuz.

Oroz gainetik, baina, bere taldearen indarguneak azpimarratu ditu teknikariak. Bartzelonaren kontrako partida da garrantzitsuena, eta hari heltzea du xede, kopakoa oraingoz bazter utzita: «Ezagutzen nauzue, eta asmoa haien bila joatea izango da. Beste kontu bat da gai izango garen, maila onean baitaude. Ahal badugu, saiatuko gara».

Prentsaren aurrera agertzen den aldiro, taldeko erizaindegiari errepasoa egiten dio Imanolek. Ez da lan hutsala izaten. Realak gorabehera asko izan ditu lesioekin, eta tankera horretan da orain ere. Martin Zubimendi eta Carlos Fernandez jokatzeko moduan dira, baina David Silva, ez: «Haiek eta Mikel Merino ondo aritu dira astean zehar, eta okerrik ezean prest izango ditugu partidarako». Ez, ordea, Natxo Monreal eta Jon Guridi. Iruindarra «osatze bidean da», Imanolen arabera. Azpeitiarrak, berriz, haustura bat du aduktorean: «Probak egingo dizkiote, eta orduan jakingo dugu noiz arte egongo den jokatu ezinik».

Historiari erreparatu nahian

Bartzelonak 63 aldiz jokatu du Donostian, eta etxekoen aldekoa da balantze orokorra. Elkarren aurka jokatutako partida guztiak kontuan hartzen badira, Realak irabazi ditu 29, eta 25 aldiz berdindu dute. Halaber, 19 aldiz gailendu da Kataluniako taldea. Azken urteetan, baina, eten egin da txuri-urdinen garai ona. Hamarkada batez galdu gabe egon ostean, 2017-2018 denboraldian 2-4 nagusitu zen Bartzelona. Orduz geroztiko hiru partidetan, puntu bakarra bildu du Realak zaleen aurrean.

REALA-BARTZELONA
Reala. Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Aihen; Merino, Illarramendi, Gebara; Oiartzabal, Januzaj, eta Isak.
Bartzelona. Ter Stegen; Dest, Mingueza, De Jong, Lenglet, Alba; Pedri, Busquets; Dembele, Griezmann, eta Messi.
Epailea. Munuera Montero.
Lekua. Anoeta.
Ordua. 21:00 (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.