Eurokopa. Danimarka 0-1 Finlandia

Zoritxarrak neurtu du partida

Finlandiak Danimarkari irabazi dio, Eriksenen egoerak baldintzaturiko partida batean. Jokalari daniarra ziplo erori da lehen zatian, eta jokoa geratuta egon da luzaz: «egonkor» dago

Danimarkako jokalariak, lurrean zetzan Eriksen taldekidea babesten, atzoko partidan. WOLFGANG RATTAY / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Danimarka. Schmeichel; Wass (Stryger Larsen, m. 76), Kjaer (Vestergaard, m.63), Christensen, Maehle; Delaney (Cornelius, m.76),Eriksen (Jensen, m. 43), Hojbjerg; Poulsen, Wind (Skov Olsen, m.63), eta Braithwaite.
Finlandia. Hradecky; Toivio, Arajuuri, O'Shaughnessy; Raitala, Lod, Sparv (Schüller, m.76), Kamara, Uronen; Pohjanpalo (Forss, m.84) eta Pukki (Kauko, m.76).
Gola: 0-1: Pohjanpalok (60. min). Epailea. Anthony Taylot.Bestelakoak. 15.900 ikusle Parken estadioan.

Jokoak 94 minutu izan bazituen ere, geldialdiak baldintzatu zuen B multzoko Danimarkaren eta Finlandiaren arteko neurketa. 0-1 nagusitu zen Finlandia, baina garaipenik handiena sendagileek eskuratu zuten. Lehen zatiko 42. minutuan, lurrera ziplo erori zen Christian Eriksen daniarren kapitaina. Larritasun uneak izan ziren; jokalariak kordea galdu zuen, eta osasun langileen egitekoak berebiziko garrantzia izan zuen jokoa geratuta egon zen hogei minutuetan. Geratu zen futbola, eta geratu zen mundua: haren osasuna izan zen larunbat arratsaldeko erdigune.

Sendagileek zelaian bertan suspertu zuten Eriksen; kapitainak bere jiran izan zituen taldekideak,jota. Ohatilan atera zuten, eta eskuarekin keinu bat egin zuen Inter Milangoak. Txarrena aurreikusi ostean, esperantzarako ate bat zabaldu zen.

Lehen zatia amaitzeko hiru minuturen faltan gertatu zen ezbeharra. Luzaz geratu zen jokoa, eta Eriksenen osasunaren araberakoa izango zen haren berrartzea. Berrekin zioten: seinale ona zen hori. UEFAk jakinarazi zuen «erietxean eta egonkor» zegoela jokalari daniarra, eta baloiaren ibilia hasi zen berriz.

Markagailua hutsean zela segitu zioten partidari, ordubete pasa geroago. Hiru minutu jokatu zituzten, eta bost minutuko atsedenaldi labur bat egin zuten gero. Partida jokatuko bazen, hobe ahalik eta azkarren egin. Danimarka, ordea, ez zen bere onera itzuli: ezbeharra jazo arte, nagusi izan zen zelaian, baina, ordutik aurrera, ordukoaren itzala izan zen.

Finlandiak bere lana egin zuen; epaileak ameto eman orduko, bere egitekoa ahalik eta ondoen egitea. Ondo ekin zion bigarren zatiari, eta saria jaso zuen berandu baino lehen. Markagailuan aurretik jarri zen 60. minutuan. Ezker hegaletik egindako jokaldi batean, area barrenera heldu zen baloia, eta buruz errematatu zuen Pohjanpalok. Erdi-erdira bota zuen finlandiarrak, indar gehiegirik gabe, baina Kasper Schmeichelek ez zuen jaurtiketa urruntzea lortu. Atezainak huts egin zuen, eta baloia sarera. Ez zuten ospatu finlandiarrek.

Finlandiak gisa horretara egin zuen neurketako gol bakarra. Historia egin zuen gola izan zen; atzokoa izan zen herrialde horretako selekzioak Eurokopa batean jokatu zuen estreinako partida. Irabaziz hasi du goi mailako ibilia.

Izan ere, neurketa hasierako txinpartarik gabe, baina azken ordu erdian zenbait saiakera egin zituen Danimarkak. Aldeko penalti bat ere izan zuten gorriek, baina huts egin zuten. Hradecky atezainak baloiaren norantza asmatu zuen, eta geratu egin zuen Hojbjergek egindako jaurtiketa. Hor amaitu zen partida Danimarkarentzat. Buruz jota zeuden, eta fisikoki ere urritzera egin zuen. Amaieran, 0-1 amaitu zen norgehiagoka. Garaipenarekin, balentria egin zuen Finlandiak, eta Danimarkak gal zitekeen bizi bat irabazi zuen, are garaipen handiagoa erdietsiz. Futbola bigarren mailan geratu zen Kopenhagen.

Oreka eta nagusitasuna

Aurrez, arratsaldeko 15:00etan hasitako partidan, bana berdindu zuten Galesek eta Suitzak A multzoan. Neurketa orekatua izan zen, distiragabekoa. Puntu banaketa burukaden ondorioz heldu zen; Embolok gisa horretara aurreratu zuen Suitza, 49. minutuan, eta Moorek ere halaxe egin zuen Galesen gola, 74.ean.

Belgikak, berriz, nagusitasunez azpiratu zuen Errusia B multzoan. Lehen zatirako zurkaiztu zuen garaipena, eta bukaeran biribildu: Lukakuk bi gol sartu zituen (10. eta 88. minutuetan), eta Meunierrek bestea (34. ean).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.