Zigor handiegia jaso du

Realak 1-4 galdu du Atletico Madrilen kontra. Athletici uste baino gehiago kostatu zaio Espanyol azken sailkatua mendean hartzea: 1-2

Aissatou Tounkara Atletico Madrilekoa, Nerea Eizagirre Realekoari baloia kendu nahian, atzoko partidan. J. C. RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako Kopako finalean egin zuten bezala, Realeko jokalariek bazuten itxaropena Atletico Madrili irabazteko. Baina argi zuten atzoko partidak ez zuela zerikusirik izango harekin. Txuri-urdinen zoritxarrerako, hala gertatu zen. Zelai erditik aurrera dituen jokalari erabakigarrien kalitatea baliatuz, Espainiako taldeak 1-4 irabazi zuen, eta hiru puntuak eraman zituen Zubietatik.

Itxaropenerako tarterik ere ez zuen izan Gonzalo Arkonadaren taldeak, eta merezi baino zigor handiagoa jaso zuen. Hirugarren minuturako, bisitariak aurretik ziren, Charlyn Corralen gol bati esker. Realak aurreko partidetan baino biziago eta argiago jokatu zuen erasoan, eta Barbara Latorrek gertu izan zuen banakoa 26. minutuan. Baina Sari van Veenendaalek gelditu ona egin zion area txikian.

Ia segidan, futbolaren patu krudela jasan zuten txuri-urdinek: barkatzen duenak ordaindu egiten duela. Hala, pare bat korner jaurtiketatan arriskua sortu eta gero, baloia Toni Duggani iritsi zitzaion, eta, eskuinkada indartsu batekin, Mariasun Quiñones gainditu zuen (30. min). 0-2koa kolpe handia izan zen Realarentzat.

Aldageletatik irten eta berehala, Nerea Eizagirre 1-2koa egitear egon zen, urrutiko jaurtiketa batekin. Baina ez zuen lortu, eta hor amaitu ziren Realak partida iraultzeko zituen aukeretako asko. Bihotzarekin jokatu zuen ordutik aurrera, eta adorea eta izaera lehiakorra izan zituen. Baina lehen zatian gertatu bezala, egungo liga txapeldunak erasoan duen kalitatea erakutsi zuen, eta Angela Sosak (72. min.) eta Leicy Santosek (71. min.) gol bana egin zuten. Realaren ohorezko gola Leire Bañosek erdietsi zuen (73. min).

Hirugarren garaipena

Athleticek emaitza bolada onean segitzen du. Hirugarren garaipena kateatu zuen atzo, Espanyolen zelaian: 1-2. Kataluniarrak azkenak dira sailkapenean,puntu bakarrarekin. Baina gauzak zail jarri zizkien zuri-gorriei,43. minutuan aurretik jarri baitzen, Del Estalek penaltiz sartutako golarekin.

Baina bigarren zatian lehia iraultzea lortu zuen Athleticek. Erasoan beste abiadura batekin jokatu zuten, etapartidako protagonista agertu zen: Lucia Garcia. Bi jardunaldi jokatu ezinik eman eta gero, aurrelaria taldera itzuli zen, eta zuri-gorriek ederki eskertu zuten, berak sartu baitzituen Angel Villacamparen taldearen bi golak. Lehena 53. minutuan, Marta Perearen pase sakon bat aprobetxatuz; eta bigarrena, 73.ean, atzo ere bueltan zen Yulema Corresen pase baten bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.