Bidasoa 24-19 Wisla Plock

Hazten jarraitzeko partida bat

Bidasoak ezin izan du Wisla Plocken aurkako kanporaketa irauli Txapeldunen Ligan, baina ongi jokatu du itzuliko lehian. Europako lehiaketa Artalekun galdu gabe utzi du

Bidasoako Kauldi Odriozola aterantz jaurtitzen, Wislako Niko Mindegia begira duela, atzo, Artalekun. Bost gol egin zituen Odriozolak. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
mikel rodriguez
2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Bidasoa. Xoan; Crowley (4), E. Salinas (3), Odriozola (5), Renaud (6, 1p), Tesoriere, Seri—hasierako zazpikotea—, Rangel (o.a.), De la Salud (4, 2p), Da Silva, Cavero, Serrano (1), Bartok eta R. Salinas (1).

Wisla Plock. Stevanovic; Daszek (3, 1p), Szita (7), Mihic (2), Sulic (1), Mindegia (3), Mlakar (1) —hasierako zazpikotea—, Morawski (o.a.), Stenmalm, Zdrahala, Matulic, Ruiz, Susnja, Zabic, Igropulo (2, 2p) eta Czaplinski.

Markagailua. 10-12 (atsedenaldian); 24-19. Epaileak. Gjeding eta Hansen. Sei aldiz kanporatu zituzten Bidasoko jokalariak, eta hamar aldiz Wislakoak.Bestelakoak. 1.991 ikusle Artalekun.

Bidasoa ez da Europako hamasei talde onenen artean izanen denboraldi honetan. Irungo taldeak nazioarteko lehiaketetan iraganean egindako balentriak errepasatu ditu, joaneko partidako zazpi golen desabantailari aurre egiteko heldulekuren bat aurkitzeko, baina ez da halakorik gertatu. Hala ere, irundarrek atzo ez zuten hain triste utzi Artaleku. Partida ona jokatu zuten Wisla Plocken aurka, eta bortz golen aldearekin irabazi zioten (24-19). Itxura ona eman zuten, eta etxean partidarik galdu gabe utziko dute Txapeldunen Liga. Asobal Ligako talde onenen artean zuen tokia berreskuratu du Bidasoak azken sasoietan, eta atzoko partidak hazten jarraitzeko balioko dio.

Wisla Plockek 32-25 irabazi zuen kanporaketaren joaneko partidan, eta helburu argi batekin etorri zen Euskal Herrira: markagailua une oro kontrolatuta izatera. Eta lortu zuen, ez baitzuen sentitu kanporaketak ihes eginen zionik, nahiz eta azken minutuetan pixka bat urduritu egin ziren poloniarrak, Bidasoa, Artalekuko giro beroa lagun, hazi egin baitzen hiru golen aldea lortuta. Hala ere, Wislak jakin zuen jokoa hozten, eta gipuzkoarrei denbora motz gelditu zitzaien epikarako.

Partidak hasiera beroa izan zuen, harmailetako giroak ere horretara laguntzen baitzuen. Epaileek lehenbiziko sei minutuetan lau jokalari kanporatu zituzten, talde bakoitzetik bi. Wisla erasoan bizkorrago hasi zen, eta hiru golen aldea egin zuen (0-3), baina Bidasoak une bakar batean ere ez zuen galdu partidaren haria. 3-3 berdindu zuen, baina poloniarrek berriz ere aitzin hartu, eta irundarrek lehenbiziko zati osoan ez zuten lortu berdintzea. Zutoinek —lau aldiz jo zituzten— eta Stevanovic atezainak —hamar geldiketa egin zituen, gehienak lehenbiziko zatian— eragotzi zuten hori. Nabarmentzekoa izan zen Wislako bidasoar baten lana, Niko Mindegia doneztebarrarena, jokoa banatzerakoan eta banakako aurrez aurrekoetan buruhausteak sortu baitzizkien irundarren defentsei.

Denbora falta

Bigarren zatian, ordea, Wisla baino azkarrago atera zen Bidasoa, eta lehen lau minutuetan 4-0eko partzial bat eginda 14-12 paratu zen. Hortik partida bukaerara arte irundarrak ez ziren gehiago gibeletik izan markagailuan, baina hamabi minuturen faltan Zoltan Szita hungariarrak norgehiagokako azken berdinketa egin zuenean (18-18), nahiko argi ikusi zen Bidasoak denbora eskas izanen zuela kanporaketa iraultzeko. Partida irabaztea bihurtu zen orduan helburua, eta hiru golen aldea berreskuratuta (21-18 eta 22-19), hori segurtatu zuten. Azken hiru minutuetan Wislak jokoa moteldu eta nahasi zuen, epaileen baimenarekin, eta horrek Artaleku sutu zuen. Rodrigo Salinasek eta Sergio de la Saludek bortz golen aldea ireki zutenerako, segundo eskas batzuk baino ez ziren falta partida bukatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.