Ander Agirre. 'Goenkale'-ren jarraitzailea

«Telesaila berriro hasieratik emango balute, jendeak ikusiko luke»

urtzi urkizu
2015eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Hainbat belaunalditako ikusleak kateatu ditu 21 urteotan Goenkale-k. Gazteengan izan duen arrakastaren erakusgarri da Ander Agirre (Legorreta, Gipuzkoa, 1992). «Txiki-txikitatik hasi nintzen telesaila ikusten, eta jarraitu dut ikusten gaur arte». Gurasoek zerbaitekin zigortu behar bazuten, Goenkale ikusi gabe uzten zuten Agirre. «Soilik orduan ez nuen ikusten». Goenkale-rekin hazi dela nabarmendu du: «Nire bigarren familia izan da».

Telesailarekin duen zaletasuna Interneteko sare sozialetara eraman du Legorretako gazteak. Twitterren @GoenkaleBetiko soslaia sortu zuen, eta han mezu hau du idatzia: «#Goenkalegurebihotzetan. Salba dezagun Goenkale». Azken denboraldi honetan, amaitzeko zenbat atal gelditzen ziren joan da zenbatuz, astez aste. «Bizpahiru urte dira sortu nuela, besterik gabe, Goenkale-ren inguruko birtxioak egiteko». Twitterren dabiltzan beste jarraitzaile batzuekin «harremanetan jarri» dela azaldu du.

Legorreta inguruan, dena den, telesailaren jarraitzaile gazte gutxi dagoela aitortu du Agirrek: «Inguruko lagunen artean, behintzat, bakarra naiz. Jende gutxi ezagutzen dut telesaila ikusten duena, gertatzen dena komentatu ahal izateko. Gurasoek, bai, gurasoek ikusten dute, nahiz eta gaur egun gutxiago gustatzen zaien». Maria Luisa Galardi hil zenetik telesailak asko galdu duela diote Agirreren aitak eta amak. «Maria Luisa izan zen hoberena. Asunekin haren espiritua ekarri nahi izan zuten, nolabait».

Agirrek Twitterren txioren batean eskatu du Goenkale hasieratik ematen hasteko. «Niri gustatuko litzaidake. Emango balute,jendeak ikusiko luke. Eman dezatela ETB4n edo ETB1en prime-time-ko saioak amaitutakoan». Iruditzen zaio oso zaila dela Goenkale-k urteotan lortu duena lortzea. «Urte asko izan dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.