Pornoa, ahalduntzeko

EITBk 'Pikuak' websaila estreinatuko du gaur gauerdian. Porno feminista egin nahi duten hiru andreren istorio umoretsua kontatzen du

Ainhoa Artetxe, Miren Nogales eta Amaia Ruiz de Galarreta Pikuak websaileko fotograma batean. PIKUAK.
urtzi urkizu
2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Hiru atalez osatutako websail bat estreinatuko du gaur EITBk bere webgunean, 23:55ean: Pikuak. Ordutik aurrera, noiznahi ikusi ahalko da. Maddi Castro kazetari eta sortzaileak zuzendutako websail bat da, feminista eta umorezkoa. Hiru emakume gazteren istorioa kontatzen du. Elkarrekin bizi dira, eta porno feminista egiten hastea erabakiko dute.

Castrok nabarmendu du ez dela porno generoarekin zerikusia duen ikus-entzunezko lan bat: «Batetik, banuen garai bat erretratatzeko nahi bat, giro bat islatu nahia; hor kokatzen da pertsonaiek bizi duten esnatzea, feminismotik egindako kontzientzia hartze bat». Eta, kontzientzia hartzeaz harago, zerbait berezia egiten saiatuko diren emakumeak islatu nahi zituen fikzioaren egileak. «Hor bete-betean sartzen da umorea. Izan ere, ihesbidea baino gehiago, bidea bera bilakatzen baita umorea».

Hiru pertsonaia protagonistak Amaia Ruiz de Galarreta, Miren Nogales eta Ainhoa Artetxe aktoreek jokatzen dituzte. Bigarren mailako rolekin, bestalde, ezustekoak hartuko dituzte ikus-entzule euskaldunek.

Castrori iruditzen zaio umore «etxekoia» egin duela websailean: «Tontakeria txikiekin barre egitea gustatzen zait. Egunerokoan, iruditzen zait barregarriak diren egoerez inguratuta bizi garela; gaizki-ulertu komikoak, esaterako, asko gustatzen zaizkit; baita denok dauzkagun maniak eta fantasiak karikaturara eramatea ere». Lanaren gidoilari eta zuzendariak aitortu du, era berean, estereotipoez baliatu dela pertsonaiak eraikitzeko. «Hiru protagonistak oso ezberdinak dira, eta puntu bateraino estereotipatuak daude euren gustuetan eta joeretan».

Websailaren grabaketak bost egunetan egin zituzten, Donostian. Barneko zenbait eszena Emakumeen Etxean daude grabatuak. «Lan handia egin genuen aldez aurretik. Gero, grabaketa egunak hamabi orduko lan egunak izan ziren, baina ez dut gogoan gogorrak izan zirenik. Gogorra izango da lan horiek hartu ondoren gauzak ez badira behar bezala ateratzen».Castrok gogoan du «oso giro ona» izan zutela grabaketetan.

Jaialdietarako aukera

Pikuak sei jaialditara bidali dute. Oraingoz, hautatu dute Galiziako Carballo InterPlay eta Italiako Apulia Webfest jaialdietan lehiatzeko, eta Castrok itxaropena du gehiago iritsiko direla. Bilboko Seriesland jaialdian parte hartzea espero du, urrian.

Lantaldeak, era berean, gogorarazi du Tabakalerako 2deo ikus-entzunezko laborategiak produkzioaren hainbat fasetan laguntza eman ziola proiektuari. «Entseguak egiteko lekua utzi ziguten, eta hor joan zen gidoia azken forma hartzen; ondoren, grabaziorako material batzuk utzi zizkiguten; eta testeoa-ri eta komertzializaziori dagokionez ere, laguntza eman digute».

Castrok, bestalde, nabarmendu nahi du Pikuak-ek ez duela leziorik emateko asmorik: «Ez du ezeren apologia egiteko asmorik, ez bada ahalduntzearena eta kontzientzia hartzearena». Protagonisten kasuan, porno feminista egiten saiatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.