Koronabirusa

«Errespetua» osasun langileei

Osakidetzako beharginek manifestazioa egin dute Bilbon, pairatzen duten «muturreko egoera» salatzeko. Osakidetza «ZIUtik atera ahal izateko» erreformak eskatu dituzte

Osasun arloko langileak eta pentsiodunak elkartu dira manifestazioan. ARITZ LOIOLA /FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Eguraldi eskasa eta koronabirusaren pandemiak ezarritako mugak gorabehera, Osakidetzako langileek Bilboko kaleetara eraman zuten protesta atzo, pairatzen ari diren «muturreko egoera» dela eta. Batez ere, «errespetua» eskatu zuten: «Errespetua langileentzat, profesionalentzat, pazienteentzat, eta osasungintza publiko eta kalitatezkoa eskatzen ari den gizartearentzat».

Ez hori bakarrik: sindikatuek salatu zuten Osakidetza «ZIU zainketa intentsiboko unitatean» dagoela, eta lehen arretako zerbitzua, berriz, «hilzorian».Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu berriari ohartarazi zioten mobilizazioei ekingo dietela berriro beren eskakizunei irtenbiderik eman ezean.

Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatu guztiek deitu zuten manifestaziora, hots, Satse, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek, eta haiekin bat egin zuten beste eragile batzuek: adibidez, pentsiodunen mugimenduak eta osasun arloan lan egin arren Osakidetzako behargintzat aitorturik ez dauden beste zenbait multzok: garbitzaileek, anbulantzietako langileek, erietxeetako kafetegietakoek, jantokietakoek eta abarrek. Helburua zen «kalitatezko osasun publikoa eta langileen eskubideak» defendatzea, COVID-19aren pandemiak sorturiko egoeraren aurrean.

Atzokoa ez zen ohiko deialdia izan. Manifestazioa hasi aurretik, bozgorailuetatik argi azaldu zieten Jesusen Bihotza plazaren inguruetan bildutakoei segurtasun neurriak «zorrotz» betearaziko zituztela, eta manifestari guztiek hiru zutabetan eta elkarrengandik aldenduta joan behar zutela: «Badirudi Kale Nagusia zabala dela eta hiru zutabe baino gehiago sartzen direla, baina gero, Errekalde zumarkalean, kalea estutu egiten da», azaldu zuten. Bestalde, ekitaldi politikoa manifestazioa abiatu aurretik egin zuten, bukaeran egin beharrean.

Hasierako ekitaldi horretan, Satse eta ELAko ordezkariek hitz egin zuten, gainerako sindikatuen izenean. Esan zutenez, Osakidetzako langileek «urteak» eman dituzte murrizketak salatzen eta horiek etorkizunean izan zitzaketen ondorioez ohartarazten; orain, COVID-19aren pandemiak agerian utzi ditu gabezia horiek: «Osakidetza ZIUtik atera behar da, eta premiazkoa da erreformak bultzatzea egiturazkoa den arazo hau konpontzeko».

«Honaino heldu gara»

Langileen ustez, osasun arloko agintariak COVID-19a «aitzakia moduan» erabiltzen ari dira murrizketa are handiagoak eragiteko: «Lehen arreta hilzorian dago; COVID-19aren aitzakiatan, aurrez aurreko arreta murriztu egin dute, eta telefono bidezko arretarekin ordezkatu nahi dute». «Honaino heldu gara», esan zuten sindikatuetako ordezkariek.

Horien ostean, Osakidetzak kontratatutako zerbitzuetako langileek hartu zuten hitza. Garbitzaileek, anbulantzietako langileek, ospitaleetako kafetegietakoek eta bestek esan zuten pandemiaren unerik gorrienetan «lehen lerroan» aritu zirela lanean: «Askotan, bizia arriskuan jartzen ari ginelako sentsazioa izan genuen».Alabaina, horren trukean «babes falta» sumatu dute instituzioen aldetik: «Erantzuna beste alde batera begiratzea izan da. Beti azkenak izan gara; faktura psikologiko handia ordaindu dugu».

Hori dela eta, Osakidetzari «babesa» eta egoera hori amaitzeko «neurriak» eskatu zizkioten; batez ere, zerbitzu horiek guztiak «publiko» bilakatzea. «Gu ere osasun langileak gara», aldarrikatu dute.

Manifestazio luzea

Ekitaldiaren ostean abiatu zen manifestazioa Kale Nagusian zehar. Hiru ilaratan eta segurtasun tarteari eutsiz joan behar izateak asko handitu zuen manifestazioaren luzera: burua Plaza Eliptikora iritsi zenean, oraindik jende asko zegoen Jesusen Bihotza plazaren inguruetako espaloietan, sartzeko zain.

Buruan, manifestazioa antolatu zuten sindikatuetako ordezkariak joan ziren, protestaldiaren leloa idatzirik zuen pankarta batekin: Kalitatezko osasun publikoaren eta langileen eskubideen alde. Pankarta nagusiaren ostean, beste zenbait pankarta ageri ziren, deialdiarekin bat egin zuten eragileen ordezkarien eskuetan. Osakidetzak azpikontratatutako zerbitzuetako langileek argi uzten zuten mezua beren pankartan: Garbiketako, anbulantzietako eta kafetegietako langileok ere osasun langileak gara. Beste zenbaitek lehen arretaren aldeko afixak zeramatzaten, eta hura «itolarrian» dagoela salatzen zuten pankarta baten bidez. Azkenik, pentsiodunen mugimenduko ordezkariak ere han zeuden, pentsio duinak eskatzen zituen pankartari oratuta.

Pankarten ostean, osasungintzako langileak eta manifestazioarekin bat egin zuten herritarrak zihoazen, nor bere zutabean. Ordezkari politikoak ere egon ziren, EH Bilduko EH Bildu Rebeka Ubera eta eta Arantza Urkaregi eta Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategi eta Isabel Gonzalez, adibidez.

Plaza Eliptikora iritsi ondoren Bizkaia plazara abiatu zen manifestazioa, «Zerbitzu publikoa defenda dezagun», «Hemen gaude enpleguaren alde», «Negoziazioa bai, murrizketarik ez» eta antzeko oihuen artean. Eusko Jaurlaritzak Bizkaia plazan duen eraikinaren aurrean, bukatutzat eman zuten manifestazioa, eta atzetik zetozenei iritsi ahala sakabanatzeko eskatu zieten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.