Unai Lekerikabeaskoa, 'Lekerika'. Puntista

«Txikitatik amesten nuen etxean irabaztearekin»

Gernikako Grand Slama irabazi berri du Aritz Erkiagarekin. Irailean, Estatu Batuetara doa, han egiten baitu ia urte osoa. Kezkatuta dago zesta-puntak han duen geroaz: «Iluna da».

BERRIA.
Iñaki Fernandez Guridi.
2021eko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Bizitza profesionalaren ondorioz,Euskal Herriaren eta AEBen artean ibiltzen da Unai Lekerikabeaskoa Lekerika (Gernika, Bizkaia, 1994): ia urte osoa Danian (AEB) egiten du, eta udan soilik etortzen da jokatzera Euskal Herrira.

Gernikako Grand Slama irabazi berri duzu Aritz Erkiagarekin. Espero al zenuen etxean irabaztea?

Lehenengo helburua finalera heltzea zen, eta, behin helduta, irabaztea genuen helburu. Aritz Erkiaga egungo aurrelari onena da, eta, gure armak ondo erabilita, bagenekien irabazteko aukerak izango genituela. Geure buruan konfiantza izan genuen, eta txapela irabaztea lortu genuen.

Zuretzat oso berezia izan zen, etxean irabazi baitzenuen.

Bai. Herri guztiaren aurrean jokatzea, familia eta kuadrilla osoa harmailetan egotea... Oso berezia eta polita izan zen. Txikitatik amesten nuen etxean irabaztearekin. Oso pozik amaitu nuen.

Frontoian zaleak egoteak urduriago jarri zintuen?

Nahiko lasai egon nintzen. Hasieratik genekien finala oso zaila izango zela. Gainera, betidanik izan dut horrelako partida bat jokatzeko gogoa. Presio barik atera nintzen kantxara, disfrutatzera, eta dena ematera. Galdu egin behar bagenuen, galduko genuen, baina garbi neukan gozatzea zela helburu nagusia. Lehenengo seta 12-14 galtzen ari ginen, eta buelta eman genion; 15-14 irabazi genuen. Sekulako gorakada izan zen guretzat. Eta bagenekien bigarren seta ondo hasiz gero irabazteko aukerak izango genituela.

Beraz, ondo kudeatu zenituen emozioak.

Finalaren hasieran, tximeletak sentitzen nituen tripan. Baina, partida aurrera zihoan heinean, hobera egin nuen. Eta kuadrillakoak animatzen ikusita gora egin nuen. Oso eskertuta nago.

Finala lehiatua izan zen, eta, gainera, gorabeherekin hasi zineten.

Oso lehiatua izan zen hasieratik. Hasiera ona eman genion, eta 8-4 jarri ginen aurretik. Haiek [Xabier Barandikak eta Imanol Lopezek] etena eskatu behar izan zuten, arnasa hartzeko. Kantxara bueltatu ginenean, berdindu egin zuten: zortzina. Gero, beste lau tanto egin zizkiguten segidan. Bagenekien lanean jarraitu behar genuela eta zein zen gure jokoa. Ni atzera eramaten ari ziren, baina ondo erantzun nien eskumarekin eta errebesarekin. 12-14 jarri ginen atzetik, baina eskumarekin tantoa egin nuen, eta, ondoren, Erkiagak beste bi egin zituen, seta irabazteko.

Nolakoa izan zen finalerainoko bidea?

Lehenengo bi partidak uste baino errazagoak izan ziren. Oso gustura sentitu ginen, eta orduan hasi ginen geure buruan konfiantza izaten. Finalerdia hirugarren setean irabazi genuen, markagailua irauliz. Fisikoki oso ondo sentitu naiz, ligaxkako bigarren jardunaldian izan ezik; gerriko minarekin egon nintzen. Baina, bestela, bai mentalki, bai fisikoki, oso gustura gelditu nintzen gainerako partidetan.

Denboraldi hasieran, gorriz markatuta zeneukan txapelketa hau?

Bai. Denboraldi hasieran, helburu bera jartzen diot beti neure buruari: Gernikako, Donibane Lohizuneko edo Miarritzeko Grand Slama irabaztea; berdin dit zein. Beraz, helburua bete dut; oso pozik nago. Datorren astean, Donibane Lohizuneko finalerdietan ariko gara, eta irabazteko aukera dugu.

Miarritzen ere izango al zara?

Iparraldean sailkapen bat dago, eta Miarritzeko finala lehenengo bi bikoteek jokatzen dute. Ni hirugarren gelditu naiz; beraz, Donibane Lohizuneko eta Paueko txapelketak jokatuko ditut.

Eta Hondarribiko Grand Slamean ariko zara?

Ez. Irailean da, eta neguko denboraldia Estatu Batuetan egiten dugu. Hilabete hasieran goaz hara; beraz, ezingo dugu jokatu.

Zer-nolakoa da zesta-puntaren egoera Estatu Batuetan?

Daniako eta Miamiko frontoiak bakarrik daude. Irailetik azarora, Danian jokatzen dugu; abenduan eta urtarrilean, Miamin; otsailetik maiatzera, Danian berriz ere. 26 pilotari gaude, eta 2023ko apirilera arte daukagu kontratua.

Pandemiaren ondorioz, zuen egoera okertu al da?

Kirol aldetik ondo gaude. Abenduan bildu ginen enpresarekin kontratua berritzeko. Izan ditugun murrizketak ez dira COVIDagatik egin; enpresak eginikoak izan dira. Soldata jaitsi digute, eta pilotari kopurua murriztu dute. Aurreko urtean 36 ginen, eta, orain, hamar gutxiago. Pandemiak ez du izan zerikusirik. Ilun ikusten dut etorkizuna.

Ivan Salas puntista ohiak dio egoera «txarra» dela, eta «gero eta interes txikiagoa» dagoela.

Zesta-punta izan zen AEBetako kirol izarra 80ko hamarkadan. Ordutik hona, egoera asko aldatu da: lehen, hamasei frontoi zeuden, eta, orain, soilik bi. Nik uste dut urte batzuk barru ez dela egongo frontoirik. Haientzat zenbaki batzuk gara: apustuak egiteko nahi gaituzte, besterik ez. Euskal Herrian laguntza asko jasotzen dugu, eta interesa dago. Telebistek eta babesleek lagunduko baligute, urte osoko zirkuitu bat egiteko aukera izango genuke.

Zer dela-eta interes falta hori?

Kirol gehiago daude gurearen aurretik, eta zesta-punta interesa galduz joan da, gutxinaka-gutxinaka. Oraingoz, Estatu Batuetan jokatzen jarraitzen dugu, eta eskerrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.