Oier Sanjurjo. Osasunako jokalaria

«Gerora futbolak garrantzia galtzen badu, hala behar duelako izango da»

Larrialdi egoerari baikortasunez heltzearen balioa azpimarratu du kapitain gorritxoak; aukera ona omen da «norberaren jarrera neurtzeko». Futbolaren munduak orekatzera egingo duela uste du, baina zail ikusten du negozio eredua aldatzea.

OIER SANJURJO.
enaut agirrebengoa
2020ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Berrogeialdian etxeko epelaz ari da gozatzen Oier Sanjurjo (Lizarra, Nafarroa, 1986). Aitatasunak ez dio uzten aspertzeko betarik; ezta bere kasa egoteko denborarik ere. Besteak beste, geopolitikari buruzko bideoak ikusten ditu beretzat tarte bat hartzen duenetan.

Zer moduz ari zara bizi izaten etxealdia?

Hiru haur ditugu etxean, eta horrek lana eskatzen du. Baina alde onari begiratzen diot: beraiekin jolasteko eta gozatzeko denbora sobera daukagu. Gainera, txikien zaintzan murgiltzen zarenean, ez duzu astirik beste gauza askotan pentsatzeko. Entretenituta nago.

Aisialdirako tarterik izaten duzu? Zer zaletasun duzu?

Etxean bost izanda, zaila da bakoitzarentzat tartea hartzea. Halakoak atseden hartzeko aprobetxatzen ditut. Bestela, Youtuben nire bideo bereziak ikustea gustatzen zait. Munduak nola funtzionatzen duen, geopolitika, konspirazio mota batzuk… Halako gaiak interesatzen zaizkit. Orain pil-pilean daude, baina nik jada ibilbide luzea dut; badira hamar bat urte gai horiei kasu egiten hasi nintzela.

Nolakoa da zure lan errutina?

Osasunako prestatzaile fisikoak igandero bidaltzen digu asteko plangintza. Astelehenetik larunbatera egiten dugu lan, eta igandetan jai hartzen dugu. Bakoitza nahi bezala antola daiteke. Ni goizeko hamarrak aldera hasten naiz ariketak egiten, eta hamabiak aldean bukatzen dut. Gihar talde guztiak lantzen ditugu, itzultzen garenean lesioak ekiditeko. Erresistentzia ere lantzen dugu; bizikletak eta korrika egiteko zintak ditugu etxean.

Noski, baloiaren falta sumatzen duzue, ezta?

Hala da. Buruari eragin behar zaio. Irudimen apur batekin, hainbestean ari gara moldatzen. Adibidez, paretaren kontra koltxoia jar daiteke baloiarekin ariketak egiteko. Hala, ez dugu etxea zikintzen. Ahal den moduan gabiltza.

Zer irakaspen atera daiteke egoera honetatik?

Etxe askotan, egoera larri eta latzak ariko dira igarotzen. Gu, ordea, pribilegiatuak gara. Emaztea eszedentzian dago, eta ni ere etxean nago, estutasunik gabe. Ahal dela, aurpegirik onenarekin egin behar zaio aurre egoera honi. Baikorrak izan, eta aurrera aterako garela pentsatu behar dugu.

Zure ustez, gizartea goitik behera aldatuko da?

Zaila da aurreikusten. Niretzat, egoera berezi hau aukera bat ere bada, norberaren jarrera neurtzeko. Egoera honek izan ditzakeen alde onei heltzen dionak indar handiagoz egingo du aurrera hau guztia pasatzen denean.

Eta futbolarekin, zer gertatuko da?

Galdera ikur handia jarriko nuke hor. Denboraldia etengo zela abisatu zigutenean, nahiko garbi nuen noizbait berriro abiatuko zela, atzean dauden interesengatik. Orain, ordea, ez dut horren garbi. Egoera latza da oraindik, kutsatu eta hildako asko dago, eta ez dakit liga amaitzerik izango den. Itzultzeko, ligak protokolo bat du landuta, eta AFEkoak leundu nahian gabiltza. Oso zorrotza da, eta, hitzez hitz aplikatuz gero, oso zaila izango da lehiara itzultzea.

Itzuli aurretik, hilabete inguru beharko zenukete entrenamendu arruntak egin eta prest egoteko. Beraz, ia ezinezkotzat jo daiteke ekain erdialdea baino lehen hastea ezta?

Epeak horiek dira. Protokoloa ez badugu hemendik hamabost bat egunera hasten, ekaina gainean izango genuke. Bestalde, eta lehen esandakoaren harira, futbolariak baino lehen, pertsonak gara, eta, guztiok bezala, ia bi hilabete daramatzagu etxean itxita. Protokoloak esaten du ia kaiola baten barruan sartu behar garela futbolariok, eta inor ez kutsatzeko, etxekoak ere ezingo direla atera. Gogor samarra da horretara derrigortzea.

Zu lehiara itzultzearen aldekoa zara, ala uste duzu sasoia bertan behera gelditu beharko litzatekeela?

Behartuta gaude liga bukatzera. Eta horren alde gaude, baina ez edozein preziotan. Hori da nire iritzia. Bestalde, garbi dago itzulera zaila izango litzatekeela. Lehen Maila berez da zaila, eta zer esanik ez, uztailean, tenperatura altuekin.

Emozionalki, nola ari zara kudeatzen ziurgabetasuna?

Egoerak jokoz kanpo harrapatu gintuen guztioi. Gakoa moldakortasuna da. Egunez egunekoan ari naiz zentratzen, itzultzean baldintza fisikorik onenetan egoteko. Noski, kezka puntu hori ere etortzen zaizu, eta hori kudeatu egin behar da.

Zer diote taldekideek? Nola ari dira moldatzen?

Maiz egoten gara sakelakoaren bidez, eta entrenamendu saioren bat ere egin dugu bideo deiak baliatuta. Oso esperientzia aberasgarria izan da, eta entrenatzaileak zein prestatzaile fisikoak oso harro daude jokalariak erakusten ari garen jarrerarekin. Ardura handiz ari gara erantzuten. Jagobak [Arrasate] igorri diguna da, buruz garbi eta indartsu ikusi duela taldea. Eta hori asko da egoera honetan.

Beharko fisikoki eta mentalki indartsu egon, itzultzekotan egutegi bete-betea izango baituzue.

Bai, hilabete eta erdian jokatu beharko ditugu gelditzen diren hamaika jardunaldiak. Inork ez daki nolako eragina izan dezakeen halako geldialdi luze batek. Gauza asko hartu behar dira kontuan: lesioekiko erresistentzia, talde bakoitzaren ezaugarriak… Gu ahalik eta hobekiena ari gara prestatzen, eskura ditugun baliabideekin.

Lehen, agerikoa zen, eta, orain, zer esanik ez: klubak telebistaren negozioaren mendeko dira erabat. Posible da paradigmaz aldatzea?

Oso zail ikusten dut. Telebista da kluben sostengua. Bazkideen kuotek, babesleen diruak eta sarrerek pisu txikia dute taldeen aurrekontuan. Ez dakit zer alternatiba egon daitekeen egoera aldatzeko. Gauzak dauden bezala egonda, klubek etorkizun oso zaila dute telebistarik gabe.

Biharko gizartean garrantzia gal lezake futbolak?

Galtzen badu, galdu behar duelako izango da. Ikusten ari gara lehen bazirela garrantzi handia ematen genien gauzak, orain agian ez dutenak behar halako arreta izatea. Futbolak garrantzia galtzeak ez ninduke harrituko. Baina aurrerantzean ere estatus bera izateak ere ez. Jendeak behar edo nahi duena kontsumitzen du. Futbola kontsumitzen badute, bejondeiela. Eta, bestela, aurrera aterako gara modu batera edo bestera.

Futbolaren burbuila hazi eta hazi egin da azken urteetan. Kopuruak erotzeko modukoak izan dira. Horrek guztiak eztanda egin dezake orain?

Nik uste dut orekatu egingo dela dena. Futbolaria izanik, ematen du harriak ari naizela botatzen nire teilatura. Baina ez nago guztiz ados futbolaren inguruan eraikia dagoen zirkuarekin. Kirol gisaikaragarri gustatzen zait, eta uste dut oso balio onak transmiti ditzakeela. Baina, bestalde, inguruan sortzen den parafernalia guztia dago. Jendeak ez badu hori nahi, denak orekatzera egingo du, eta kopuruak apaldu egingo dira.

Ohikoa da futbolarien soldatak gehiegizkoak direla entzutea, eta orain areagotu egin dira halako iruzkinak. Zein da zure ikuspuntua?

Bai, iritsi zaizkit halako iruzkinak. Bakoitzak bere ikuspuntua dauka, eta zilegi da, noski, halakoak esatea. Edonola, nire iritzia da, zerbaiten inguruan iritzia emateko, hobe dela barrutik ondo ezagutzea. Kasu honetan, jakin behar da zer esan nahi duen futbolari izateak. Ez da batere erraza, oso jende gutxi iristen da elitera. Mentalki indar handia izan behar da presioa eta exijentzia jasateko. Edonor ez da horretarako gai. Futbolariak kopuru hori kobratzen du, oso zaila delako iritsi den tokira iristea.

Aurreiritzi batzuk sortu dira futbolarien inguruan, maiz mediatikoenek ematen duten irudian oinarrituta. Hori gehiago landu beharko zenukete?

Hor ere futbolarien aldeko defentsa egin nahiko nuke. Nork jokatzen du bere egunerokotasunean erabat garbi, eta ez du sekula hanka sartzen? Gauzak desberdin ikusten dira etxeko sofan eta zelaian, 180 pultsaziora gorputzak eta bakoitzaren nortasunak ez du berdin erreakzionatzen. Uler daiteke egoera horietan futbolariak noizbehinka hanka sartzea. Gero, hori bai, garrantzitsua da barkamena eskatzea.

Osasunako lehen taldeko kideek soldata jaistea onartu duzue. Erraza izan da klubarekin akordio bat lortzea?

Eztabaidaren bat edo beste egon da. Klubak hasieratik argi eta garbi azaldu zizkigun gauzak. Kirol klub bat gara, ez elkarte anonimo bat, eta neurrien beharra onartu behar genuen. Oso eskertua nago nire taldekideek erakutsi duten giza kalitatearekin. Jende argia eta zentzuduna dela erakutsi digute guztioi.

Osasuna ondo dago egun ekonomia aldetik, eta eskerrak. Pentsa krisi hau orain dela urte batzuk gertatu izan balitz.

Bai, gaitz erdi. Diru zorroa ez dugu oso betea oraintxe, inbertsio handiak egin ditugulako berriki. Baina, bestela, ekonomia aldetik ongi gaude. Krisi honek orain dela lauzpabost urte harrapatu izan bagintu, gure amaiera izango zen. Edo, behintzat, iraupena oso zail izango genukeen. Harro sentitu behar gara azken urteetan egin dugun lanaz.

Futbola tokikotu egin liteke aurrerantzean, merkatua murriztearen ondorioz. Edonola, Osasunak hor du Taxoare. Nola dago?

Gure balio nagusietako bat da harrobia, eta arreta handia eskaini behar diogu. Ezin dugu ahaztu zein den klub honen filosofia. Hortik ahal den gutxien atera behar gara. Futbolean halako aldaketak gertatzen badira, moldatuko gara, ez dut zalantzarik.

Osasunak 100 urte beteko ditu urrian. Krisialdi honek zapuztu egin dezake festa?

Kalean dagoen egoera egonda, erreparoa ematen dit halako ospakizunei erreparatzeak. Argi dago zailtasunak egongo direla festa giro erraldoi bat sortzeko, gizarte osoan nabariak izango direlako kalteak eta albo kalteak.

Bederen, nahiko ziurra ematen du Lehen Mailan izango zaretela, salbazioa oso bideratuta utzi baitzenuten etenaldiaren aurretik.

Bai, liga gelditu zenean, guk eginak genituen ordura arteko lanak. Sasoia dagoen bezala bukatzen bada, Lehen Mailan izango gara hurrengo denboraldian; eta, bestela ere, nahiko ziurra da. Aski genuke bizpahiru garaipen lortuta.

Taldeari ez ezik, zuri ere gauzak nahieran atera zaizkizu. Nola sentitu zara?

Oso pozik, egia esan. Gol garrantzitsuren bat sartu dut, eta, hortik harago, nire ekarpena egin dut ezkutuko lanean. Ondo moldatu naiz erratzarekin: baloia lapurtu, eta taldekideari pasa. Jagobak zelai-erdian ikusten ninduen hasieratik, eta denborarekin, ikusi da hori izan daitekeela posturik aproposena niretzat.

34 urte dituzu, eta 2021 arte duzu kontratua. Jada hasi zara erretiroan pentsatzen?

Hori ezinbestean egin behar dudan hausnarketa bat da. Ondorio zehatzik atera gabe, baina aritu naiz pentsatzen gerora zer egin dezakedan. Entrenatzaile lanak ez nau asko betetzen; bestelako lehentasunak dauzkat. Ez dakit futbolaren munduan jarraituko dudan. Batek daki. Bestelako interes asko ditut, eta ikusi beharko dut zeinek betetzen nauen gehien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.