Axier Alonso. Mendiko eskiatzailea

«Banekien sasoiko nengoela eta lehen postuetan ibiliko nintzela»

Unai Ugartemendia.
Izaba
2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Axier Alonsok (Oñati, Gipuzkoa, 1988) irabazi ditu banakako eta kronoigoerako Euskal Herriko txapelketak.

Sorpresa izan al da zuretzat bi lasterketak irabaztea?

Bai, baietz esango nuke. Banekien sasoiko nengoela eta lehen postuetako borrokan ibiliko nintzela, baina kirol honetan esperientziak garrantzi handia du, materialak, okerrik ez egiteak... Lasai atera nintzen larunbatean, eta indarrak gordez joatea erabaki nuen azken igoerara arte. Ia bukaerara arte joan nintzen Ajuriarekin batera, baina, azken igoeran, nik indar pixka bat gehiago nuen, eta hantxe irabazi nuen. Igandekoa oso bertikal teknikoa zen, basoan, itzuli askorekin... Asko gustatu zitzaidan. Hamarnaka irtetea ere ondo ikusi nuen; jendea oso gustura zegoen oro har. Asteburu borobila izan da.

Zer iruditu zaizkizuibilbideak?

Biak ere oso politak izan dira. Elur asko topatu dugu, Pirinioetan beste edozein lekutan baino gehiago, eta, alde horretatik, zorte handia izan dugu. Larunbatekoa oso exijentea zen, aldaketa asko, bost igoera, elurra ere urtuz joan zen... Antolakuntzari hamarrekoa emateko moduan gaude, topatu dituzten ibilbideengatik.

Euskal Herriko mendiko eskiatzaileentzat berezia da Bandres-Karoloren omenezkoa.

Bai, ikusi besterik ez dago dortsalak zein azkar amaitu ziren. Denok egon nahi dugu hemen, eta, beste lasterketa batzuen aldean, giro ezberdin bat dago hemen. Larunbat arratsaldean herrian zegoen giro aparta, igandeko bazkariko giroa... Horrekin ere gozatzen dugu guztiok.

Nola daramazu orain arte denboraldia?

Ondo. Denboraldi hasieran ez zegoen elur askorik, eta Causiat Extreme bera ere atzeratu egin behar izan zuten. Han hasi behar nuen denboraldia. Gero, Espainiako Txapelketan izan nintzen, Katalunian, eta han oso sentipen honekin ibili nintzen. Azken astean bikotekako lasterketa batean parte hartu dut, Vall Foscan [Lleida, Herrialde Katalanak], Gorka Otamendirekin, eta han ere oso gustura ibili nintzen. Orain Pierra Mentara noa Aitor Otxoarekin. Hura beste gauza bat izango da.

Hor amaituko al duzu eski denboraldia?

Ez dakit, zalantzak ditut. Bikotekako Espainiako Txapelketa jokatuko da apirilaren erdialdean, Candanchun [Aragoi, Espainia], Causiat ere hor dago... Korrika ere hasi behar dut, eta komeriak ditut! Sasoiko nagoela aprobetxatu nahi nuke, bikote on batekin Espainiako Txapelketa jokatzeko, baina ikusi egin behar da. Eta, tartean, datorren astean etenaldi txiki bat egingo dut, mendi lasterketetako euskal selekzioarekin Espainiako Kopako lehen proban parte hartzeko, Borriol-en [Castello, Herrialde Katalanak].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.