Juan Luis Larraza. NIEko zuzendari ohia

«Ikastola txikiek beren lekua merezi dute gure historian»

Larrazak bereziki nabarmendu du ikastola txikiek Nafarroan izan duten garrantzia. 'Bidea eginez' liburuan, 1969 eta 1991 arteko Nafarroako ikastolen historia laburtu du. Kontzientzia galera antzeman du urteotan.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Euskaratik eta euskaraz iragan da Juan Luis Larrazaren bizitza (Etxarri-Aranatz, Nafarroa, 1950). Nafarroako lehenbiziko gau eskoletan hasi zen euskara irakasten, NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari izan zen 1977tik 1991ra, eta Zangozako ikastolako zuzendari 1994tik 2010ean erretiroa hartu arte. Idatzi duen liburua eskutan, atzera so paratu da.

Nondik heldu zaizu euskaltzaletasuna? Etxean jaso zenuen?

Oso gogoan daukat, 11 urte nituela, kableak botatzen ari zen langile baten semea ezagutu nuela. Galdetzen nion ea euskaraz bazekien, eta hark ezetz. Ni harro sentitzen nintzen. Ez dugu etxean bizi izan euskaltzaletasuna; nik uste dut euskararekin datorkigula, eta sentsazio horrek markatu nau neurri handi batean. Lazkaoko Beneditarretan euskarazko formakuntza izan nuen, eta, gero, euskararen eremuan murgilduz joan nintzen.

Gau eskolak izan ziren lehenbiziko proiektua?

Goierrin hastear ziren gau eskolekin harremana egin genuen. Kartzelan urtebete eman eta gero, zeregin horiek berriro hartu genituen. Sakanan nik ematen nituen eskolak, eta halako multzo bat sortu zen, nahiko sendoa. Hasi ginen harremanetan jartzen Iruñekoekin. Gero Tutera, Tafalla, Leitza, Bera... Gipuzkoan egin zutena bera egin nahi genuen.

Jende asko joaten zen?

Bai, jende asko zegoen, eta interesa zegoen. Ez zegoen gaur egun dagoen adinako politizaziorik edo gure arteko haserrerik. Euskararen aldeko zeregin edo ahalegin horretan zegoelako etortzen zen mundu guztia.

Nola ikusten duzu euskararen egoera, ordukoaren aldean?

Ezagunagoa da euskara, jendea prestatuago dago, noski, ez dira alferrik pasatu 41 urte. Baliabideak ere handiagoak dira, eta diferenteak. Pentsa, garai hartan ez genuen autorik, eta apunteekin ibiltzen ginen, multikopista bidez. Baina, agian, orduan bazegoen kontzientzia gehiago. Egoera zaila zen, Francoren garaia zen, eta horrek batu egiten gintuen euskara aurrera ateratzeko. Gaur egun, bakoitza dabil bere alde.

NIE sortu zen gero. Beti izan du egoera zaila, baina hasiera zailagoa izanen zen. Nola gogoratzen duzu?

Ordurako baziren 30 ikastola. Diputazioak ematen zituen diru laguntza eskasak moztu nahi zituen, hasierako folklorez betetako ahalegin hura gehiegi ari zitzaiolako handitzen. Orduan, NIE sortu zen 1977an, eta bere lana izan zen ikastola guzien artean koordinazio bat sortu eta zeuzkaten behar guztiei erantzun bat ematea: dirua, administrazioa, zalantza pedagogikoak...

Instituzioekin beti negoziatzen, baina beti gaizki?

Pentsa garai hartako politikarien euskara ezaguera maila nolakoa zen: diputazioan «euskararen tipoa» nintzen. Berdin zitzaien gau eskola, ikastola... Hori aprobetxatzen asmatu genuen. Bagenekien zer eta nola nahi genuen, eta politikarien artean ez zegoen euskararen kontrako jarrerarik,ezta aldekorik ere; orduan, gauza asko lortzen ziren.

Kontua zaildu egin zen Nafarroako Gobernua sortzerakoan?

1980ko hamarkadan, alderdi politiko bakoitzak bere planteamendu berezia zuen euskarazko irakaskuntzari buruz; hor hasi zen eskola publikoaren debatea, nire ustean sekulako kaltea egin ziona ikastolen mugimenduari. Izan ere, garai hartan ez zegoen baldintzarik urrats hori emateko, eta gaur egun ere ez. Agian gobernu hau errepikatzea lortzen badugu, bai, baina... Gainera, zer da eskola publikoa? Eskola espainiar euskaldundua, ala benetako euskal eskola, guk sortua, gure baldintzetan eta guk kudeatuta? Kontuan izan behar da eztabaida hori batez ere Iruñean gertatu zela, eta herri handietan, politizatuenetan. Eztabaida honetatik kanpo geratzen ziren ikastola txikiak. Haiek beste problema bat zuten: ez zuten dirurik, haur kopurua izugarri jaitsi zen, eta nolabaiteko lokalak zituzten. Krisi mugimendu bat hasi zen, ideologikoki areagotutakoa.

Liburuan, arantzatxo bat antzeman liteke Herri Ikastolaren eta Udal Ikastolaren gaian.

Herri Ikastolako gurasoa zen zinegotzi batek esan zidan: «Ikastola bat pasatzen den lekutik, besteak ere pasatuko dituk». Udal ikastola pasatu zen, baina besteei ez zieten utzi. Ez zuten dirurik jarri nahi; beraz, ezin zen aurrera jarraitu. Itxi egin behar izan zuten, zorren eta eztabaida ideologikoen ondorioz. Esperientzia antzekoa izan zen Hiru Herrirena Burlata, Atarrabia eta Uharten. Proiektua sortu zenean, alkateak aldekoak ziren, baina, hauteskundeen ondoren, itxi egin behar izan zuten.

Ikastola txiki batzuek bat egin zuten eskolekin. Hori nola bizi izan zenuten barnean?

1986an, Urralbururen gobernuak hiru urteko epea eman zigun ikastola guztiak, edo gehienak, eskola transferituetan integra zitezen. Guk ezetz, ezetz eta ezetz; urteak pasatu ziren, eta, bitartean, herri txikietan areagotu egin zen haur, diru eta lokal falta. Batez ere, haurrik ez zegoen. Irtenbiderik egokiena zen gobernuarekin akordioa egin, eta, integrazioa ematean, herri guztietan D eredua ziurtatzea. Herrietako ikastolek eskatuta eman zen pausoa, eta horri esker, neurri handi batean, Vascuencearen legeak eremu misto eta euskalduna izendatu zituenak zabalagoak izan ziren. Bestela, Gares ez zen zona mistoan sartuko, adibidez. Federazioan onartu zen, nahiko iskanbilarekin. Neurri egokia izan zela uste dut. Ez zegoen alternatibarik.

Ikastola handiagoetan ere eztabaida izan zen, ezta?

Nafarroako Gobernuak desagerrarazi egin nahi zituen ikastola estrategikoak, hainbat eskola hutsik baitzituen. Etxarrin eta Beran gurasoak argi eta garbi posizionatu ziren. Lesakak azkenean jarraitzea erabaki zuen, eta 1988ko Oinez-a eskaini zitzaion. Horrek sekulako haserrea piztu zuen gobernuan, eta harremanak moztu zituen federazioarekin. Leitzan, publiko-pribatu eztabaida nahiko bizia zen; diferentzia da irakasleek integrazioaren alde egin zutela. Hor ja borroka galdu zen.

Orain, D eredua zabalduko da Nafarroa hegoaldean. Kezkatzeko motiborik badago ikastoletan?

Ezin da inprobisatzen ibili, lau urtetik behin zer gertatuko den pentsatuz. Bestalde, ikastoletan dagoen giroa euskalduna dela sumatzen da. Zangozan, adibidez, [eskolako] klaustroak euskararen kontrako jarrera dauka, eta gurasoen jarrera berbera da. Zer etorkizun izan dezake euskal irakaskuntzak horrelako baldintzak dituen eskola transferitu batean, guk ikastolan lortu beharreko helburuetatik %50 ere ez badugu lortzen?

Agian, guraso batzuek ez dute gehiago ordaindu nahi.

Orduan ari gara diruaz. Duela 40 urte ere hitz egin beharko genuke diruaz. Hitz egin dezagun doakotasunaz, eta ez dezagun nahastu publikoarekin.

1991n utzi zenuen NIE. Zergatik alde egin zenuen?

Alde batetik, horrelako lanpostuak ez dira betirako. Bestetik, beti kritikatu dugu gure anai-arrebek ez dutela Nafarroa ezagutu. Bost federazioetako idazkarion arteko harremana oso ona zen. Halako batean, hori egituratu behar omen zela eta, nonbait, pertsona batzuk ez omen genuen tokirik hor. Ez dakit zergatik; 25 urte pasata ez didate inolako azalpenik eman.

Ikastola ez zenuen utzi. Uko egin zenion oposizioetan lortutako lanpostuari, eta Zangozako ikastolako zuzendari lana hartu. Zerk bultzatu zintuen?

Koherentzia pertsonalak. Nafarroako Gobernuko zerrendetara pasatu izan banintz, gehiago kobratuko nuke, ziurrago egongo nintzen... Baina bizitza osoan ikastolan sinistu dut; beraz, ez nuen bi aldiz pentsatu.

Eremu ez euskaldunean zailtasun handiagoz egiten da lan?

Goian zaudenean, bakardadea nagusitu ohi da, gainera. Nire izaeragatik, denetarik egin nuen: zuzendaritza, kudeaketa, tutoretza, eskolak eman, ordezkapenak bete... Nola? Oso gustura. Baina iritsi zen momentu bat non, alde batetik, adina nuen, eta, bestetik, gure gurasoak bezala hasi nintzen: «Egungo gazteak...». Badago belaunaldi arazo bat. Ez da batere erraza egungo gazteekin bat egitea planteamenduetan, helburuetan eta estiloan. Orduan, erretiroa hartu nuen. Baina uste dut euskarazko irakaskuntzak nolabaiteko iraultza bat behar duela.

Zer aldatu behar da?

Egoerara egokitu behar da. Garai batean sortu ziren ikastolak, baina egun beste erronka batzuk ditugu. Ez dakit zer, ez dakit nola, baina ikastolen mugimenduak bere izaera eta helburuak nola lortu birplanteatu behar du. Euskaraz Bizi proiektuak iraultza egin zuen ikastola mugimendu guztian, eta agian horrelako zerbait behar dugu, gure haurrek atsedenaldian-eta erdaraz egiten baitute.

Nafarroa Oinez asko antolatu duzu. 1981ean izan zen lehenbizikoa. Nolakoak ziren lehenbiziko besta horiek?

Politak. Dena federaziotik egiten zen. Dozena erdi zartagin, hori zen gure ondarea. Ongi atera zen lehenengoa. Bigarrena Elizondon egin zen, eta ondorioa izan zen uztailean ezin zela egin. Geldi-geldi data finkatzen joan zen. Helburuak bete ziren: lehenengoan hiru milioi, bigarrenean zortzi...Diru asko zen garai hartan.

Zertan aldatu da besta?

Nik uste estruktura eta funtzionamendu antzekoa izan zuela 1998ra arte. Zangozakoa izan zen modu horretan egin zen azkena. Azpiegitura guztiak guk muntatu genituen, EAJk Alderdi Egunean erabiltzen zituen barrakak ekarri genituen, eta, horrela, gurasoek egiten zuten lan guztia. Baina 1999an sartu ziren Zunzarren, eta abar, barrakak eginak... Ez dut esan nahi lanik ez dagoenik, baina ez dauka zer ikustekorik. Kanta ere guk egin genuen, nire gelako ikasleekin. Artesania kutsu hori izan zuten 1998a arte. Beti kritikatu dugu Kilometroak txeke bidez egiten zirela, eta, orain, Nafarroan ere txeke bidez egiten da.

Garaiak ere aldatu dira. Ez dago lanerako hainbeste gogorik?

Gurasoen jarrera ere ezberdina da. Lehen, txistua jotzen zenuen, eta parte hartzea erabatekoa zen. Orain, ez dira askorik mugitzen. Kontzientzia galdu dugu; modu pertsonalistan bizi gara, eta ahalik eta gutxien inplikatuta.

Ikastolen besta horiek indarra galtzen ari dira?

Bai, badirudi jende gutxiago joaten garela, baina, hala ere, eutsi egin behar diogu. Gehienbat gazte jendea doa, egun-pasa, lehen Xabierraldira joaten ziren bezala. 15 urterekin, sekulako eskapada da Herri Urratsera joatea.

Azken zortzi urte hauetan, jarraitu duzu euskararen bueltan?

Kanpotik jarraitu dut, adibidez, liburua egiten. Erabat poztu nau hau gauzatzeko gai izatea. Memoria historikoaz hitz egiten dugu, eta ikastolen mugimenduak ere badu historia, eta kontatu behar da, denak sartuz. Ikastola txikiek merezi dute lekua gure historian. Ez dit balio gorbata jantzi eta federazioan hiru urtez egon denak. Benetako meritua dute ikastola txikietako gurasoek, irakasleek... Hori da benetako historia, gordina, eta kontatu egin behar da.

Harro zaude ikastolek egindako ibilbidea ikusirik?

Nik uste dut baietz. Gelditzen zaiguna Iruñetik beherakoa da. Eraginkorragoak izan beharko genuke. Azkenengo ikastola 1991ko irailean ireki genuen, Lodosan. Entzuten dudanean Seaskak behar duela institutu berri bat edo irekiko duela gela bat herri txiki batean, pentsatzen dut guk ere berdin egin beharko genukeela. Hegoaldean planifikazio bat eta lan bat egin beharko litzateke. Ez diot xamurra denik, noski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.