EUSKADI NEXT

2020ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak zortzi sailetan banatu du Euskadi Next plana. Hauek dira sail horretako proiektuetako batzuk.

OSASUNA ETA ZAINTZA

COVID-19aren ondorioz, argi ikusi da gizarte eta osasun arloen garrantzia, eta horiei bultzada bat eman behar diela ziurtatu du Jaurlaritzak. 786,4 milioi euroko ekarpena eskatu du arlo horretan.

Zaintzen Ekonomia eta Osasunberri. Diru sail handienak bi makroproiekturentzat eskatu ditu: 204,8 milioi Zaintzen Ekonomia izenekoarentzat, eta 119,4 milioi Osasunberrirentzat. Azken hori COVID-19aren pandemiari eta etor daitezkeenei erantzun integral eta koordinatu bat emateko saio bat da. Elkarlan publiko-pribaturako programa bat da, osasun arloan industria sektore bat sortzeko xedea ere bai baitu. Zaintzen Ekonomia, berriz, zaintzaren inguruko politikak «eraldatzeko» saio bat da, bi ardatzetan antolatua: batetik, zahartzearen erronkei erantzun nahi dieten hiru zentroak (Adinberri Gipuzkoan, Health Intelligence Center Araban, Nagusi Intelligence Center Bizkaian), eta, bestetik, zaintzaileen profesionalizazioa.

Besteak. Gipuzkoako Aldundiaren hiru proiektu estrategikorentzat ere finantzaketa eskatu du Euskadi Nextek: Adinberri bera (72 milioi) —beheko irudian—, GANTT (55 milioi) eta Elkar-Ekin Lanean (54 milioi). Bizkaian, berriz, 43 milioi nahi ditu eskualdeetako erreferentziazko adineko zentroak indartzeko eta beste 38 milioi Etxetic-erako —menpekotasunen bat duten adinekoak etxean artatzeko—. Osakidetzaren zerbitzuak digitalizatzeko 88,1 milioi eskatu ditu, eta osasun etxeak berritzeko, 39,5 milioi.

BIZI OSOKO IKASKUNTZA

139,5 milioi euroren eskariak sartu ditu atal horretan, eta gehien-gehienak, 92 milioi, hezkuntza sisteman digitalizazioa bultzatzeko. Bizkaia Dorreko Ekintzailetzarako Nazioarteko Zentrorako, hemezortzi milioi eskatu ditu.

ENERGIA BERRIZTAGARRIAK

415,6 milioiko finantzaketa proposatu du Euskadi Nextek energia berriztagarriak sustatzeko.

Hidrogenoa. EBren xedea da hidrogenoa baliatzea energia iturri gisa. Erronka horretan esku hartu nahi du Jaurlaritzak. 220,5 milioi eskatu ditu BH2C Hidrogenoaren Euskal Korridorearentzat, eta 20 milioi Iberlizerrentzat.

Eolikoa. Energia eolikoak ere badu bere lekua programan: 54 milioi euro Aixeindarren bidez lurreko parke eolikoak jartzeko, 36 milioi itsasoko eolikoarentzat azpiegiturak entseatzeko, eta hamar milioi itsasoan haize errotak flotagailuetan jartzeko teknologia garatuko duen industria osatzeko.

Eguzki energia. Ekienea zabaltzeko 6,3 milioi eskatu ditu, eta beste sei milioi San Markosen (Gipuzkoa) beste parke bat jartzeko. Gainera, finantzaketa nahi du industrialdeetan edo etxebizitzetan eguzki plakak jartzeko.

MUGIKORTASUN JASANGARRIA

Trenak. 941,4 milioi euro daude sail horretan. Diru sailik handiena Bilboko metroaren 5. linearako eskatu du, Sarratu-Galdakoa-Usansoloko ospitalerako (245 milioi), eta badago dirua Topoaren Altza-Galtzaraborda zatirako (27,3 milioi) eta Eibarko trenbiderako ere (hamalau milioi).

Ikerketa proiektuak. Bost proiektu nabarmendu ditu Jaurlaritzak sail horretan: baterien fabrika (Basquevolt Gigafactory, 217 milioi), Mubil mugikortasun elektrikoaren poloa (86,5 milioi), Basque CCAM LAB (60 milioi), Smart Factory (50,8 milioi) eta Battery Pack Multimobility (hamar milioi).

DIGITALIZAZIOA ETA BERRIKUNTZA

1.189,2 milioi. Diru eskaera nagusiak Bizkaiko bi proiekturentzat dira: errepideetan sentsorizazioa bultzatzeko programa bat (120,5 milioi), eta Bilbo, Hiri Digitala (117,7 milioi). Gipuzkoa Digitala (56,5 milioi), Gipuzkoa Quantum (40 milioi), Araba Digitala Plana (28 milioi) eta Araba Smart Lurraldea ere (14 milioi) ageri dira. Gainera, BRTA parke teknologikoen partzuergoarentzat 60 milioi euro nahi ditu Jaurlaritzak. Zibersegurtasunerako, enpresen digitalizaziorako, 5G sarea hedatzeko, data center berri bat egiteko eta merkataritza txikia digitalizatzeko eskaerak ere badira atal horretan.

HIRI HABITATA

1.081 milioi, eta ia erdia, 491,2 milioi, hondatuta dauden hiriguneak eraberritzeko erabili nahi ditu Jaurlaritzak. Eraikinak isolatzeko laguntzak (217,8 milioi) eta argindar sarea digitalizatzekoak ere (122 milioi) nahi ditu gobernuak. Atal horretan sartu du, halaber, Gernikan Guggenheim museoaren «zabalgune berdea» (81 milioi).

INGURUMENA

657,5 milioi euro. Ur saneamenduko sarea (84,2 milioi), ekosistemak biziberritzea (84 milioi) eta uholdeen aurkako neurriak (89 milioi) dira nagusi. Proiektu zehatzen artean, Arabako hiru —Gasteizko azpiegitura berdea (40,5), Gasteizko ur zikinak nekazaritza lurrak ureztatzeko Irrigal Zirkularra proiektua (92,7 milioi),eta Irrigaraba Ekolife (41 milioi)—, eta orokorrago bat: hondamendi naturalen aurkako plana, Resina (34 milioi).

EKONOMIA ZIRKULARRA

492,1 milioi euro ditu Euskadi Next programak arlo horretan. Sail garrantzitsuena, 400 milioi eurorena, industriarentzat lur sailak eraberritzeko proiektuentzat izango litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.