Elurtea. Gipuzkoa

Ohitu gabe daudenek nabaritu dute gehien

Itsasertzeraino heldu da elurra, eta nahasmena sortu du kostako errepidean. A-8 autobidean eta N-1 errepidean izan da arazo gehien, ilarengatik. Ikastetxeetan eragina izan du elurteak

Gipuzkoa osoa zuritu zuen elurrak. Irudian, Errenteria. ANDONI CANELLADA / ARP.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Gipuzkoako txoko guztiak zuritu zituen atzoko elurteak. Gozatzeko edo madarikatzeko, baina elurrarekin ohitu gabe daudenek nabaritu dituzte gehien haren efektuak. Kostako errepidea izan zen horren adibide; Mutriku eta Deba nahiz Getaria eta Zarautz arteko errepideak garbitu gabe egon ziren goiz osoan, eta hainbat ibilgailuk arazoak izan zituzten izotzarengatik. Lurraldebuseko autobusek ezin izan zituzten ohiko ibilbideak normaltasunez osatu, eta horrek lanera joatea zaildu zion hainbati. Zarauzko bizilagun June Bernedo erizaina da, eta Lurraldebusen zerbitzua erabili ohi du Donostiako ospitalera lanera joateko: «Zerbitzurik ez zegoenez, autoz joatea erabaki dut, baina ikaragarrizko lanak izan ditut lanera iristeko». Hain justu, Lurraldebusek jakinarazi zuen 5.200 dei inguru jaso zituztela; txartela ordaindu eta helmugara iristea lortu ez zutenei dirua itzuliko diela esan du aldundiak.

Gainontzeko errepideetan ere arazo handiak izan zituzten. Andoainen, A-15 errepidea itxita egon zen arratsaldera arte, goizeko lehen orduetan Etzegarateko igarobidearen antzera. N-1ean ere arazo handiak izan zituzten Lasarte eta Donostia artean, eta baita A-8an ere.

Elur artean gidatzera ohituta dago Alvaro Ganuza Maersk enpresako kamioi gidaria. Atzo,baina, A-8 autobidean geldirik egotea egokitu zitzaion, Aritzetako irteeran. Haren esanetan, prestakuntza falta izan da kaosaren eragilea: «Europa iparraldean ibili izan naiz, eta horrelako elurteekin ez dut geratu beharrik izan. Handiagoekin bai, noski».

Barnealdean, hainbestean

Elurteetara ohituagoak daude itsas mailatik garaiera handienera dauden herrietako biztanleak. Berrobikoa da Begoña Olamosu, eta Bidania-Goiazko liburuzaina da. Azken hori Gipuzkoako herririk garaiena izanagatik, arazorik gabe egin zuen lanerako bidaia: «Bidea garbi aurkitu dut, eta arazorik gabe iritsi naiz».

Bestelako esperientzia izan zuen goizean Olamosuren semeak. Amaren esanetan, autobusean abiatu ziren Berrobitik Tolosako Orixe ikastolara, baina kilometro bat egin orduko, etxera itzularazi zituzten. «Ez dut uste errepidearengatik izan denik, aurrez nire senarra lanera joan delako; bidean jakingo zuten eskolarik ez zutela». Izan ere, Gipuzkoako ikasle askok goizean jakinzuten ez zutela eskolara joan beharrik izango.

Errepide horretan, GI-2130ean, aritu zen ogiak eta egunkariak banatzen Pedro Manso. Beste egunekin alderatuta, lan dezente egin behar izan zuen: «Banaketa leku askotan egiten dut, eta arazo dezente izan ditut goiz osoan». Tolosaldeko bazter guztietan aritzen da banaketan: «Leku batzuetan, furgoneta utzi, eta korrika igo behar izan dut etxe etasaltokietara, baina, azkenean, guztietara iritsi naiz». Horren adibide gisa jarri du Elduainen gertatutakoa; Arazola baserrirako aldapa igo ezinda geratu zen, eta eraman beharrekoak zaku batean bilduta igo zituen.

Arratsaldeak aurrera egin ahala, elurra lurmendu zen Gipuzkoako zatirik handienean, eta, Biriatun ilara luzeek irauten zuten arren, zabalik zeuden errepide nagusiak. Argazki asko eta arazo gehiago eragin zituen elurrak, kostaldean bereziki, baina hondartzetan hondarraren kolorea itzuli ahala, zirkulazioa normaldu egin zen errepideetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.