Athletic 0-0 Alaves

Joko eskasa Pachecoren derbian

Babazorroen atezainaren geldiketek eman diote Alavesi Callejaren aroko lehen puntua. Athleticen, sarri jokatzen ez duten jokalariek ez dute aukera baliatu

Pacheco Sanceten jaurtiketa urruntzen, atzo San Mamesen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
haritz gallastegi
2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Athletic. Unai Simon; Capa, Unai Núñez, Balentziaga, Lekue; Ibai (Muniain, 63. min.), Vesga, Unai Lopez (Dani Garcia, 63. min.), Morcillo (Berenguer, 69. min.); Sancet (Raul Garcia, m69. min.) eta Villalibre (Williams, 63. min.).
Alaves. Pacheco; Ximo Navarro, Tachi, Lejeune, Martin; Jota Peleteiro (Pere Pons, 75. min.), Battaglia, Pina (Manu Garcia, 78. min.), Luis Rioja (Edgar Mendez, 75. min.); Lucas Perez (Borja Sainz, 85. min.) eta Joselu. .
Epailea. Melero Lopez. Txartel horiak: Athleticeko Vesga eta Capari; eta Alaveseko Lejeuni.

Athleticentzat zein Alavesentzat partida garrantzitsua zen San Mamesekoa. Atzoko norgehiagokak, berez, babazorroentzat zuen balio gehiago. Izan ere, jokoan zeuden puntuak irabazteko premia handiagoa zuen bisitariak. Jaitsierako postuetan egoteak eragiten duen egonezinaz zelairatu zen Alaves. Baina Athleticek ere bazuen lehiari zukua ateratzeko premia. Puntuek ez zuten aparteko baliorik, baina ate joka dagoen Espainiako Kopako finalari begira —datorren larunbatean, Bartzelonaren aurka— zerbait eman ziezaiokeen atzoko lehiak. Bada, bi taldeetako zein geratu zen gusturago jakitea ez da erraza. Akaso, ez bata ez bestea. Alavesi etxetik kanpo puntu bat irabazteak zerbaitetarako balio badio, bada, horixe. Athletici atea hutsean utzi eta banakako huts handirik egin ez izanak balio badio, gaitz erdi.

Neukerta txarra izan zen. Joko ona baino gol aukera garbi gehiago izan zituen. Bai Athletici eta bai Alavesi asko kostatzen zaie jokoa sortzea. Zelai erdian gabeziak dituzte, eta San Mameseko lehia ez zen salbuespena izan. Marcelinok hamar aldaketa egin zituen hamaikakoan. Jokalari guztiak aldatu zituen, Anoetan huts larria egin zuen Unai Simon izan ezik. Callejak, berriz, gauza batzuk aldatu gura dituela erakutsi zuen. Atzealdean, badirudi Tachik aurrea hartu diola Laguardiari; zelai erdian Peleteirok jokatu zuen Edgarren partez; eta aurrean, Lucas itzuli zen hamaikakora.

Hala ere, ia betikoa izan zen onena: Pacheco. Babazorroen kapitaina izan zen derbiko protagonista nagusia. Hiru geldiketa bikain egin zituen atea hutsean uzteko.

Kontuak kontu, lehen ordu laurden epelaren ostean, Athleticek hartu zuen neurketaren aginte makila. Morcillo izan zen lehen bi jokaldi arriskutsuetako protagonista. Harrobiko jokalariak ezker hegaletik egin zuen lehen jokaldian, leku barik gelditu zen, eta haren ezkerkada kanpora joan zen. Bigarren agerraldia askoz arriskutsuagoa izan zen. Areaz kanpotik jaurtitako ezkerkadak dardarka jarri zuen Pachecoren langa. 16. minutua zen. Lau minutu geroago, Sancetek izan zuen Athletic aurreratzeko aukera garbia. Vesgak egindako pasea kontrol bikaina eginez baliatu zuen Tachi gainditzeko, eta, Pachecoren aurrean bakarrik geratu zenean, atezainak eskuin eskuarekin gelditu zion jaurtiketa. Athleticen minuturik onenak ziren.

Baina, lehen zatiak aurrera egin ahala, talde babazorroak aurrerapausoa eman zuen. Lucas eta Joselu gehiago sartu ziren jokoan, eta horrek arnasa eman zien babazorroei. Arnasa bakarrik ez, gola sartzeko gai ere izan ziren, baina epaileak baliogabe utzi zuen Joseluk buruz sartutako gol bikaina. Jokaldiaren hasieran, Lucas Perez jokoz kanpo zegoen, eta hala jakinarazi zion Melero Lopezi VAR-ak.

Bigarren zatia aukera gutxiagokoa izan zen. Hamargarren minutua bete orduko, Lejeunek sartu zuen gola, baina, erdiko atzelariak Joseluk emandako pasea errematatu zuenean, jokoz kanpo zegoen. Eztabaida gutxiko jokaldiak izan ziren epaileak balio gabe utzi zituen bi golak. Baina, ordurako, Marcelino ez zegoen lasai. Erasoko lau jokalariak aldatu zituen, eta, horri esker, zuri-gorriek neurketaren kontrola berreskuratu zuten. Hain zuzen ere, azken minutuetan izan zituzten azken bi gol aukera garbiak. Unai Nuñezek area txikian buruz egindako errematea atzamar puntaz urrundu zuen Pachecok, eta Berenguerrek 88. minutuan izan zuen aukera ere argia izan zen oso. Willliamsen paseak bakarrik utzi zuen nafarra area barruan, baina jaurtiketa eskuin oinarekin atera zuen Pachecok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.