Oscar Wetlund. Osloko Metropolitan Unibertsitateko irakaslea

«Gailu bakoitzarentzako eduki propioak sortzea ez da erraza hedabideentzat»

Europako herritarrak gero eta kateatuago daude sakelako telefonoekin, Wetlundek egin dituen ikerketen arabera. Komunikazio enpresentzat, ordea, arazoa da, iragarkien diru sarrerak ez baitira handiak.

urtzi urkizu
2018ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Sakelako telefonoek komunikabideetan sorrarazi duten iraultzaren inguruan egin zuen doktore tesia Oscar Wetlundek (Lund, Suedia, 1979). Kazetaritzako aldaketen inguruko hainbat ikerketa argitaratu ditu; eskolak emateaz gain, Osloko Metropolitan Unibertsitateko kazetaritza digitaleko ikerketa taldean ari da. Joan den astean, Bilbon izan zen Wetlund hitzaldi bat ematen, EHUk antolatutako Ziberkazetaritzaren X. Kongresuan.

Zeintzuk dira sakelako telefonoek kazetaritzan eragin dituzten aldaketarik nabarmenenak?

Aldaketa asko izan dira, eta azkeneko urteetan, are gehiago. Duelagutxi arte, hedabideen webguneen edo SMS zerbitzuen bitartez jasotzen ziren telefonoetan berriak. Responsive webak eta aplikazioak iritsi dira gero. Sare sozialek, era berean, asko konektatu dituzte erabiltzaileak hedabideetako albisteekin. Azkenaldiko aldaketekin lotuta, Instagram, Whatsapp eta Snapchat aipatu beharko lirateke. Herritarrek gero eta gehiago erabiltzen dituzte sakelako telefonoak, eta horrek eragina du albisteen kontsumoan. Jendeak egoera berrietan irakurtzen ditu berriak orain: garraio publikoan, hondartzan... Edukiak zabaltzen dituztenei dagokienez, bideoblogak eta zuzeneko emankizunak ugaritu dira, eta horietako zenbait sakelako telefonoekin egiten dituzte. Arazoa da komunikazio enpresentzat iragarkietako diru sarrerak ez direla nahi bezain handiak.

Komunikabide gehienak asmatzen ari al dira kazetaritza mugikorrera egokitzen?

Joko arriskutsua da oro har hitz egitea, baina esango nuke ezetz. Herritarrek sakelakoetan, tabletetan, mahaiko ordenagailuetan eta ordulari berrietan kontsumitzen dute, eta gailu bakoitzarentzako propio egindako edukiak sortzea ez da erraza. Enpresa bakoitzak ikusi behar du non inbertitu diru gehien.

Sakelakoen kontsumoak bizkor hazten jarraituko al du?

Herrialdearen eta adin tartearen arabera, datuak desberdinak dira.Gure ikerketen arabera, Europako herritarrak gero eta kateatuago daude sakelakoekin, eta egunean askotan kontsultatzen dute.

Sakelakoetako albiste kontsumoa handitu arren, paperezko egunkariek iraungo al dute datozen urteetan?

Paperezko egunkariek arrakasta izaten jarraituko dute adin bateko herritarren artean eta gizarteko sektore batzuetan. Baina paperak kostu ekonomikoak ditu enpresentzat, eta etorkizunean litekeena da paperezko egunkariak soilik asteburuan argitaratzea. Komunikazio enpresek dituzten diru sarrerak nondik datozen erabakigarria izango da. Horrek baldintzatuko du paperaren maiztasuna.

Kazetaritza munduan badira salbuespen bereziak, ezta?

Bai; esate baterako, The Washington Post egunkaria. Jeff Bezos aberatsak erosi zuen, aldaketak egin zituen, eta, harpidetza digitalei esker, aurrera ari da egiten.

Ingelesez argitaratzen diren hedabideak mundu osoan zabaldu daitezke. Zer esango zenuke hizkuntza gutxituetan ari diren komunikabideen etorkizunaz?

Hizkuntza gutxituetako komunikabideek ez dute derrigor mundu digitaleko unean uneko joerei jarraitu beharrik. Beste modu batean aritu daitezke, eta konpainia komertzialen bideetatik aparte joka dezakete.

Irene Costera Meijer Amsterdamgo Unibertsitateko ikerlariarekin batera aritu zinen Bilbon. Haren ustez, kazetarientzat funtsezkoa da herritarrei tentuz entzutea. Ados zaude?

Bai, komunikabideen audientziak ulertzea zer garrantzitsua den plazaratu zuen, eta hala iruditzen zait niri ere. Ikerlarientzako tesi interesgarriak azaldu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.