ORAINDIK HARRAPATUAGO

Caixabank, lehengoaz gain, bi euroko komisio bat kobratzen hasi zaie bezero ez direnei, bere kutxa automatikoetan dirua ateratzeagatik. Banku gehiagok bide hori segitzeko asmoa dute. Kontsumitzaile elkarteak haserrearazi ditu neurriak.

Arnaitz Lasarte.
2015eko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Komisioek, berriro ere, aurrez aurre jarri dituzte bankuak eta kontsumitzaile elkarteak. Azken urteetan, kontsumitzaileen salaketa gehien jaso duen sektorea izan da finantzena, telekomunikazioen atzetik. Bada, badirudi ranking horretan goian segituko duela. Izan ere, erabiltzaile ugari haserrearazi ditu bankuek azkenaldian hartutako neurri batek. Martxoan, Caixabank bere kutxa automatikoetan dirua ateratzeagatik komisio bikoitza kobratzen hasi zitzaienbere bezero ez direnei, eta bide bera segitu asmo dute BBVAk edo Santanderrek. Orain arteko komisioa ez ezik, beste bi euro kobratu nahi dituzte. Kontsumitzaileen elkarteen arabera, legez kanpoko gehigarria da hori. Ondorioz, esku hartzeko eskatu diote Espainiako Bankuari; kontsumitzaileei, berriz, ostu dietena itzul diezaien erreklamazioak egiteko.

Orain arte, ordaindu behar izatekotan, komisio bakarra ordaindu behar zen txartelaren igorlea ez den banku batean dirua ateratzeagatik. Hain zuzen ere, 0,65 eta 1,50 euro artean. Komisio hori ez zuten kobratzen kutxa automatikoaren jabe ziren bankuek, txartelaren igorle zirenek baizik; horiek ehuneko txiki bat ematen zioten gero, dirua ateratzen zen kutxa automatikoaren jabeari.

Sistema hori, ordea, hankaz gora jarri zuen Caixabankek, martxoan: lehengoaz gain, bi euroko komisioa kobratzen hasi zitzaion bere kutxa automatikoetan dirua ateratzen zuen bakoitzari, baldin eta bere bezeroa ez bazen. «Neurri logikoa iruditzen zaigu, kutxa automatikoak berritzeko 500 milioi euroko inbertsioa egitea erabaki ondoren», argudiatu zuen joan den hilean Caixabankeko ordezkari Gonzalo Gortazarrek.

Antzeko argudioa erabili du BBVAk Caixabanken bideari jarraitzeko. Ukatu egin du besterik gabe dirua biltzea dela helburua, eta azaldu du neurriaren bidezbezeroentzat «erabilgarriago» egongo direla kutxa automatikoak. Datorren hilean hasiko da komisio bikoitza kobratzen. Santander, geroago: urrian. Hiru finantza erakunde horienak dira Espainiako kutxa automatikoen erdiak; gutxiago, Euskal Herrian.

Beste zenbait bankuk iragarri dute ez dutela beren asmoen artean komisio bikoitza ezartzea. Besteak beste, Kutxabankek. Are gehiago, aste honetan hainbat hedabidek zabaldu dutenez, Kutxabank eta beste zazpi finantza erakunde akordio bat lortzeko bidean dira, elkarren kutxa automatikoetan bezeroei ez kobratzeko. Akordio horretan leudeke Euro6000 sareko beste bost banku —Unicaja, Abanca, BMN, Ibercaja eta Liberbank—, eta Serviredeko Bankia eta Banco Sabadell.

Deia Espainiako Bankuari

Caixabankek neurria iragarri zuenetik, kontsumitzaileen elkarteak izan ditu aurrez aurre. Haien arabera, bi euroko komisioa «legez kanpo» ari da kobratzen. Kontsumitzaileen babeserako araudian oinarritu dira. Araudi horren arabera, zerbitzu berarengatik ezin zaizkie bi komisio kobratu erabiltzaileei. Hori dela eta, Espainiako Bankuari eskatu die neurriak hartzeko, jarduera horiek indarrean dituzten bankuen aurka. Adicae bankuen erabiltzaileen elkarteak aste honetan bertan 80.000 sinaduratik gora aurkeztu dizkio.

Komisioen polemikaren harira, Espainiako Bankuak ohar bat kaleratu zuen uztail amaieran. Oharra irakurrita, esan daiteke erakunde horren mezuak bat egiten duela kontsumitzaile elkarteenarekin: «Espainiako Bankuak uste du kutxa automatiko batetik dirua ateratzea zerbitzu bat soilik dela, txartel igorlea den bankuaren kutxa batean atera dirua, edo beste erakunde batenean atera. Ondorioz, behin soilik kobra daiteke». Oharrean azaldu zuenez, finantza sektoreko zenbait erakunderi idatzi bat bidalia zien «beharrezko» neurriak hartzeko eskatzeko, komisio bat soilik kobratzea bermatzeko.

Espainiako Bankuko gobernadore Luis Maria Lindek adierazi berri du bankuek ohartarazpen horiei kasu egin ezean «egoki» irizten dion moduan jardungo duela bere erakundeak. Hori bai,dituen «eskumenen» barruan: «Bankuen gainbegiralea gara, eta ez justizia auzitegi bat».

Kontsumitzaile elkarteen arabera, ordea, «legez kanpo» dihardutenak zigortzea ere bada erakundearen betebeharra. Hori dela eta, Facua kontsumitzaileen elkarteak «pasibotasunez» jokatzea egotzi dio: «Sei hilabete igaroak dira Caixabank komisio bikoitza kobratzen hasi zela, eta oraindik ez dute neurririk hartu». Espainiako Bankuari ez ezik, erkidegoetako erakundeei ere erreparatu die elkarteak. Nabarmendu du haiek ere badutela kontsumitzaileen babeserako neurriak hartzeko eskumena .

Hala ere, sortutako «zurrunbilo mediatikoa» dela eta, Facuak uste du bankuek ez dutela luzaroan segituko bigarren komisioa kobratzen. Elkartea, hala ere, beldur da bi komisioak batuko ez ote dituzten. Facuaren arabera, litekeena da finantza erakundeek kutxa automatikoen erabileraren inguruan berriro negoziatu, eta lehen baino gehiago kobratzea zerbitzu berarengatik. Garestitzea eragozteko, gehieneko kopurua lege bidez erregulatzeko eskatu du. Bestelako komisioen inguruan ere eskaera bera egin izan du elkarteak, baina orain arte ez diote jaramonik egin izan.

Komisio handienak

Komisioen inguruko eztabaida ez da berria. Zenbait ikerketen arabera, Europako herrialdeen artean, Espainiako eta Hego Euskal Herriko kontsumitzaileek ordaindu behar dituzte komisio handienak, bezero ez den finantza erakunderen batean dirua ateratzeko. Kelisto.es webguneak iaz aurkeztu zuen gaiari buruzko azterlan bat. Bada, ordurako Espainia lehen postuan zegoen ranking horretan, nahiz eta bi euroko komisioa oraindik indarrean ez egon. Batez beste, 2,5 euro ordaintzen zituen erabiltzaileak zerbitzuarengatik, EBko herrialdeetako batez bestekotik gora —1,4 euro—.

Sailkapen horretan, Espainiaren atzetik daude Alemania —2,2 euro—, Italia —1,95 euro— eta Frantzia —euro bat—. Erresuma Batuan, Herbehereetan eta Suedian, berriz, herritarrek edozein kutxa automatikotan atera dezakete dirua, komisiorik ordaindu gabe.

Beste zenbait datu esanguratsu ere bildu zituzten txostenean. Esaterako, finantza sektoreak urtean hiru mila milioi eurotik gora jasotzen dituela bankuetako txartelei ezarritako komisio eta kuoten bidez. Kutxa automatikoen mantenurako, ordea, askoz kopuru txikiagoa erabiltzen dute, ikerketaren arabera. Laurdena inguru: 840 milioi euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.