Kontrario gogorrekin topo egingo dute bidean

Athletici Bartzelona egokitu zaio Kopako final-zortzirenetan; Realari, Atletico Madril. Biek etxean jokatuko dute kanporaketako partida

Vesga eta Frenkie de Jong, iazko Kopako finalean. JULIO MUÑOZ / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Zozketek gutxitan uzten dituzte denak konforme. Bada, Athleticek eta Realak ez zuten zortea alde izan atzo, Espainiako Kopako final-zortzirenetarako zozketan. Bi euskal taldeak aurkari gogorrekin topo egingo dute. Zuri-gorriek Bartzelonaren aurka jokatu beharko dute; txuri-urdinak, berriz, Atletico Madrilen aurka lehiatuko dira. Hori bai, Athleticek eta Realak gutxienez etxean jokatuko dute kanporaketako neurketa bakarra, San Mamesen eta Anoetan, hurrenez hurren. Bi neurketak urtarrilaren 19an edo 20an izango dira, Athleticek eta Atletico Madrilek aurretik Espainiako Superkopa jokatuko dutelako Real Madril eta Bartzelonarekin batera, Saudi Arabian.

Athletic eta Bartzelona lagun zaharrak dira Kopan; 27. aldiz lehiatuko dira elkarren aurka txapelketa horretan, seigarrenez final-zortzirenetan. Partida horietatik zortzitan gailendu dira zuri-gorriak; hemezortzitan kataluniarrak. Azkenekoz, iazko Kopako finalean (0-4). Marcelino Garcia Toralen taldeak mendekua hartu nahi du Bartzelonari gailenduta.

Reala eta Atletico Madril lehiaketan sarri gurutzatu ez diren arren, zerrenda ez da hain laburra. Duela 33 urte neurtu zituzten indarrak azkenekoz, final-zortzirenetan, eta espainiarrak nagusitu ziren lehia hartan. Aurretik jokatutako hamar partidetatik lautan gailendu dira donostiarrak; neurketa horietako bat txuri-urdinek buruan ongi iltzatuta izango dute: 1986-87ko denboraldian, Realak bere historiako bigarren Kopa irabazi zuen, Atletico Madril penaltietan 4-2 mendean hartuta.

Bigarren Mailako aurkariak

Hori gizonezkoetan. Emakumezkoetan, Kopako hirugarren kanporaketako zozketa egin zuten atzo. Alavesi, Eibarri eta Athletici Bigarren Mailako taldeak tokatu zaizkie. Arabarrek Espanyolen zelaian jokatu beharko dute; kataluniarrak iaz jaitsi ziren maila nagusitik, eta laugarren doaz sailkapenean. Gipuzkoarrek Alhama bigarren multzoko liderrari bisita egin beharko diote, Murtzian (Espainia). Azkenik, bizkaitarrak Racingen zelaian arituko dira, Santanderren (Espainia). Neurketak urtarrilaren 26an eta 27an jokatuko dira, eta, gizonezkoenak bezalaxe, partida bakarrera izango dira. Realak, berriz, hurrengo kanporaketan ekingo dio Kopako ibiliari; txuri-urdinek bosgarren postuan amaitu baitzuten aurreko sasoian ligan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.