Logikaren indarra

Alavesek ordubete luzez eutsi dio Bartzelonari, baina Messik eta Coutinhok eragotzi dute gasteiztarrek punturen bat urratzea. Pacheco nabarmendu da

Abelardo Fernandez Alaveseko entrenatzailea, jokalariei aginduak ematen, atzo, Camp Noun jokatutako partidan. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
Julen Etxeberria.
2018ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
BARTZELONA 3 ALAVES 0

Golak. 1-0: Messik (64. min.). 2-0: Coutinhok (83. min.). 3-0: Messik (92. min.). Epailea. Sanchez Martinez. Txartel horiak: Alaveseko Dani Torresi eta Maripani. Bestelakoak. 52.356 ikusle inguru Camp Noun.

Talde guztiek mimo handiz prestatu ohi dute denboraldiko lehen partida. Garrantzi handia ematen diote sasoia irabaziz hasteari. Estreinakoan garaipena lortzeak konfiantza handia eman ohi du. Sasoi-aurrean egindako lana probetxuzkoa izan dela indartzeko balio du. Alavesen aspaldi zekiten oso zail izango zutela halakorik lortzea. Egutegia zozkatu zenean ohartu ziren lehenbiziko erronka horren zailtasunaz. Egungo txapeldunaren aurka jokatuko zuten aurreneko neurketa, Bartzelona ahaltsuaren kontra, non eta haren zelaian. Hala ere, itxaropentsu ziren gasteiztarrak. Duela bi urte, garaipen handia lortu zuten Camp Noun, eta pasa den sasoian, gogotik sufriarazi zuten Kataluniako taldea. Baina Messik azken unean faltaz sartutako gol batek saririk gabe utzi zituen.

Atzo ere ordu luzez eutsi zioten itxaropenari, berriro Messik falta jaurtiketa bati esker esperantzarik gabe utzi zituen arte. Argentinarrak sartu zuen Bartzelonaren lehen gola, 64. minutuan. Oso nagusi ziren etxekoak jokoan, baina ordu arte ez ziren gai izan Pachoren atea zulatzeko. Makina bat aukera izan zituzten gola sartzeko, baina alferrik, langak eta Alaveseko atezainak eragotzi zituzten guztiak. Messik gola sartuta, ordea, aurrerapausoa eman zuen Bartzelonak. Hala, Coutinhok bigarren gola sartu zuen 84. minutuan, eta Messik errematea eman zion Gasteizko taldeari, neurketa amaitzear zela.

Betiko oinarriari eutsita

Zaila da atzokoa bezalako partida hain desorekatuan Alavesek denboraldi honetan egin dezakeenaren inguruan ondorioak ateratzea. Horretarako, askoz fidagarriagoa izango da hurrengo larunbatean Mendizorrotzan, Betisen aurka jokatuko duen lehia. Are gehiago, kontuan hartuta aurreko sasoian mailari eusteko gakoa etxean erakutsitako sendotasuna izan zela: Abelardo Fernandezen aginduetara, 36 puntutatik 25 batu zituen Gasteizko taldeak.

Hori bai, atzo oso argi geratu zen Abelardok lehengo lepotik duela burua taldeak egin behar duen jokoari dagokionez. Uste osoa du aurreko sasoian Alavesi mailari eusteko balio izan zioten oinarrietan: sendotasuna, elkartasuna, lanerako grina eta bizitasuna. Defentsan lerroak batuta izan eta laguntzak eskaintzea, eta erasoan bizkor jokatu eta aurkariaren hutsuneak baliatzea. Horra jokalarien egitekoa ideia hori aurrera eramateko. Ez dirudi Abelardori asko kostako zaionik jokalariei pentsamendu hori buruan sartzea. Hasteko, eta agerian geratu denez, ez du iraultzarik egingo taldean. Atzo, adibidez, fitxaketa bakarra besterik ez zen izan hasierako hamaikakoan: Jony Rodriguez. Beste hamar jokalariak taldean zeuden aurreko sasoian. Beraz, ondo barneratuta dute egitekoa. Atzo, saiatu, saiatu ziren, baina alferrik. Izango dute aukera gehiago eta hobeak euren gaitasuna erakusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.