Sestao River 0-4 Athletic

Handienak, bere legea

Athleticek nagusitasunez irabazi du Sestaon, eta aurrera egin du Espainiako Kopan. Oso agerian geratu da bi taldeen artean dagoen alde handia

Asier Villalibre eta Yuri Berchiche, aurrelariak sartutako gola ospatzen, partidako lehena, atzo, Las Llanas futbol zelaian. Bina sartu zituzten. JUANAN RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Villalibrek (27.min.). 0-2: Yurik (34. min.). 0-3.: Villalibrek (70.min.). 0-4: Yurik (90. min.).Epailea. Cordero Vega. Txartel horiak Sestaoko Gagori eta Villarri. Bestelakoak. Bete egin zen Las Llanas: 8.900 ikusle inguru.

Ezustekorako tarterik zabaldu gabe. Athleticek mendean hartu zuen atzo Sestao River, eta Espainiako Kopako final-hamaseirenetarako sailkatu zen. Bizkaitarren arteko derbian bere legea ezarri zuen gorengo mailako taldeak; lehen zatian bi gol sartu, eta garaipenaren bidean jarri zen. Partida serioa egin zuten Gaizka Garitanoren jokalariek; zenbait jokalari sukarrarekin egon ziren atzo goizean, eta horrek atzeratu egin zuen deialdia. Halere, lehen taldeko jokalariekin jokatu zuten zuri-gorriek, eta nagusi izan ziren.

Bi taldeek aldagai komun bat izan zuten Las Llanasen: lana. Gogotsu zelairatu ziren biak. Beste bi aldagaiak bakoitzak beretik jarri zituen, lehia bizitzeko; aurkariarenganako errespetua Athleticek, eta ilusioa River Sestaok. Bilboko taldeak zelaian erakutsi zuen izerdiaren bidetik erdietsiko zuela garaipena. Partida kontrolpean izan zuenean ere ez zen erlaxatu.

Ilusioak, ordea, ez zien askorik iraun sestaoarrei. Gogor hasi ziren zelaian, eta lehen minutuetan bi txartel hori ikusi zituzten. Huraxe zuten zuri-gorriak geratzeko modu bakarrenetakoa, baina ez zien luze iraun.

Hogeigarren minutua bete aurretik, bisitariak aurretik ziren markagailuan; Ibai Gomezek bizkor atera zuen falta bat, ezker hegalera, eta Yuri Berchicek Sestaoko jokalariak atzean utzi eta penalti puntura erdiratu zuen. Han zen bakar-bakarrik Asier Villalibre, eta aurrelari gernikarrak sarera bota zuen baloia.

Hurrengo minutuetan, ireki egin zen bi taldeen arteko arrakala; %70etik gorako baloi jabetzarekin, erasora emana egon zen Garitanoren taldea. Hiruzpalau gol sartzeko moduan egon zen lehen zatian, baina beste bat soilik lortu zuen. Yuri izan zen golegilea; Iñigo Martinezek lerro arteko pasea eman zion zarauztarrari, eta haren lasterkaldiari segitu ezinik geratu zen Gago. Barandiaran atezainaren gainetik baloia loratu, eta 0-2koa egin zuen Yurik.

Bi golen errentarekin, nahieran aritu zen Athletic atsedenaldira iritsi bitartean. Itzuleran ere, lehengo lepotik burua izan zuen partidak. Zuri-gorriek aldea handitzeko aukera izan zuten hasieran, baina Beñat Etxebarriaren jaurtiketa kanpora joan zen.

Hurrengo minutuetan, erritmoa bizitu zuten Garitanoren jokalariek, eta, hain justu, Igorrekoak hirugarrena egiteko aukera izan zuen 60. minutuan. Iñaki Williamsek atzerako pasea eman zion, eta, area barruan zela, astindu egin zuen baloia Beñatek. Gelditu bikaina egin zuen Barandiaranek; partida ona egin zuen Sestao Riverreko atezainak.

65. minutuan iritsi zen Athleticentzat garaipenaz haragoko berri ona. Ia bi hilabete min hartuta egon eta gero, lehen minutuak jokatu zituen Iker Muniainek. Harekin, aurrerapausoa eman zuen Athleticek, eta partida erabakita utzi zuen 67. minutuan, Villalibreren bigarren golarekin. Azken unean, Yurik borobildu egin zuen bere partida ona. Athleticen laugarren gola sartu, sailkapena ziurtatu, eta ametsetik esnatu zuen Sestao River.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.