REALA 1 BARTZELONA 2

Ezin izan du festa biribildu

Realak galdu egin du Bartzelonaren aurka, eta ezin izan dio errematea eman Anoetaren estreinaldiari eta Agirretxen agurrari. Etxekoek sartu dute lehen gola, baina bisitariek irauli egin dute emaitza

jon eskudero
Donostia
2018ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Aritz Elustondok (12. min). 1-1: Luis Suarezek (63. min). 1-2: Dembelek (66. min). Epailea. Sanchez Martinez. Txartel horiak: Realeko Illarramendiri; eta Bartzelonako Umtitiri. Bestelakoak. 26.756 ikusle Anoetan. Urrezko eta diamantezko intsignia eman zioten Imanol Agirretxeri, eta lehen gola sartu zuen.

Anoetaren estreinakoa, Imanol Agirretxeren omenaldia, Aritz Elustondoren lehen gola estadio berrian... Dena bikain zihoan Realaren eta Bartzelonaren artekoan partida amaitzeko ordu erdi eskas falta zela. Baina azken ordu erdian etxekoen festa zapuztu zuen Bartzelonak, eta puntu alerik gabe geratu behar izan zuen Realak. Ez zuen merezi izan, partidaren ia arlo guztietan aurkaria baino hobea izan baitzen Asier Garitanoren taldea. Lehen zati onaren ondoren, gainera, aurretik iritsi zen atsedenaldira. Ordea, barkatzen duenak garesti ordaintzen du, eta bost minutu aski izan zituen Bartzelonak garaipena poltsikora eraman eta txuri-urdinak aho zapore txarrarekin uzteko.

Hasierako hamaikakoan zelai erdiko jokalari ugari atera zituen Garitanok: Zubeldia, Illarramendi, Pardo, Zurutuza eta Oiartzabal, hurrenez hurren. Ez zegoen argi nolako eskema erabiliko zuen, baina gauza interesgarriak ikusi ziren lehen minutuetan. Pardok presioa egitera mugatu zuen bere jokoa. Illarramendi, berriz, jokoa antolatzen eta paseak mozten jardun zen. Zubeldia eta Zurutuza, azkenik, hegaletara zabalduz aritu ziren. Bi taldeek errespetu handia azaldu zioten elkarri hasieran, eta inor ez zen gai izan erasora arriskuz iristeko. Dena den, azkar iritsi zen lehen gola, Realaren mesederako. Baloi geldian, nola ez. Illarramendik falta atera, eta aldaratze bat baliatuta sarera bideratu zuen baloia Aritz Elustondok, hamabigarren minutuan. Gogoz ospatu zuen, Aitor Zabaleta harmailan ziren jarraitzaileekin batera.

Golaren ondoren, Bartzelona egin zen baloiaren jabe, baina hori ez zitzaion deseroso egin Realari. Iragan sasoian ez bezala, oinetan baloirik ez zuenean ere gustura aritu ziren txuri-urdinak, tokirik galdu gabe. Azken bi asteotan selekzioen arteko partidak egon direla eta, freskotasunik gabe jokatu zuen Bartzelonak, baina Reala bera ere bikain aritu zen arlo taktikoan. 4-4-2ko marrazkia erabilita, lerro guztiak ezin hobeto kokatu zituen defentsako lanean, eta kataluniarrak nahi eta ezin aritu ziren. Defentsan, Zubeldia nabarmendu zen, hainbat pase moztu baitzituen. Erasoan, berriz, Oiartzabalen kalitatea izan zen Realaren ihesbidea.

35. minutuan iritsi zen Bartzelonaren lehen gola sartzeko aukera, korner batean. Piqueren burukada zutoin ondotik kanpora joan zen. Hortik gutxira, Rakiticek izan zuen bigarren aukera, hark ere buruz, baina ez zuen asmatu. Messi, bestalde, agertu ere ez zen egin lehen zati osoan. Zaleek txaloka agurtu zuten Reala atsedenaldirako bidean, baina bazekiten arriskutsua izan zitekeela bigarren zatia, aurkariak esnatzen baziren, behintzat.

Eta ez zuten arrazoi faltarik. Izan ere, Coutinhoren eta Busquetsen zelairatzeekin aldarte hobea azaldu zuen bigarren zatian Ernesto Valverderen taldeak. Goraka egin zuen, golaren bila, eta batez ere Theo Hernandezen hegaletik saiatu ziren behin eta berriz. Defentsan lan eskasa osatu zuen ezker hegaleko atzelariak. Bazirudien gertu zegoela kanpotarren gola, baina berriro ere Garitanoren eskua nabaritu zuen txuri-urdinen jokoak. Kontraerasoan bikain aterata, hiru aukera izan baitzituen bata bestearen jarraian. Oiartzabal izan zen barkatzen lehena, eskuin oinarekin gora joan baitzitzaion jaurtiketa. Theo bera izan zen protagonista ondoren, baina Ter Stegenek geratu zion jaurtiketa. Hirugarren eta azken aukeran, berriz, Juanmik huts egin zuen. Zoratzen zeuden zaleak, Reala estutzen ari zelako Bartzelona.

Baina azkar isildu zen txalo hotsa, ezerezetik bi gol sartu baitzituzten kataluniarrek bost minutuan. Biak iritsi ziren kornerren bitartez. Lehenengoan, baloia trabatuta geratu zen area txikiaren barruan, eta Luis Suarez izan zen denetan bizkorrena. Bigarrenean, bestalde, Dembelek sartu zuen gola, Realaren defentsako hutsa baliatuta. Bi goletan Rullik gehiago egin zezakeen. Iragan denboraldiko mamuak ezin uxaturik, eskas antzean aritu zen argentinarra. 1-2koa kolpe gogorra izanagatik, berdintzen saiatu zen jo eta su Garitanoren taldea. Juanmik bi aukera eder huts egin zituen, eta, hala merezi izan ez arren, galdu egin zuen Realak. Hortaz, sailkapenean lau punturekin jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.