Valentzia 1-0 Eibar

Aurkariak duena falta

Galdu egin du Eibarrek Valentzian, bigarren zatian itxura ona eman badu ere. Berdintzeko aukera izan du, baina baita gol gehiago jasotzeko arriskua ere

Valentziako Rodrigo aurrelaria erremate bat egiten, atzo, Eibarko Sergio Alvarezen, Tejeroren eta Enrichen artean. JUAN CARLOS CARDENAS / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Maxi Gomezek (27. min.) Epailea. Hernandez Hernandez. Txartel horiak: Valentziako Wassi; eta Eibarreko Charles eta Oliveirari (2). Txartel gorria: Eibarreko Oliveirari (90. minutuan). Bestelakoak. 39.702 ikusle Mestallan; tartean, Eibarreko zale batzuk.

Futbolean ondo jokatzeko, bada ezinbesteko baldintza bat: baloia menderatzen jakitea. Eibarreko jokalariak Lehen Mailakoak dira, baina liga berean badaude arlo horretan lehenengo mailan daudenak. Valentziako jokalari ia denak, adibidez. Atzo elkarren parean jarri zituen egutegiak, Valentzian, eta baloia lagunari ematen, baloia kontrolatzen, jaurtiketa eta erdiraketa zehatzak egiten sekulako aldea dagoela geratu zen agerian. Etxekoak trebe, eibartarrak ez hainbeste. Eta ezberdintasun hori erabakigarria izan zen emaitzan. Izan ere, bi taldeak askotan ibili ziren bestearen arearen inguruan, eta etxekoek ia beti aukera sortu zuten bitartean, Eibarrek batzuetan bakarrik lortu zuen hori. Trebezia hori eduki egiten da edo ez da edukitzen, eta horregatik falta izan zitzaion atzo zailena Eibarri: aurkariak duena edukitzea.

Gabezia horri aurre egiteko, ezinbestean behar du izan borrokalaria talde batek, eta Jose Luis Mendilibarren taldea bada. Atzo, sei jokalari garrantzitsu falta arren, eta bigarren taldeko bat erabili beste aukerarik eduki ez arren —Miguel Atienza erdilariak debuta egin zuen Lehen Mailan, 65. minutuan zelairatuta—. Nahi eta nahi ez aurkariari gauzak zaildu egin behar izaten dizkio horrelako talde batek, eta atzo Eibarrek bigarren zatian bakarrik estutu zuen etxeko taldea.

Aurrenekoan nahieran moldatu ziren Albert Celadesen jokalariak, eta kanpotarren goiko presio ahula erraz gainditu eta gero, nahi bezala sortu zituzten jokaldiak eskuin hegaletik. Handik egindako erdiraketa bat buruz errematatuz sartu zuen partidako gol bakarra Maxi Gomezek, 27. minutuan. Lehen zatia horrela amaitu zen, baina Valentziak izan zituen aukerak beste pare bat gol ere sartzeko. Lehen erdi horretako azkeneko tartean suspertu zen Eibar, eta gutxienez lortu zuen etxekoen jokoa zailtzea.

Valentziak beste estrategia bat pentsatu zuen bigarren zatirako: baloia aurkariari eman, atzean sartu eta kontraerasoan atera. Eibarrek ondo hartu zuen kontrarioaren eskaintza, eta baloi jabetza txukunak kateatzen hasi zen. Horrek eta aurkaria haren zelaian sartuta egoteak aukera eman zion baloia galtzean presioa goian egiteko. Baita aukera batzuk sortzeko ere. Charlesen burukada eta Pedro Leonen area kanpoko zartakoa dotore urrundu zituen Jaume Domenech etxekoen atezainak. Aukera garbiena Bigasek izan zuen, korner batean, bigarren zatia hasi eta segituan; nahigabe jo zionean baloiari, eta langak galarazi zuen berdinketa. Etxekoak ere ez ziren atzean geratu aukerak sortzen, eta kontraerasoan eduki zituzten garbi batzuk. Asmatu ez, ordea, eta bukaeran sufritu egin behar izan zuten, emaitza estua zelako baizik. Partida amaitu aurretik, Oliveira kalera bota zuen epaileak, bigarren txartel horia aterata.

Lehen itzuli eskasena

Liga berriz ere geratu egingo da datorren asteburuan, Kopako partidak daudelako. Lehen itzulia aztertzerakoan, datu honek ematen du atentzioa: Eibar Lehen Mailan denetik, orain batu du puntu gutxien. 19 dauzka, eta iaz, garai honetan, hiru gehiago zituen. Aurreko denboraldietan, 27, 26, 30 eta 27 zeuzkan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.