Atletico Madril 3-2 Athletic

Bide onean ere galdu

Partida ona jokatu eta bi aldiz aurretik izan arren, azken unean galdu du Athleticek Atleticoren zelaian. 11. partida du segidan irabazi gabe

Athleticeko Iker Muniain jokaldi bat egin nahirik, aurrean Atletico Madrileko Gelson Martins eta Santiago Arias dituela. KIKO HUESCA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2018ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Golak. 0-1:Williamsek (36. min.). 1-1: Thomasek (61. min.). 1-2: Williamsek (64. min.). 2-2: Rodrigok (80. min). 3-2: Godinek (91. min.). Epailea. Sanchez Martinez. Txartel horiak: Atletico Madrileko Diego Costa eta Correari; eta Athleticeko Beñat, San Jose, De Marcos eta Iñigo Martinezi. Gorria Yuriri (lehia amaieran). Bestelakoak. 59.321 ikusle Wandan.

Hiru puntuen jabe sentitu zen atzo Athletic zelai zail batean: Atletico Madrilenean. Puntu bat eskuan izan zuen tartean ere uzta eskasa iruditu izango zitzaion. Azkenean, baina, ez hiru eta ez bat. Azkeneko bolada luze txarraren testuinguruan, are eta zama handiagoa hartu du, 11. partida baitu irabazi ezinda. Hala, ligako inoizko boladarik txarrena berdindu du: 2006koa.

Oso kezkagarria da taldearen joera. Baina atzo eguzkia ere azaldu zen Athleticen azkenaldiko zeru beltzean. Bizirik da taldea. Partida ona jokatu zuten jokalariek, eta konfiantza ez dutela galdu erakutsi. Hainbat baliabide ere badituela azaldu zuen taldeak: goian presio ona egin zuen; atzean ere ondo defendatu zuen; eta, erasoan, gai izan zen baloiaren jabetza luzeak lotzeko, baita kontraerasoan bizi ateratzeko ere. Baloia gordetze horri, baina, ez zaio aparteko garrantzia eman behar, Atletico Madrilek utzi egin baitzion errazegi jokatzen. Deigarria izan zen nola egoera hori gertatu zen etxekoak 0-1 galtzen joanda ere. Horretara jokatzen du.

Berizzo zertara ari den asmatzen zailagoa da, oraintxe kalitate teknikoaren alde egiten duelako, eta hurrengoan indar fisikoaren fabore. Atzo, zelai erdian, Beñat eta Munian batu zituen San Joserekin, eta Williams jarri zuen aurrelari. Ezker hegalean Yuri azaldu zen erasoan, atzetik Balenziagak bizkarra gordetzen ziola.

Plana pikutara joateko zorian egon zen azkar, estu hartu baitzuen etxeko taldeak Athletic aurreneko minutu parean. Gero egin zuen atzera etxeko taldeak, eta baloiaren jabe egin zen Berizzorena. Williamsek gola sartu zuen 36. minutuan, De Marcosek, Susaetak eta San Josek jositako jokaldi batean. San Joseren jaurtiketak langa jo zuen, eta aurrelariak sarera bultzatu zuen baloia.

Azken hamar minutu beltz

Williamsek 0-2koa egiteko aukera izan zuen, baina Oblakek geratu zion, 58. minutuan. Handik hiru minutura, Thomasen zartakoa sarera joan zen, baina aurrelari nafarrak dotore baliatu zuen Muniainen pase zoragarria, kontraerasoan 1-2koa sartzeko. Eroso antzean ibili zen Athletic gero, baina, 80.minutuan, Rodrik buruz egin zuen berdinketa, kornerrean.

Kolpea 91.ean jaso zuen Athleticek, hogei minutu aurrelari gisa ari zen Godinek zalantzazko falta baten bigarren jokaldian garaipena eman baitzion etxeko taldeari. Jokoz kanpo adierazi zuen marrazainak unean bertan, baina VARak zuzendu zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.