Eibar 1-1 Valentzia

Ale bat gehiago

Bigarren berdinketa jarraian egin du Eibarrek Ipuruan, Valentziaren aurka. Ez du norgehiagoka osoa egin

Ivan Ramis, baloiarekin, atzo, Santi Mina Valentziako aurrelaria ondoan duela, atzo, Ipuruan. JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Rodrigok (29. min.). 1-1: Charlesek (56. min.). Txartel horiak: Valentziako Rodrigori. Bestelakoak. 4.491 ikusle Ipuruan. Mendebaldeko harmaila eraitsia denetik, lehen partida izan zen atzokoa

Irabazi ezin denean, ez galtzea garrantzitsua izaten da, eta horixe gertatu zitzaion atzo Eibarri, Ipuruan. Ez zuen partida osoa egin, ez zen aurreko partidetako jokoa egiteko gai izan, eta Valentziak arrisku handia eragin zion, gainera. Ez da puntu txarra atzokoa.

Gertaera askoren lotura izaten dira partidak, eta bigarrenean partida berdintzea lortu bazuen Eibarrek, aurrenekoan bizirik atera zelako izan zen. Nahiz eta ondo ekin zion lehiari, baloiaren jabe eginez eta Valentziaren zelaian jokatuz, kanpoko taldeak azkar erakutsi zion zein zuen indargunea: kontraerasoa. Hogeigarren minututik aurrera, arrisku handia eragin zuten Riesgoren atean, eta horretara heltzeko, Eibarrek ere jarri zuen berea, etxekalte izan bazen ere: hautsi egin zen, tarte handiak zeuden jokalarien eta lerroen artean, eta gainera, kanpotarrak nagusitu egin ziren zelai erdian, bigarren baloien jabe eginez. Ondorioa aukera multzoan gauzatu zen. 21. minutuan, Riesgok sekulako jauzia eginez urrundu zuen Rodrigoren errematea, eta handik bost minutura, Santi Minari itxi zizkion zulo guztiak.

Eibar itzalita zebilen, eta Valentzia argitasunez, eta 29. minutuan, alboko sake batean hasitako jokaldian, gola sartu zuen. Rodrigok egin zuen, atea parean bakarrik baloia joz. Beste bi aukera garbi ere kateatu zituen, eta gutxi behar izan zuen Valentziak partida erabakitzeko.

Eibar hobeto bigarrenean

Etxeko taldeak aldatu beharra zeuzkan gauza asko, eta bai lortu ere. Kanpotarren zelaian jokatzen hasi zen, ohiko jokoa eginez, eta aukera garbietan gauzatu ez bazuen ere nagusitasuna, lortu zuen berdintzea. VARrari esker izan zen, Gayari penaltia adierazi ziolako bideoko epaileak, eskuan ukitu ziolako PeƱaren erdiraketak. Charlesek ez zuen barkatu, 56. minutuan.

Hortik aurrera, minutu onak izan zituen Eibarrek, eta Jose Angelek langara ere bota zuen baloia falta batean. Valentziak kontraeraso zitala ere atera zuen berriz amaiera aldera, baina berdinketa ez zen hautsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.